Hona hemen sartzeko esteka: OPORKLIK uda argazki-hizki lehiaketa 2022, lau irabazleak
2022ko UDA
Uda amaitu egin zaigu. Orain berriz ere errutinara bueltatu egin gara. Egunero goizeko zazpietan esnatu egin behar ginela pentsatzeak deprimitzen nau. Baina orain uda honetako oroitzapenak baditugu.
Uda honetan Broadstairsera joan naiz. Londresetik 130km-tara dago. Hor ezagutu dudan jendea zoragarria izan da. Larunbat batean Londresera joan ginen eguna pasatzera. Goizean Londres bisitatu genuen, The London Eye, The Bridge, The Big Ben… Arratsaldean, berriz, dendetara joan ginen arropa erostera.
Egun berean, gauean, festa bat egitea pentsatu genuen. Irakasleak ados zeudenez, utzi ziguten. Beraz, festa bat egin genuen. Festa horretan, hainbat herrialdetakoak joan ginen, Alemaniakoak, Frantziakoak, Esloveniakoak, italiarrak…
Egun hartan, konturatu nintzen bakoitzak bere ama-hizkuntzan hitz egiten duela. Baina beste pertsona batekin hitz egin behar baduzu, zure ama-hizkuntza ez dakien batekin, ezingo duzu hizkuntza hori erabili. Beraz, beti irtenbideak daudenez, guk, kasu horretan, ingelesez hitz egiten genuen. Eta oso ondo, gainera!
Uda hau pasatu ondoren, esan genezake, udan ere ikasten dugula. Baina modu ezberdin batean. Beraz, orain uda alde batera utzi behar dugu, eta liburuak hartu, gauza berriak ikasteko eta jakiteko.
UDA ZORAGARRIA
Klaseko lehen eguna. Badirudi kurtsoa atzo bukatu zela, eta gaur, konturatu gabe, paper baten aurrean ari naiz idazten. 3. maila atzo bukatu zela dirudien arren, uda luzea egin zait. Hamaika txokotan egon naiz, leku asko bisitatu ditut eta batez ere asko disfrutatu dut.
Ekaina bukatzear zela, nire herrira, Lekeitiora joan nintzen, amonaren etxera. Bertan pasatu nuen ia uztaila osoa. Gauza dezente egin nituen hilabete hartan: hondartzan bainatu, zinemara joan, liburuak irakurri, telebista ikusi… Baina beti ere estresatu gabe. Abuztua heldu zenean, ordea, atsedena bukatu zen.
Abuztuaren hasieran Gasteizera itzuli nintzen, baina jaietako egun bat bakarrik disfrutatu ahal izan nuen; izan ere, abuztuaren 6an Portugalera joan nintzen oporretan nire gurasoekin. Pila bat leku bisitatu genituen: Porto, Coimbra, Braga… Leku guztiak gustatu zitzaizkidan, baina gehien gustatu zitzaidana “Francesiña” izan zen, bertako plater tipiko bat.
Uda bukatzeko, berriz itzuli nintzen herrira, eta urtaro horri merezi duen amaiera emateko Lekeitioko jaiez disfrutatu nuen.
Hori da uda ondo bukatzea!
2022ko uda
Denbora luzez ikastolan lan eta lan aritu eta gero, heldu zen hainbeste espero nuen uda, eta konturatu gabe, hemen nago berriro.
Nire 2022ko uda Norvegiarako bidaia batekin hasi zen. Ahizpekin eta amarekin motxilak prestatu eta aireporturantz abiatu ginen. Bilbo-Oslo hegazkina hartu genuen eta arratsaldean heldu ginen hara. Oslotik paseoa eman eta hotelera bueltatu ginen. Hara eta hona ibili ginen Norvegia osotik zehar. Niri gehien gustatu zitzaidana Flåm herria izan zen, oso polita.
Handik Gasteizera bueltatu eta egun batzuk geroago udalekuetara joan nintzen. Bertan asko disfrutatu nuen.
Etxera bueltatu, lo egin eta berriro bidaia. Oraingoan Saloura nire aita eta ahizpekin. Bakarrik hiru egunetan egon ginen. Lehenengoa hondartzan eta bigarren eta hirugarrena PortAventuran eman genituen. PortAventuran txikia nintzenean egon nintzen baina ez nuen hain dibertigarri gogoratzen.
Horren ostean, Gironako kanpin batean egon nintzen, Palamos herrian. Eguneroko plana hondartza eta igerilekua zen, eta gauean, herritik paseoa.
Uda bukatzear zegoen, eta azkenengo asteak Arabako kanpin batean pasa nituen. Han, lagun kuadrilla dugu eta oso ondo pasatzen dugu egunero plan ezberdinak egiten.
Eta uda bukatuta, ikastolarako materiala prestatu eta ikasturte berria hasi beharra, hurrengo uda noiz helduko den zain.
JAIALDIA BENIDORMen
“Zein izan da zure momenturik gustukoena uda honetan?” Galdetzen didate, eta beti momentu bera etortzen zait burura.
Oporrak bukatzen direnean, konturatzen naiz gauza berriak bizi eta disfrutatu egin ditudala. Aurten musika jaialdi batera joan naiz. Lagunekin sarrerak erosi genituen eta martxan jarri ginen. Jaialdia Benidormen izan zen. Ez zen batere zaila izan egunak pasatzeko toki bat aurkitzea; izan ere, denok dugu apartamentu bat hirian. Azken erosketak egin eta prestatutako jantziak ipini eta gero, autobusa hartu genuen.
Hiru eguneko jaialdia izan zen, musika estilo desberdineko abeslariak etorri ziren eta dena izugarria izan zen. Abestiak kantatu beharrean oihukatu egin genituen topera disfrutatuz. Esperientzia ikaragarria izan zen. Ez dugu zalantzarik, hurrengo urtean gehiago!
NIRE UDA ZORAGARRIA
Uda bukatu egin da, eta klaseak berriro hasteko momentua heldu da, baina hori baino lehen uda gogora ekarri nahiko nuke berriro ere.
Nire udari hasiera emateko nire laguna Uxuerekin Nojara joan nintzen asteburu oso batean. Oso ondo pasa genuen han; hondartzan pasa genituen ia egun guztiak, oso eguraldi ona egon zen. Gainera, surf ohol batzuk alokatu genituen eta tarte bikaina pasa genuen. Gauetan berbenetara joaten ginen. Izugarrizko lagunak egin genituen. Astelehenean Gasteizera bueltatu ginen oso triste.
Dezente denbora egon nintzen Gasteizen eta azkenean nire kuadrilla eta ni joan ginen Argantzunera. Bakarrik joan ginen eguna eta gaua pasatzera. Ibaian egon ginen, bero handia egiten zuelako. Geroago gure herriko lagunekin elkartu ginen eta haien igerilekura joan ginen.
Hurrengo goizean autobusa hartu genuen eta Gasteizera joan beharrean, Donostira joan ginen eguna pasatzera, eta gau berean busa hartu genuen Gasteizera. Pixka batean egon ginen hondartzan baina fresko samar egiten zuen eta Igeldo mendira joan ginen. Oso polita izan zen. Eguna bukatzeko, denda batzuk ikusi genituen, eta saltoki-gunean lagun batzuk ere egin genituen.
Ondoren, Gasteizeko festak etorri ziren eta primeran pasa nuen. Egia da festak bukatzean oso nekatuta nengoela; izan ere, egun guztietan egon nintzen oso berandu arte kalean.
Azkenik, Espejoko festetara joan ginen Adriana eta biok. Oso-oso ondo pasa genuen baina bueltako autobusean lo egon ginen. Ia-ia pasa genuen gure geltokia, baina zorionez momentu horretan esnatu ginen.
Uda ez da hain gaizki joan, motzegia egin zait eta laugarren mailan gaude dagoeneko. Pixka bat beldurtu egiten nau horrek baina ziur nago ondo joango dela.
OPORRETAKO ABENTURAK
Duela bi hilabete hondartzan. Orain ikastola deituriko errutina amaigabe batean. Hondartza zoragarri horietara bueltatzeko irrikitan nago eta oraindik urte oso bat itxaron beharko dut.
Uda hau oso azkar pasatu zait. Hori oso ondo pasatu dudan seinale izango da. Pasa den kurtsoa amaitu eta di-da batean Gironako kostalde ederrean nenbilen. Bertan, lagun bikainak egin nituen. Batzuk katalanak, beste batzuk euskaldunak eta belgak. Azkenengo hauekin ingelesez aritu nintzen eta komunikazioa ez zen batere erraza izan. Goizetan futbolean jokatzen ibiltzen ginen, arratsaldean igerilekuan eta gauean hondartzan izugarrizko festak egiten genituen.
Opor hauetako egun batez zerbait berezia egin nahi genuen. Beraz, azkenengo eguna buzeatzen pasa genuen. Goizean goiz txalupa bat hartu eta gure kanpinetik gertu zeuden uharte miresgarri batzuetara gerturatu ginen. Bertan, hainbat ordu pasa genituen snorkel deituriko kirola praktikatzen. “Bilal” deituriko gure kapitainaren lagunak egin ginen. Gasteizera bueltatzeko bidaia gogorra izan zen, lagun horiekin berriro topatzeko urtebete itxaron beharko nuela pentsatzean.
Gasteizera bueltatzean, festak etorri ziren… Baina hori beste kontu bat da, beste egun batean kontatuko dudana.
ERRUTINAREN KOADROAK
Gasteizko Arte Ederren museora lehen aldiz joan nintzen egunean ateratako argazkia da hau. Nire lagunak eta ni beti kexatzen ginen egiten genituen planak beti antzekoak zirelako. Halere, ez genuen ezer berririk egiten, ideiarik ez baikenuen. Udaren hasieran taldea handitu genuen. Niretzat gauza arrotza eta nahiko ikaragarria zen jende berria ezagutzea, horrek agobiatzen ninduelako. Ezagutu genuen neska batek, Irenek, museora joateko gogoa zuela esan zuen, eta antolaketa txiki baten ondoren, errutinarekin amaitu eta bertara joan ostean, Prado parkean jan genuen. Egun sinplea izan zen, baina asko gustatu zitzaidan; izan ere, bakoitza bere aldetik baina guztiak batera egon gintezkeela erakutsi zidan horrek. Hori kaskoak hartu eta gure modura koadroak ikusi genituelako esaten dut. Horretaz gain, pertsona berriekin egoteko eta ni neu izateko beldura pixka bat uxatu nuen. Hori pasa den udako egunik hoberenaren istorioa da.
UDA BAT PORTUGALEN
Aurtengoan parte hartzeko aukera izan ez badugu ere, datorren urterako aintzat har dezakegu. Gainera, aurtengo parte hartzaileen artean gustukoen dugunari bozka eman diezaiokegu.
Anima zaitezte! Sartu estekan eta eman zure bozka!
https://alea.eus/lehiaketa/1656675651647
https://alea.eus/araba/1657190731048-5-argazki-azalpen-testua-16-30-oporklik-2022