2012/10/23

TXINTXETAK

MIRESTEN DITUT...TXINTXETAK!

Guztiok miresten dugu norbait. Futbolariak, aktoreak, idazleak, politikariak, marrazkigileak, superheroiak, jainkoak, bakea bultzatzen duten pertsonak, abeslariak, dantzariak, pasteltxoak...Txikitatik norbait mirestera bultzatuak sentitu gara. Aita-amak hasieran, marrazki bizidunetako pertsonaiak gero, telebistako jendea ondoren, abeslariak nerabezaroan... Zergatik norbait miresteko beharra? Zergatik ez ZERBAIT? Galdera psikologiko sakona...

Ba, nik zerbait miresteko gogoa dut. Doala haizea hartzera jende ospetsua. Nik txintxetak miresten ditut. Bai, txintxetak, gelako kortxoan iltzatuta ditugun metalezko perretxikoak. Zergatik txintxetak eta ez kortxoa bera? Ba, hara, kortxoa ez delako paperak iltzatzeko metalezko objektu txikia. Horregatik.

Gustoko ditut txintxetak. Patata tortilla edo kolore berdea gustuko ditudan bezala. Baina ez dut patata tortilla edo berdea miresten. Txintxetak miresten ditut eta arrazoi berezirik ez badut ere, adierazten dutenagatik miresten ditudala uste dut. Txintxetek ez dute aktibitate fisiko handirik. Ez dute jaten, ez dute jolasten... Beraz, ez dira oso entretenigarriak. Horregatik, jendeak ez die kasu handirik egiten. Agian, ume txikiek bai, gustuko dutelako txintxeta zapatako zolan sartu eta ibiltzerakoan zarata ateratzea. Beno, kontua da inor ez dela haietan fijatzen, eta niri oso interesgarriak iruditzen zaizkit.
Miresten dut txintxetek beren lanean erakusten duten jarrera. Paretan iltzaturik, gau eta egun  kexatu gabe, egin beharrekoa behar bezala egiten, mugitu gabe, tinko paretan. Eta ez dira mugituko, ez jauna, indarrez ez bada. Eta bereari eutsiko diote ahalik eta denbora luzeen. Gomendatu zaien lana egingo dute, eta ez dira distraituko ezerekin, telebista aurrean jartzen badituzu ere, bertan jarraituko dute. Leial, serio. Edo agian, txintxetek duten garrantzia miresten dut. Etxerako lanen zerrenda eusten egon daitezke, edo maitasun gutun bat, supermerkatuko zerrenda edo barkamen mezu bat. Eta ohar horiek norbaitek irakurriko dituen edo ez haien esku dago. Txintxeta erori egiten bada, zer? Etxerako lan falta, inoiz adierazi gabeko maitasun sentimendua, erosi gabeko galletak eta haserretutako pertsonak. Horregatik dira garrantzitsuak txintxetak, horregatik miresten ditut. Eta agian, denok izan beharko ginateke txintxetagoak.

2 iruzkin:

  1. ZORIONAK!! Hemendik aurrera beste era batera ikusiko ditut txintxetak!!

    ErantzunEzabatu
  2. Bai ba, txintxetei buruzko idazlan hau idatzi eta gero, txintxeta bat nuen bizikletako gurpilean iltzatuta. Oinez itzuli behar izan nintzen etxera.

    ErantzunEzabatu