2012/10/11

OROITZAPENEN ZAURIAK


“Oroitzapenen zauriak”

Nire pertsonalitateari erreparatuz, argi eta garbi ikus daiteke zalantzati edo dudatsu hutsa naizela. Baina ez, egun hura desberdina izan zen. Dendara sartu bezain pronto, maitemindu egin nintzen. Egun hartatik aurrera nire alboan eraman dut edozein lekutara, berarekin joan naiz. Dena zen hain polita, ez zuen ezertarako ere kexarik ipintzen.  Hainbat tokitan ibili izan gara batera, bidaia guztietan ere hantxe zegoen, nire alboan.

Udan, herriko kale kantoietan barrena berarekin alde batetik bestera ibili naiz. Hondartza ere zapaldu izan dugu. Izozkiekin biak batera zikindu gara … Oso uda polita izan zen bera alboan nuelarik. Baina ez pentsa udan bakarrik ikusteko aukera izan dudanik, gero!

Bidaia politak ere egin izan ditugu udazkenean. Belgikara bidaiatu genuen. Nik koroan abesten nuelako joan nintzen, baina bera ez zen atzean geratu. Nola ez! Nirekin etorri zen bidaia luze hartako autobusean ere. Berak abesten ez bazuen ere, denboraren  poderioz ahoa irekitzen hasi eta abesten bukatu zuela esan genezake. Ateratzen genituen argazkietan ere, ni gehienetan berarekin agertzen nintzen.

Neguko goiz hotz eta ilunetan, burua makurturik ikastolarako bidean, amonak egindako  bufanda eta  txano beroetan murgildurik joaten ginenean, gezurra badirudi ere, hor ere nire alboan nuen. Elur hotzean jolasten ibiltzen ginen, gehienetan bera mela-mela eginda iristen zen etxera. Honek ere ez zuen gure erlazio estua apurtzen. Etxean egun batzuk igarotzen zituen, lehortu eta berriro nuen nirekin.

Baina erlazio gehienetan “ezin da guztia arrosa kolorekoa izan“; izan ere, gure erlazioan ere denbora pasatu ahala, zauri txikiak agertzen hasi  ziren, gero eta handiagoak egin ziren arte. Gure erlazioak ez zuen toki gehiagorik uzten bretxa edo zauri  gehiagorentzako. Haize hotza sumatzen zen zauriekin egindako zulo bakoitzean.



Amak zauri hauek guztiak ikusi zituenean, gure erlazioa zakarrontzira bota zuen. Geroztik, faltan botatzen dut nire zapatila parea.

1 iruzkin: