2012/10/30

MIRESTEN DUT



MIRESTEN DUT

       
Jende askok miresten ditu telebistako ospetsuak. Hain dira guapoak, modernoak. Askok perfektuak dirudite. Horiek guztiak oso urruneko pertsonak dira eta kontrakoa uste badugu ere, ez ditugu batere ezagutzen, elkarrizketetan eta telebistan antzezten ari baitira.
           
Nire ustez, inguruko jendea miretsi beharko genuke. Egia esan, mirespena merezi duten ezagun asko ditugu. Auzokidea, laguna edota izeba pertsona harrigarriak izan daitezke.

Nik gehien miresten dudan pertsona nire aitona zena da. Oso bizitza gogorra izan zuen. Esate baterako, Gerra Zibilaren ondorio latzak jasan behar izan zituen, baina ekinaren ekinez aurrera atera zen.



Bere gurasoak artzain nahiko txiroak ziren eta bost anai-arrebetako zaharrena izanik hamaika urterekin ikasketak utzi eta lantegi batean lanean  aritu zen. Patu gogorra benetan. Baina nahiz eta ikasketa gutxi izan, bizitzak asko irakatsi zion.

Gaztea zenean, nire amona zenarekin ezkondu eta Lasarteko baserri bat eta behi batzuk erosi zituen esnea saltzeko. Ondoren, bederatzi seme-alaba izan zituen eta lan eta sakrifizioarekin denei berak izan ez zituen ikasketak eta unibertsitatea ere ordaindu zizkien. Nire ustez,  benetan harrigarria da nola moldatu zen behietatik hainbeste diru lortzeko.

Seme-alaba horietako batetik ni jaio  nintzen eta oso ondo portatu zen nirekin. Bizitza gogor horren ostean, beti  irribarretsu eta umore oneko zegoen. Mirestekoa benetan! Aitonari nire lehengusu-lehengusinek jotzen zuten musika dantzatzea gustatzen zitzaion eta beti laguntzeko prest zegoen. Gizon harrigarria benetan!

2012/10/29

URRIAK 11


URRIAK 11


Aurtengo urriaren 11n Ikasle Abertzaleak taldearen deialdiari jarraituz, greba egin behar zela erabaki zuten gure eta beste eskola askotako ikasleek. Nik buruan neukan duela aste gutxi, irailaren 27an, greba orokor handia egin zela. Eta zer eragin izan zuen honek? Bada, nik uste greba egin zutenek egun horretako soldata galdu zutela eta gobernuak diru hori daukala ez dakit zer egiteko.

Greben inguruan asko eta asko hitz egiten da: zer eragin daukan, gure haserrea adierazteko modu bakarra dela, ausarta izan behar dela greba egiteko… Baina zoritxarrez nire ustea da agintariek guri barre egiten digutela. Greba egin eta ondorengo egunean betiko eztabaidak sortzen dira: greba deialdia antolatzen dutenek ehuneko laurogeiko parte hartzea izan dela esaten badute, gobernuak berriz ehuneko hamabosteko parte hartzea izan dela esango du. Hau guri barre egitea da! Ez dira ados jartzen esateko zenbatek parte hartu duten holako ekintza batean.

Eta horrexegatik erabaki nuen eskolara joango nintzela. Bueno, egia esan, nire etxekoekin batera erabaki nuen. Ea ba al nekien zer eskubide aldarrikatzen genuen ikasleok galdetu zidaten eta eman nizkien erantzunak oso makalak izan ziren.

Azkenik, uste dut krisi egoera honetan ezin dugula "ordaindutako ikastola egun bat" galdu. Egoera gogor hauen aurrean egiteko daukagun gauza bakarra da ikasten jarraitu eta lan egiten jarraitu, egunen batean egoera hau aldatzeko gai izateko. 

2012/10/26

urriak 11


URRIAK 11

Nire aburuz erabat zilegia da ikasleok greba egitea aplikatutako eta aplikatuko diren erreformen aurka. Azken finean, ikasleok bete-betean jotzen gaituen zerbait da.

Lehenik eta behin, gure nahiak adierazteko askatasun eta eskubidea dugu eta hori ezin digu inork ukatu. Gure nahiak adierazteko eskubide osoa dugu mundu libre batean bizi garen heinean behintzat...

Horrez gain, gure etorkizuna hondatzen ari dira erreforma berriekin. Esaterako, “Erasmus” bekak ez dira gehiago emango eta gainontzeko bekak %60a baino gehiago jaitsiko dituzte. Honek asko kaltetzen gaitu; izan ere, ikasleok dirua behar dugu gure ikasketak ordaintzeko eta estatuaren laguntzarik gabe oso zaila egiten da dirua lortzea, are eta gehiago lanbideen egoerari erreparatzen badiogu. Gero eta zailagoa da lanpostuak aurkitzea eta ikasle gehienak ikasketak kanpoan egitera bultzatu ditu horrek.

Esan beharra dago diru asko aurreztuko dela murrizketekin, baina zeren ordainetan?
·Ikasle gehiago egongo da ikasgela bakoitzean eta horren ondorioz hezkuntza maila baxuagoa izango da.
·Ikastetxe publikoetako irakasleei asko jaitsiko diete soldata, baita hainbat ikastetxe pribatutakoei ere.
·Irakasle ugari kaleratu dituzte aurrezteko.
·Ikasleei ematen zaien diru laguntza oso eskasa da.

Honengatik guztiagatik bat egiten dut urriaren 11n egiten diren mobilizazioekin. Gure eskubideak defendatu behar ditugu. Hezkuntza duina nahi dugulako. Eta murrizketekin estatuak besterik ez du etekina lortzen; izan ere, irakasleak kaltetzen ditu, ikasleok kaltetzen gaitu eta baita ikastoletako langile guztiak ere.

Ez diezaiegun gure etorkizuna zapuzten utz. Atera zaitez kalera eta borrokatu zure eskubideen alde. Oihuka ezazu! Entzun gaitzatela behingoz!



2012/10/23

TXINTXETAK

MIRESTEN DITUT...TXINTXETAK!

Guztiok miresten dugu norbait. Futbolariak, aktoreak, idazleak, politikariak, marrazkigileak, superheroiak, jainkoak, bakea bultzatzen duten pertsonak, abeslariak, dantzariak, pasteltxoak...Txikitatik norbait mirestera bultzatuak sentitu gara. Aita-amak hasieran, marrazki bizidunetako pertsonaiak gero, telebistako jendea ondoren, abeslariak nerabezaroan... Zergatik norbait miresteko beharra? Zergatik ez ZERBAIT? Galdera psikologiko sakona...

Ba, nik zerbait miresteko gogoa dut. Doala haizea hartzera jende ospetsua. Nik txintxetak miresten ditut. Bai, txintxetak, gelako kortxoan iltzatuta ditugun metalezko perretxikoak. Zergatik txintxetak eta ez kortxoa bera? Ba, hara, kortxoa ez delako paperak iltzatzeko metalezko objektu txikia. Horregatik.

Gustoko ditut txintxetak. Patata tortilla edo kolore berdea gustuko ditudan bezala. Baina ez dut patata tortilla edo berdea miresten. Txintxetak miresten ditut eta arrazoi berezirik ez badut ere, adierazten dutenagatik miresten ditudala uste dut. Txintxetek ez dute aktibitate fisiko handirik. Ez dute jaten, ez dute jolasten... Beraz, ez dira oso entretenigarriak. Horregatik, jendeak ez die kasu handirik egiten. Agian, ume txikiek bai, gustuko dutelako txintxeta zapatako zolan sartu eta ibiltzerakoan zarata ateratzea. Beno, kontua da inor ez dela haietan fijatzen, eta niri oso interesgarriak iruditzen zaizkit.
Miresten dut txintxetek beren lanean erakusten duten jarrera. Paretan iltzaturik, gau eta egun  kexatu gabe, egin beharrekoa behar bezala egiten, mugitu gabe, tinko paretan. Eta ez dira mugituko, ez jauna, indarrez ez bada. Eta bereari eutsiko diote ahalik eta denbora luzeen. Gomendatu zaien lana egingo dute, eta ez dira distraituko ezerekin, telebista aurrean jartzen badituzu ere, bertan jarraituko dute. Leial, serio. Edo agian, txintxetek duten garrantzia miresten dut. Etxerako lanen zerrenda eusten egon daitezke, edo maitasun gutun bat, supermerkatuko zerrenda edo barkamen mezu bat. Eta ohar horiek norbaitek irakurriko dituen edo ez haien esku dago. Txintxeta erori egiten bada, zer? Etxerako lan falta, inoiz adierazi gabeko maitasun sentimendua, erosi gabeko galletak eta haserretutako pertsonak. Horregatik dira garrantzitsuak txintxetak, horregatik miresten ditut. Eta agian, denok izan beharko ginateke txintxetagoak.

2012/10/18

ARABA ARRISKUAN!!!


ARABA ARRISKUAN

Altxor bat daukagu. Sekulako altxorra dela diote, berehala atera beharrekoa. Ez dute itxaron nahi, presaka dabiltza. Altxorra milaka urtez egon da hor, ez zaio ezer gertatuko pixka bat gehiago itxaroten badugu. Mundua 2012an bukatuko dela sinesten dutela pentsatzen hasia naiz.

Gure lurra bahea balitz bezala utzi nahi dute. Altxorra ateratzeko beharrezkoa dela esaten dute. Eta nik diot: Zer gertatuko zaio gure lurrari? Zer gertatuko zaio gure urari? Ezin dugu gu hain ondo zaindu gaituen lurra gure mutur aurrean hiltzen ikusi.

Itsasoa baino haratagotik etorriko dira, beraien metalezko gaztelu eta dorreekin. Hementxe bertan eraikiko dituzte beraien eraikinak eta gure eskualdeko herrixketatik igarotzen diren errekak erabiliko dituzte altxorra ateratzeko. Lurra bere erraietatik eztandaraziko dute eta berak odola isuri eta negar egingo du.

Gazteleraz badago atsotitz bat: "Ojos que no ven, corazón que no siente". Egia da guk eztandak ez ditugula ikusiko, baina gure bihotzak sentitu egingo du, horren ondorioak ikusiko baititugu.

Edango dugun ura ez da berdina izango, gure lautada maitea ez da berdea izango, dena zikintzeko prest baitatoz; ezingo digute “patatero” deitu, landatzeko lurrik ere ez dugu izango eta.

Ezin al dugu altxorra beste sistema batekin atera?
  
Helburuak ez ditu horretarako behar diren baliabideak justifikaten, eta Frackingaren kasua ez da salbuespen. 








Nafarroa Oinez 2012. Abestia eta bideoklipa

2012/10/16

NAFARROA OINEZ 2012, urriaren 21ean

NAFARROA OINEZera joateko AUTOBUSAK ARMENTIA IKASTOLAko IDAZKARITZAN 5 eurotan


2012/10/15

EZ DA DENA HASIERAN IKUSTEN DUZUN MODUKOA


EZ DA DENA HASIERAN IKUSTEN DUZUN MODUKOA

Dena zen zaila hasieran. Inork ez zuen han sartu nahi. Inork ez zuen lur hori ukitu nahi. Beldur ginen. Zeren beldur? Koadrozko trapu haien azpian egoteko beldur, metalezko ate hori pasatzeko beldur... Ez dakit. Oso pertsona normalak ginen, gure soineko eta lazoekin, praka bakero eta pikatxu kamisetarekin, txandal eta deportibekin, leotardo apurtuekin, egunero lokatzez betetzen ziren prakekin... Denetarik zegoen. 

19 urte egiten ditu jada hasieran amorruz eta geroago tristuraz eta oroimenez betetzen gaituen horrek. Ilegala izan zen hau, bai. Hasiera hartan gutxi batzuk ziren han sartzen ausartzen zirenak baino gero eta jende gehiago dago.

Hortxe geunden gu, guztiak gela batzuetan eserita, arau batzuen mende, ordutegi batzuen mende. Ez ginen konturatzen baina 13 urtez edukiko gintuzten gutxienez han. Alde txarrenean jarriz gero, gure bizitzaren seiren bat pasatzen dugu han sartuta baina atera den jendearen hitzetan, seiren hori gure bizitzaren zati politena da eta egia delakoan nago, pozik sentitzen zaren lekua delakoan.

Horrez gain, aipatu behar dira gure txikitako “bitxikeria” edota "jokutxo horiek": Nork bere ahoan bakarrik eramandako urarekin moldatu beharreko "superbibentzia horiek", ezkontza horiek non derrigorrez okupatu behar zenuen posturen bat, detektibe lanetan ematen genituen ordu horiek, sukaldaritza edota ile-apaindegi lanetan ematen genituen tarte horiek...
Hemendik irten eta gero, galduta sentituko gara. Egunero ordu berean eta leku berera joango gara ere gehienok baina jada ez da gauza bera izango. Dena atzean geldituko da: gure lagunak, gure burutazio txotxoloak, gure bertako gustuko gauzak, eta ez hain gustukoak... Dena. Jada ez dugu poz, irrika edota emozio hori sentituko.

Egia esan, era askotako momentuak pasa ditugu han: momentu dibertigarriak, aspergarriak, barregarriak, lotsa pasatzekoak, onak, txarrak... mota askotako oroimenak ditugu bizitza osorako gordetzeko eta edozein momentutan gogoratzeko eta irri bat ateratzeko. Hori da beste gauzengandik edota lekuengandik bereizten duena, garrantzitsua eta berezi egiten duena. Gure ikastola maitatzeko arrazoiak ematen dizkiguna. 

2012/10/11

OROITZAPENEN ZAURIAK


“Oroitzapenen zauriak”

Nire pertsonalitateari erreparatuz, argi eta garbi ikus daiteke zalantzati edo dudatsu hutsa naizela. Baina ez, egun hura desberdina izan zen. Dendara sartu bezain pronto, maitemindu egin nintzen. Egun hartatik aurrera nire alboan eraman dut edozein lekutara, berarekin joan naiz. Dena zen hain polita, ez zuen ezertarako ere kexarik ipintzen.  Hainbat tokitan ibili izan gara batera, bidaia guztietan ere hantxe zegoen, nire alboan.

Udan, herriko kale kantoietan barrena berarekin alde batetik bestera ibili naiz. Hondartza ere zapaldu izan dugu. Izozkiekin biak batera zikindu gara … Oso uda polita izan zen bera alboan nuelarik. Baina ez pentsa udan bakarrik ikusteko aukera izan dudanik, gero!

Bidaia politak ere egin izan ditugu udazkenean. Belgikara bidaiatu genuen. Nik koroan abesten nuelako joan nintzen, baina bera ez zen atzean geratu. Nola ez! Nirekin etorri zen bidaia luze hartako autobusean ere. Berak abesten ez bazuen ere, denboraren  poderioz ahoa irekitzen hasi eta abesten bukatu zuela esan genezake. Ateratzen genituen argazkietan ere, ni gehienetan berarekin agertzen nintzen.

Neguko goiz hotz eta ilunetan, burua makurturik ikastolarako bidean, amonak egindako  bufanda eta  txano beroetan murgildurik joaten ginenean, gezurra badirudi ere, hor ere nire alboan nuen. Elur hotzean jolasten ibiltzen ginen, gehienetan bera mela-mela eginda iristen zen etxera. Honek ere ez zuen gure erlazio estua apurtzen. Etxean egun batzuk igarotzen zituen, lehortu eta berriro nuen nirekin.

Baina erlazio gehienetan “ezin da guztia arrosa kolorekoa izan“; izan ere, gure erlazioan ere denbora pasatu ahala, zauri txikiak agertzen hasi  ziren, gero eta handiagoak egin ziren arte. Gure erlazioak ez zuen toki gehiagorik uzten bretxa edo zauri  gehiagorentzako. Haize hotza sumatzen zen zauriekin egindako zulo bakoitzean.



Amak zauri hauek guztiak ikusi zituenean, gure erlazioa zakarrontzira bota zuen. Geroztik, faltan botatzen dut nire zapatila parea.

2012/10/08

DBH 3.mailakoek agurra Koldori...

Kaixo, Koldo:

Zer moduz pasatu duzu oporretan? Ni Palenciako herri batera joan nintzen eta han aerobika irakatsi ziguten. Galiziara abiatu ginen. Galiziako aberri egunean manifestaziora joan ginen. Han Santiagoko katedral batera joan ginen eta sargori handia pasatu genuen egun honetan. Eta Orenseko ur-termal batera joan ginen. Egun hori oso euritsua izan zen, etxera joan ginen bustitzen ginelako.

Besarkada handi bat eta musu handi bat. Agur

.............................................................................................

Kaixo, Koldo:
Gasteizetik idazten dizu zurekin bi urtez egon den neskatila ikusgarriak. Orain oso urrun zaudenez eta ezin zarenez niregana etorri erantzun bat emateko, momentu hau aukeratu dut nire sekretutxoa kontatzeko.

Ikusi zintudan lehenengo egunetik maitemindu nintzen zutaz. Geroago, denbora pasa ahala, gero eta gehiago maitemintzen joaten nintzen.

Zure fisikoaz gain, zure hobbiak ere gustatzen zitzaizkidan, adibidez korrika egitea, mendira joatea bai oinez, bai bizikletaz eta baita giro euskaldun batean bizitzea ere.

Orain nor naizen galdetuko didazu, baina oraindik ez dizut esango, gutunaren bukaera arte.

Orain 3.maila hasi dugu beldur handiarekin urte bat gehiago dutenek esan digutenagatik. Lehen, mate zaila iruditzen bazitzaigun, urte honetan zailtasuna handitu egin da. Eta lehen inork penkatzen ez zituen ikasgaiak, orain jendeak penkatzen ditu, adibidez, teknologia. Didierrek esan digula uste dut, 10 pertsonak penkatu zutela ikasgaia ez esfortzatzeagatik. Orduan hauxe da urte honetan dugun giroa. Egia esan nahiago ditut aurreko urtean nituen irakasleak, batzuk kenduta eta baita aurreko urteko giroa ere.

Orain agurtu baino lehen esan nahi dizut lehen esan dizudan guztia gezurra dela. Ez nago zutaz maiteminduta eta ez naiz neska.

Nor naiz? Agur bero bat bidaltzen dizut

.............................................................

Kaixo, Koldo:

Hasteko, esan beharra dut ez nauzula ezagutzen. Nik Aner dut izena eta zu jaio zinen herritik gertu jaio nintzen ni ere. Ikusten duzunez, zutaz asko dakit, baina ez dut gutun hau nitaz hitz egiteko idazten, hitaz berbetan egiteko baizik, edo hobeto esanda hiri zerbaitez abisatzeko.

Gaur bertan jakin dut Audientzia Nazionaletik Koldo Zubizarretaren bila jartzeko agindua dagoela. Jakin eta berehala pentsatu dut egokiena zuri abisatzea zela.

Lehen ondo esan dizudan bezala, asko dakit zutaz, eta nola ez, badakit orain India aldetik zaudela bidaia batean. Zuretzako gomendio bat dut: ez hurbildu Euskal Herrira urtebete pasatu arte gutxienez.

Hau izango da nire aldetik izango duzun azken berria, zurekin kontaktuan jartzea arriskutsua izan baitaiteke. Besterik gabe, besarkada handi bat eta zorte on

Laster arte

Aner

..........................................................

Zer moduz zaude?
Gasteizen dena lasai dago lagunekin eta notekin.

Konturatzen naiz gauza batzuk gero eta zailagoak direla eta beste batzuk gero eta errazagoak baina ez naiz konfiatzen gauzekin badaezpada. Dena ahalik eta hoberen egiten saiatzen naiz.

2.ebaluazioaren sistema erakutsi digute eta dirudienez, aurretik ez badugu ikasten, zaila izango da aprobatzea.

Patioak orain dibertigarriagoak dira asteazkenetan eta ostiraletan baina nahiz eta futbol-zelaia eduki, orain patioek 20 minutu irauten dute asteazken eta ostiraletan eta orain 14:30ean ateratzen gara 14:20an atera beharrean baina ni konformatzen naiz astean bi arratsalde libre izatearekin.

Espero dut zu ongi egotea eta zure lagunak ere bai eta zu ongi egoten pasatzea. Etorri laster, zu itxaroten egongo gara eta.

.......................................................

Kaixo, Koldo:

Zure ikasle ohi kuttuna naiz, eta gutun hau idatzi dizut faltan botatzen zaitudala aitortzeko.

Koldo, gauez eta egunez pentsatzen dut zugan. Ezin ditut burutik kendu zure kokots luzea, gorputz sexia eta zilborreko pirtzina.

Inor ez bezalakoa zara. Gogoan dut nola txoro-txoro eginda begiratzen nizun, pentsatzeko mihia atera eta inuxente aurpegia jartzen zenuenean. 

Guapoa eta kirolaria izateaz gain, irakasle ona ere bazara, zure hiztegi aberats hori gurekin partekatzen baituzu: "akaso, beharbada, apika"... "Ze esatek!"... eta "hilak hamabi ditu" bezalakoak. Buruan grabatuta geratu zaizkit zuri esker.

Eta  ez nuen uste hau inoiz esango nuenik baina zure bertsoen hutsunea ere nabaritzen dut.

Bihotz-bihotzez

Ni neu
...................................................
Kaixo, Koldo:

Zer moduz bidaia? Dena ondo al doa?

Zure oporrak oso luzeak direnez eta hainbeste leku berri ezagutuko dituzunez, seguru gure oporrak amaitu direla eta ikasturte hasi dugula ahaztu zaizula. Baina lasai egon! Beti bezala, ikastolatik dena ondo doa. Nahiz eta, gauza antzekoak izan, irakasle, ikasle eta klase berria ditugu.

Nire oporrak izugarriak izan dira, Gasteizko jaiak inoiz baino hobeagoak, baina gauza txiki bat falta zitzaigun. Alde Zaharrean lo egiteko, arropa aldatzeko, afaltzeko... dagoen etxe bat izatea.

Duela bi aste klaseko afaria izan genuen, eguraldia ez zenez oso ona izan, etxe batean egitea pentsatu genuen. Alde Zaharretik pasatzean zure etxea afaria egiteko leku aproposa izango zela bururatu zitzaigun, eta horrela izan zen. Dena gertu zegoen eta gainera lo egiteko aprobetxatu genuen. 

Dena ondo zihoan, baina etxean zarata handia zegoenez, auzokide batek beldurtuta poliziari deitu zion. Poliziarekin ez zen ezer gertatu. Azkenean ados jarri ginen. Poliziak zure etxea erabiltzen utziko digu, ez badugu zaratarik ateratzen eta zure baimena baldin badugu. Horregatik, gutun honen bidez jaietan eta asteburu batzuetan zure etxea erabiltzeko baimena eskatu nahi dizugu. Baina ez kezkatu. Erabiltzen dugun bakoitzean, dena garbitu eta txukunduko dugu. Oso ondo dakizu gu oso txukunak eta formalak garela.

Zure erantzunaren zain egongo gara. Musu handi bat

....................................................
Aupa, Koldo:

Zer moduz? Zer moduz doaz gauzak Asia ingurutik? Espero dut handik gauzak ondo joatea eta datorren urtean berriro ere gurekin egotea.

Gu ikstolan oso ondo gabiltza. Aurtengo ikasturteak zailagoa dela ematen du. Baina momentuz lasai gabiltza. Pasa den urteko irakasle berberak daude. Bueno... Zure ordezkoa Ibon deitzen da. Honezkero ezagutuko duzu, ezta? Zure laguna dela esan digu eta biok Kubari buelta eman zeniotela esan digu. Ea bueltatzen zarenean, zure bidaietako argazkiak erakusten dizkiguzun!

Ez dakit han futbola ikusten duzun, baina Barcak partidu guztiak irabazi ditu, eta Madrilek 8 puntu gutxiago ditu. Gainera, guri hainbeste gustatzen zaigun jokalaria, Ronaldo, triste dago. A zer nolako gizona! Ez da inoiz aldatuko! Messi, berriz, golak binaka sartzen ari da. Partiduko bi gol! Eta euskal taldeak ez dira oso ondo hasi.

Izan untsa!

..................................................

Aupa, Koldo:

Zer moduz Indiatik? Guztiok ondo al zaudete? Gasteizen oso ondo gaude, eta Heziketa Fisikoko irakaslea, Ibon, oso majua da.

Ikusi dut zuen bloga eta argazki batzuk ere, oso politak dira. Denbora dudanean, zerbait idatziko dizuet.

Zer moduz hortik? India polita al da? Argazki asko egin bueltatzen zaretenean India eta egon zareten lekuak erakusteko.

Aaaa!!! Aholku bat: ez harrapatu behi bat, zeren kolpe on bat eman ondoren, gainera kartzelara eramango zaituztete behi sakratu bat harrapatu duzuelako.

Ondo izan eta ikusi arte

.....................................................................

Koldo Zubizarreta Jauna:

Gutun honen bidez jakinarazi nahi dizugu Bangkoketik (Tailandia) deitu digutela zure bizikleta Tailandiako presidentearen etxeko saloian aparkatuta aurkitu dutelako. 

Hori egia balitz, 1000 euroko isuna ordaindu beharko zenuke eta 6 urtean ezingo zenuke Armentia Ikastolan berriro Hezkuntza Fisikoa irakatsi.

Haiek esan digutena, berriz, gezurra bada, Tailandiako gobernuari salaketa bat jarri ahalko zenioke, baina horretarako aukera gutxi dituzu, presidentearen etxeko saloian aurkitutako bizikleta hegazkinez bidali baitigute, eta bizikleta aztertu ondoren, bizikletagatik 400 euro ordaindu zenuela jakin baitugu, hau da, zuk erosi zenuela bizikleta hori.

Adeitasunez, agur.


2012/10/02

KILOMETROAK 2012


GOGORATU IKASTOLAK AUTOBUSA ANTOLATU DUELA EGUN HORRETARAKO!!!


GERNIKAko bonbardaketa "La noche de..." saioan ETB2an


Gaur gauean ETB2an "GERNIKA BAJO LAS BOMBAS"saioa ikusteko aukera egongo da Felix Linaresen "La noche de... " saioaren barne...

Interesgarria izan daitekeelakoan...


KANPOAN DITUGUNEI AGUR BEROA- DBH 4. maila

KANPOAN DITUGUNEI AGUR BEROA- DBH 4. maila

KOLDOri gutuna:




Gasteizen, 2012ko irailaren 18an

Koldo agurgarria:

Zer moduz doa Asiako bizikleta bidaia? Gasteizen dena bikain doa, bai etxean, bai ikastolan. Ikastolan ondo doa dena, baina hau oraindik ikasturteko hasiera da. Gorputz Hezkuntzan jada hasi gara, bi saio eduki ditugu Ibonekin. Gaur hasi gara eskubaloian jolasten, bakarrik eskubaloiaren sarrera moduko bat egin dugu, baina hurrengo astean gehiago sakonduko dugu.

Zu bizikletan ibiltzea espero dut, bertako paisaiak ikaragarri politak izatea eta zu txundituta uztea. Gainera, bertako ohiturak desberdinak dira eta hemengo janariaren falta nabarituko duzu. Adibidez, "eusko label"eko txuletoia han ez da egongo.

Janaria alde batera utzita, pasa den hilabetean nire baserritik abiatu zen "fracking"aren kontrako bizikleta martxa, eta bertan egon nintzen ni; izan ere, nire herriari kalte egingo lioke.

Bestalde, egun batzuk geroago familiarekin "Tourmalet"a igo nuen bizikletaz Frantziako itzulia ikusteko.

Espero dut zure "tourra" ondo joatea eta istripurik ez izatea.

Besterik gabe, zure erantzuna itxaroten egongo naiz, eta ni banoa, txuletoiak gose utzi nau eta.

Adeitasunez

2012/10/01

KANPOAN DITUGUNEI AGUR BEROA- DBH 4. maila

KANPOAN DITUGUNEI AGUR BEROA- DBH 4. maila

ALICIAri gutuna:




Gasteizen, 2012ko irailaren 15ean

Kaixo, Alicia:

Zu mundua ezagutzen ari zaren bitartean, gu hemen gaude, Gasteizen, DBH 4.maila hasi berri dugularik. Aurten ez zara gurekin egongo, ez ditugu zure "Aizue" oihu famatuak edo zuk esaten duzun moduan, "urakan oihuak" entzungo eta, nahiz eta batzuek ez esan, denok nabaritzen dugu zure falta. Irakasle gisa ez ezik, pertsona moduan ere. Beti laguntzen eta animatzen gintuzun, ahal zenuen neurrian, eta horregatik bereziki idazten dizut eskutitz hau, guregatik egindako guztiagatik eskerrak emateko.

Eskertzeko buruan dudan oroitzapenetako bat guk urte honetan egingo dugun ikasbidaia da. Nahiz eta ez zaren gurekin etorriko, hala egingo bazenu moduko ahaleginak egin zenituen. Bertso afarian dirua lortzeko arratsalde osoa igaro zenuen jantokian zure senarrarekin janaria prestatzen laguntzen. Gainera, diru kontu guztiak zuk eraman zenituen. Askotan ez genuen zure laguntzarik merezi, zuk ahalegin handiak egiten zenituelako guregatik eta guk ez genituelako zuk eskatutako gauza guztiak egiten.

Horretaz gain, arazoren bat geneukan bakoitzean zu hor zeunden, gure "psikologa" izango bazina bezala laguntzen.

Hau guztia esan eta gero, zure bidaia luze honetan dena primeran joatea opa dizut eta berriz eskerrak ematen dizkizut, abestiak esaten duen bezala "bizipenengatik eskerrik asko", nahiz eta urte bakarra egon elkarrekin.

Zure berri laster izango dudalakoan eta aldez aurretik eskerrak emanez, agurtzen zaitu zure ikasle batek