Ni txikia nintzenean, 5-6 urterekin, aitonak kontatu zidan bera txikitan mendira joan zela eta Basajaun eta Basandere ikusi zituela Gorbearen mendi tontorrean. Lagun batekin, Jose Miguelekin, eta familiarekin joan zen.
Jose Miguel lurrean eseri zen atseden hartzen eta bat-batean bi itzal ikusi zituen zuhaitzen artean. Zer ote zen ikustera altxatu zen eta Basajaun eta Basandere ikusi zituen. Nire aitonari abisua eman zion presaka hor zeudela esanez. Basajaun eta Basandere makilak jasotzen ari ziren. Zuhaitz baten atzean ezkutatu ziren zer egiten zuten ikusteko. Baina bat-batean aitonak harri batekin estropozu egin zuen eta lurrera erori. Basajaunek eta Basanderek zarata hori entzundakoan, korrika joan ziren. Aitona eta Jose Miguel jarraitzen saiatu ziren, baina asko aldentzen ari zirela konturatzerakoan, gelditu egin ziren, familia zegoen lekutik ez urruntzeko. Familia atseden hartzen zegoen behean zegoen erreka baten ondoan. Korrika jaitsi ziren, sinetsi gabe ikusi zutena.
Kontatu zutenean, inork ez zien sinistu. Bromatzat hartu zuten. Bazkaldu ondoren, etxera abiatu ziren. Jose Miguelek eta nire aitonak ez zekiten ikusi zutena benetakoa ala amets bat zen. Horregatik, mendira joaten garenean, kondaira hori kontatzen dit. Baina inoiz ez ditut Basajaun eta Basandere ikusi.
Zergatik duzu hain gogoan kondaira hori?
Nire aitonak, mendira joaten ginenean, beti kontatzen zidalako eta asko gustatzen zitzaidalako.
*************************************************
Bazen behin, mendi artean galduta, Urkiola izeneko baserri zahar bat. Bertan bizi ziren Tomas eta Miren senar-emazteak. Langileak ziren eta herriko baratzik dotoreena omen zuten. Hauek baserritar gehienek bezala bizilaguna zuten eta herriko zurrumurruek ziotenez, sorginkerietan ibiltzen zen.
Urte osoan gogor lan egin eta gero, uzta jaso zuen Urkiolako bikoteak. Ez zegoen ez egoera berean azpiko baserrian bizi zen atso zaharra! Honek ez zeukan ezertxo ere negu gorriari aurre egiteko. Nola egingo zuen?
Kontua da Tomas goizean goiz jaikitzen zela ehizan joateko. Horregatik, Miren baino apur bat lehenago oheratzen zen. Bitartean, emakumea sutondoan eseri eta sugarren doinuaren erritmoan josten aritzen zen.
Halanola, ilargi beteko gau batean, Tomas ohera joan eta Miren josten geratu zen, gauero legez. Sugarren doinua orro lehor batek moztu zuen. Halako batean, katu beltz eta lirain bat jarri zitzaion aurrean eta halaxe esan zion mehatxatuz: "Emadazu eskura duzun ogi guztia edo bertan hilko zaitut". Miren nahiko beldurtia zenez, bi aldiz pentsatu baino lehenago aurkitu zuen ogi guztia eman zion, hau egin eta katua betiko joango zelakoan. Katuak ogia jaso eta bere atzapar zorrotzekin atzamarka egin zion eskuan. Jarraian hala esan zion andereari: "Orain gertatutakoa inori kontatuz gero, ni neu etorri eta akabatu egingo zaitut". Animaliak alde egin bezain laster, zauriak garbitu, ohean sartu eta hantxe egon zen gau guztian, lo egin ezinik, gertatutakoarekin beldurtuta.
Hurrengo gauean, berriro ere katu beltza etorri zitzaion bisitan. Beste behin ere jana eskatu eta urradurak egin zizkion. Horrela, gauero katua etortzen zen heinean, Miren pattaltzen joan zen, bere lo ezak eta katuaren atzamarkadek eraginda. Tomas oso argia zen eta Mireni zerbati gertatzen zitzaiola azkar hasi zen susmatzen. Nahiz eta mila aldiz galdetu, erantzuna beti zen ezezkoa, ez zuela inongo arazorik.
Hilabeteak pasatu ahala, Mirenen tristura handituz joan zen eta goiz batean sumendi batek bezala eztanda egin eta dena kontatu zion senarrari. Tomasek azkar jarri zuen burua martxan eta segituan eduki zuen ideia bat.
Gau hartan bikoteak lanak trukatu eta Miren goiz joan zen ohera. Bitartean, gizona sutondoan eseri zen buruan zapia eta soinean emaztearen arroparekin eta josten ari zen itxurak egin zituen Baina bazuen katua ezustekoan harrapatuko zuen zerbait: Eskopeta zuen soineko azpian. Horrela, gauero bezala, katu beltza jan eskean etorri zitzaion. Tomasek, animalia hizketan entzun bezain laster, eskopetarekin tiroa jo zion ezkerreko hankan eta katua errenkan, ziztu bizian atera zen baserritik.
Mirenek izugarrizko lasaitua hartu zuen hurrengo goizean. Bukatu zen hilabeteetako sufrimendua. Segidan egur bila atera ziren biak, Urkiola azpitik behera zegoen basora. Egurra bildu ondoren, etxera bueltan zeudela bizilagunarekin topatu ziren. Ezkerreko hankatik errenka zegoela ohartu ziren. Momentuan konturatu ziren nondik jan zuen atso zaharrak negu guztian, katua eta atsoa, atsoa eta katua izaki berbera ziren.
Zergatik duzu hain gogoan kondaira hori?
Txikitan aitak kontatzen zidalako eta oroitzapen onak ditudalako.