Genero ikuspegitik begiratuta, bertsolaritzak azken lau hamarkadetan izan duen bilakaera jaso dute grafikoki eta modu artistikoan Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariek eta Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabarrek eta Mariñe Arbeok.
Publikoki bertsotan egiten zuen emakumerik ezagutzen ez zen garai bat igaro ondoren, emakume bertsolari belaunaldi oso bat ikusi dugu plazetan. Emakume bertsolariek, plazan lekua hartzeaz gain, begirada feminista ekarri dute bertsotara, bertsolaritzaren sistema berrikusteko premia nabarmen utziz. Bertsolaritza gizartearen isla izanik, eta, aldi berean, gizarte eraldaketarako tresna, bertsolaritzaren barnean genero ikuspegitik sortu diren analisiak, eztabaidak eta proposamenak estrapola litezke euskalgintzako eta kulturgintzako hainbat alorretara.
Bilduma grafikoa da infografia hau, denbora tarte erlatiboki labur batean bertsolaritzan emakumeen lanari esker jazo eta garatu diren aldaketa, lorpen, bizipen, proiektu, bertso, saretze eta gainontzeko gertaera esanguratsu eta eraldatzaileak jasotzen dituena. Hauxe du helburua: genero ikuspegia bertsolaritzan txertatu denetik kultur adierazpen horretan izan diren ekarpenak eta eraldaketak ikusaraztea, hau da, pentsamendu eta praktika feministek emakume bertsolariengan izandako eragina eta haiek bertsolaritzaren sisteman izandakoa ikusaraztea. Horrez gain, beste helburu hauek ere baditu: bertsolaritzaren historia genero perspektibatik berrikustea; bertsolaritzaren definizio berrien beharra adieraztea; emakume bertsolariek kolektiboki egindako lanaren onuradun bertsolaritzako espektro guztia dela ohartaraztea; eta bertsolaritzaren bueltan diharduten emakumeen arteko sarea sendotu, berregituratu, harremanak sakondu eta etorkizuneko asmo berriak akuilatzea.