2019/10/31

Youtuberrak behar dira.... lehiaketa...

YOUTUBESKOLA LEHIAKETA 


Youtubeskolak lehiaketa: kartoizko kutxa bat eta “gustatzen zaidalako egiten dut” esaldia


 Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute lehiaketan.
 Aurkeztuko diren bideoek euskaraz beharko dute izan.
 Honako bi elementu hauek azaldu beharko dira bideoan: objektu bat, “kartoizko kutxa”, eta esaldi hau, “gustatzen zaidalako egiten dut”.

EPEA: azaroak 24

Informazio gehiago esteka honetan:


ANIMA ZAITEZTE!!!!

Eta Bizkaiko herri batzuetan aukera aparta...


2019/10/30

USTE GENUEN ZERBAIT GERTATU ZITZAIGULA, GAIXORIK GEUNDELA



Indarkeria matxistaren aurpegirik ankerrena erakusten dute Anshu Rajputek (Abid Nagar, India, 1997) eta Shabnamek (India, 1989). 15 urte zituztenean, bi gizonek azidoarekin eraso zieten, emakumeek ez zutelako haiekin harremanik izan nahi. Aurpegia desitxuratu zieten. Chhanv gobernuz kanpoko erakundearen Sheroes Handout proiektuak «bizi berri bat» eman die. Azidoarekin eraso dieten emakumeak elkartzen dira izen hori duten kafetegietan. Ezin dute kozinatu, beroak min egiten dielako, baina bezeroak zaintzeaz arduratzen dira. Bekoz Beko elkarteak Euskal Herrira gonbidatu ditu, Channvanekin lankidetzan.

Biek 15 urte zenituzten gizon banak azidoarekin eraso zizuenean. Nolakoa zen zuen eguneroko bizitza orduan?

ANSHU RAJPUT: 2014. urtea zen, eta ni ikasten ari nintzen. Hamargarren mailan nenbilen orduan, eta bizikletaz joaten nintzen eskolara egunero.

SHABNAM: Ni ez naiz sekula eskolara joan. Lanean aritzen nintzen: brodatzailea nintzen; arropa egiten nuen.

Zer gertatu zen orduan?

A.R.: Bizikletaz eskolara joaten nintzenean, gizon bat izaten nuen segika, bizilaguna. Halako batean, niregana etorri zen, eta esan zidan nirekin harremanak izan nahi zituela, maite ninduela. 55 urte zituen. Nik ezetz esan nion, ez nuela adin horretako gizon batekin ezer izan nahi. Etxera iristean, gurasoei kontatu nien gertatutakoa; haiek gizonaren etxera joan ziren, eta liskarra izan zuten. Ondoren, gizona gure etxera etorri zen, eta azidoa bota zidan aurpegira, lo nengoela.

Zure kasua ere antzekoa izan zen, ezta, Shabnam?

S.: Bai, niri ere gauez bota zidaten azidoa, lo nengoela. Ez nuen ulertzen zer gertatu zen. Gero konturatu nintzen ezagutzen nuen gizon bat izan zela; haren etxean aritzen nintzen lanean. Hilabete lehenago nirekin harremanak izaten saiatu zen, eta ezetz esan nion nik ere.

Nola eragin zizuen erasoak?

S.: 11 urte igaro nituen etxean gotortuta, inork ez ikusteko. Bitartean, familiak gizon batekin ezkonarazi ninduen. Handik gutxira, gizonak abandonatu egin ninduen, eta elkarrekin izan genuen semea hil egin zen, istripuz.

A.R.: Ni hamabi egunez egon nintzen ospitalean. Atera nintzenerako, eskolako zerrendatik ezabatua zuten nire izena. Gurasoen babesa izan nuen, halere. Haien laguntzari esker lortu nuen nire erasotzailea atxilotzea. Hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten.

Zuri eraso zizun gizona ere atxilotu zuten, Shabnam?

S.: Bai. Urte eta erdi pasatu zuen espetxean.

Erasoa indarkeria matxista moduan identifikatu zenuten?

A.R.: Nik ez nekien zer gertatu zitzaidan. Herri txikietan ez da horren ohikoa, eta guk ez genekien horrelakorik egiten zenik ere. Pentsatzen genuen zerbait gertatu zitzaidala.

S.: Guk ere bai, gaixo nengoela.

Noiz jabetu zineten arazoaren zenbaterainokoa zen?

S.: Chhanv fundazioa ezagutu nuenean. Lagun batek esan zidan kafetegi batzuetan nire gisako emakumeei laguntzen zietela, eta hala izan nuen Sheroes Hangout proiektuaren berri.

A.R.: Fundazioa ezagutu nuenean, bizitzeko ilusioa berreskuratu nuen. Orduan jakin nuen bazirela gehiago, eta elkarri lagun geniezaiokeela.

Zer aldatu da ordutik?

S.: Nik aurpegia estaltzeari utzi diot, eta alaba eskolara bidaltzen dut orain. Lehen ez nuen guraso agiria egiteko adorea, eta orain babestuta sentitzen naiz.

Indarkeria basatia jasan duzue zuek. Zer esango zenukete, ordea, Indiako emakumeek bizi duzuen egoeraz, orokorrean?

S.: Ezagutzen ez ditugun eta maite ez gaituzten gizonekin ezkontzera behartzen gaituzte. Harekin bizi behar duzu, baita haren familiarekin ere. Nik alaba bat daukat, eta seme bat neukan. Nire senar ohiak ez dit sekula galdetu zer moduz nagoen, eta ez dit ezer ere esan gure semea zenaz. Mutil bat jaiotzen denean, ospatu egiten da; neska bat jaiotzen denean, ezbehar bat gertatu balitz bezala da. Nik neuk ere ez dakit zer egunetan jaio nintzen.

A.R.: Nik aitortzen dut nire etxea ez dela ohikoa. Gurean, amak gobernatzen du etxea, eta nik argi daukat neuk gobernatuko dudala nire bizitza. Aitak ere asko zaindu nau; maite dut, eta ez da ingurukoen aitak bezalakoa. Erasoaren aurretik, uste nuen inork ez ninduela maite, eta gero konturatu nintzen gurasoen babesa nuela. Jende asko geratu izan da atzean, isilik. Nik ozen hitz egiten dut, hitz eginez gero jende gehiago inspiratuko dugulako.

2019/10/23

SURREALISMO.

Ejercicio de escritura automática en 4ºD. Poema colectivo único e irrepetible. 

Ilustración: Ander Martín

2019/10/10

Etxean entzundako kondairak, pasadizoak...

ARNASA



Duela asko, Bortziriak (Nafarroa) eskualdeko mendien magalean, bazen basoz, kobazuloz eta baserriz jositako herri bat, Arantza izenekoa. Ez dezala inork pentsa orduko Arantzak gaur egungoaren antza zuenik, bertako biztanleen tradizio eta ohiturak aski ezberdinak baitziren. Horietatik harrigarriena, dudarik gabe, ordainketak egiteko modua zen. Haiek ez zuten txanponik erabiltzen bizitzeko behar zituzten gauza apurrak erosteko, gaztainak baizik. Hori dela-eta, gaztainondoen presentzia izugarria zen herrian, eta udazken aldera biztanle guztiak aritzen ziren egurrezko eskailera xumea hartu, zuhaitzetara igo eta ahalik eta gaztaina gehien jaso nahian.


Fortunato ere Arantzako baserritarra zen, eta udazken aldera gaztaina asko biltzeko asmoz abiatu zen basorantz, bere egurrezko eskailera beso azpian zuelarik. Halako batean, gaztainondo handi bat ikusi zuen, kokatu zuen eskailera zuhaitzaren kontra eta hasi zen azkar batean, beldurrik gabe, zuhaitzean gora egiten. Zuhaitz oparoa zen, eta goserik gabeko urte batean irrikak Fortunato itsutu zuen. Hasi zen azkar batean, besoak ahalik eta gehien luzatuz, urrutiegi zegoen adarreko gaztaina lodi batzuk harrapatu nahian, baina ezin izan zituen hartu, oreka galdu eta zuhaitzetik lurrerainoko bidea egitea egokitu baitzitzaion. Herriko gazte batzuk hilik aurkitu zuten Fortunato arratsalde horretan bertan, heriotza eragin zion zuhaitzaren azpian, gaztaina gordinen barrualdea baino zuriago.


Herri txikietan ohikoa denez, gazteen irudimenak eta agureen jakin-minak bat egin zuten berriz ere, eta laster hedatu zen Fortunato gizajoaren heriotzaren inguruko istorioa. Horren arabera, gauetan Fortunato hil zen gaiztainondoaren ondotik igaroz gero, arnasketa geldo eta astuna entzun omen zitekeen. Batzuek zioten gizonaren arima zela, eta beste batzuek, piztia haserretu edo sorgin maltzu bat. Adore faltagatik-edo, herriko inor ez zen ausartzen gaueko ordu txikitan gaztainondo sorgindu hartara hurbiltzen.


Udazkeneko gau hotz batean, Joakin baserritarra bere etxera bueltatzen ari zela, gaztainondoaren ondotik igaro zen, bere helmugara iristeko biderik motzena baitzen. Halako batean, hots arraro bat aditu zuen gaztainondoaren inguruan. Arnasa. Hala ere, Joakin ez zen horren aurrean kikildu, eta etxera joan zen azkar batean, kandela bat hartu eta asnasketa astun horien jabea nor zen ikusteko asmoz. Ez zien bere emaztearen kezka eta erreguei jaramonik egin. Berriz ere gaztainondo ingurura heldu zenean, kandelarekin argitu zuen ilargirik gabeko gau hartan ilun agertu zen gunea. Asperen estu bat atera zen baserritarraren ahotik eta adorea bilatzen saiatu zen, pixkanaka-pixkanaka hots berezi hori zetorren lekura hurbilduz. Bat-batean, zer ikusiko eta… Astoa umetzen!


Joakin harrituta geratu zen gau hartan ikusitakoarekin, eta hurrengo egunean, herri guztiak jazotakoaren berri izan zuen. Batzuk zer esan jakin gabe gelditu ziren, eta beste batzuk ez ziren hainbeste harritu. Hala ere, iritziak medio, Joakinen adoreari esker dakigu gaur egun nor zen arnas hots horren jabea: Fortunato hil zen gaztainondo beraren azpian umetzen ari zen astoa.

ZERGATIK DUZU ISTORIOA HAIN GOGOAN?


Gogoan dut oraindik, aurreko urtean, DBH 2ko ikasleok Arantzako egonaldian geundela, istorio hau bertako monitorearen ahotik aditu nuen eguna. Istorioan aipatzen den gaztainondoaren alboan geunden, eta sekulako ilusioarekin entzun nuen kontakizuna, harrigarria iruditzen baitzitzaidan hainbeste urteren ondoren Arantzako biztanleek ahoz aho transmititzen jarraitzea. Hori dela-eta, zein ipuin eta kondaira idatzi pentsatzen hasi nintzenean, ideia bikaina iruditu zitzaidan istorioa idatzi eta ezagutzera ematea, nire oroimenean behintzat gal ez dadin.


BIHOTZEKO BALA

Txikia nintzenean, nire gurasoek familiari buruzko istorioak kontatzen zizkidaten. Baina harrigarriena nire birraitonaren istorioa da.

Nire birraitona Raimundo, 19 urte zituenean, bere familiarekin bizi zen Arabako herri batean. 1936. urtean Espainian Gerra Zibila hasi zen eta bera Asturiasera bidali zuten. 

Egun batean etsaiaren kontra borrokatzera joan ziren. Zelai bat zeharkatzen zeudenean, tirokatu zituzten. Raimundo hiru balaz zauritu zuten. Batek sabelean, beste batek besoan eta azkenak bihotzean eman zion.

Bere kideek hilda zegoela pentsatu zuten eta ibai batera bota zuten. Baina kanpaleku militarrera bueltatzean, kapitainak Raimundoren gorputza jasotzeko agindu zuen, bere familiari entregatzeko.

Gorputza hartzean, bizirik zegoela ikusi zutenez, ospitalera eraman zuten. Han sabeleko eta besoko balak kentzeko operatu zuten. Bihotzekoa ezin izan zuten kendu; izan ere, hilko zen.

Zortea izan zuen, 87 urtez bizi izan zen bihotzeko balarekin. Gainera, bere bizitza osoan osasun oso ona izan zuen. 


ZERGATIK DUZU ISTORIOA HAIN GOGOAN?


Iruditu zait zirraragarria nire birraitonak 87 urte bizi izatea bihotzeko balarekin. Horregatik aukeratu dut istorio hau. Hori gutxi balitz, nire birraitona hil izan balitz, ni ez nintzen existituko.

ROSAMUNDA eta IBAN


Duela urte asko Izartzan, Okina ondoko herri txiki batean, Joakin izeneko kondea bizi zen gaztelu handi batean. Berak Rosamunda izeneko alaba zuen. Joakinek Rosamunda Bernedoko Arnaldo printzearekin ezkondu nahi zuen, Arnaldoren familia oso aberatsa baitzen. Baina Rosamundak Iban deituriko mutil-laguna zuen. Iban Joakinen esklaboa zen, eta gazteluan elkar ezagutu zuten. Baina egun batean Joakin beraien amodioaz konturatu egin zen eta esan zion Ibani: 

- Dirua eta ohorea lortzen baduzu, nire alabarekin ezkontzen utziko dizut. 

Goiz batean, Joakin Mendozara joan zen, beti bezala. Goizero joaten zen lan egitera, eta afaltzeko orduan bueltatzen zen. Baina gau horretan ez zen bueltatu. Esklaboari bere aitaren bila joateko eskatu zion. Ibanek aurpegia estali zuen herritik ateratzea debekatuta zuelako, eta Mendozara joan zen. Bidean Joakin ikusi zuen, baina ez zegoen bakarrik. Haren ondoan gizon batzuk zeuden laban batekin kondea hiltzeko asmoz. Ibanek bera libratzea lortu zuen eta zera esan zion kondeak: 

- Eskerrik asko, mutiko, bizia salbatu didazu. Tori eraztun hau opari bezala. 

Joakin ez zen konturatu libratu zuen mutikoa Iban izan zenik. Hilabeteak pasatu ziren eta kondeak esan zion ohorea lortzeko gerrara joan behar zuela, eta horrela egin zuen mutikoak. Rosamunda geroz eta maiteminiduago zegoen, baina Joakinek ez zuen nahi esklabo bat bere alabarekin ezkontzerik. Horregatik, gerratik bueltatu ondoren, zera esan zion kondeak morroiari: 

- Ohorea lortu duzu gerrara joateagatik, baina oraindik dirua lortzea falta zaizu. Okinako mendien artean Silo deituriko osin bat, zulo sakon bat, dago. Osinean sartzen bazara soka honekin eta altxorrarekin ateratzen bazara, nire alabarekin ezkontzen utziko dizut. 

Joakinek Ibani honi esan baino lehen, soka izorratu zuen, horrela osinetik bizirik ateratzea guztiz ezinezkoa zelako. Arratsalde horretan Iban lagun batekin Silora igo zen. 

- Mesedez, laguna, eraztun hau zaindu. Kondeak eman zidan Mendozan libratu nuenean. Bizirik ateratzen banaiz, Rosamundari emango diot. Bestela, kondeari itzuli.- Esan zion eraztuna eman bitartean. 

Herritar guztiak igo ziren mendira begiratzera. Rosamunda oso urduri zegoen. Kondea, berriz, oso lasai, bazekielako Iban ez zela bere alabarekin ezkonduko, emandako sokarekin ezinezkoa zelako zulotik ateratzea. 

Mutikoa zulora sartu orduko, kondeak eraztuna ikusi zuen haren lagunaren eskuetan. 

- Kaixo, mutil. Zu izan al zinen bizitza salbatu zidana? Horixe da eman nizun eraztuna. - Esan zuen kondeak harriturik. 

- Ez. Nire laguna, Iban, izan zen. Berak eman dit gordetzeko. 

Momentu horretan Joakin konturatu zen Iban izan zela bere salbatzailea, eta mutikoa zulotik ateratzeko agindu zuen. Baina beranduegi izan zen. Ordurako soka apurtu zitzaion, zulora erori eta hil egin zen. 

Rosamunda eta kondea negar egiten hasi ziren eta bat-batean neskatoak zuloan behera salto egin zuen. Iban eta Rosamunda hil egin ziren Joakinen erruz, eta horren ondorioz, kondeak bere gaztelua utzi eta herritik alde egin zuen.

Ordutik esaten da gauero argi bat ateratzen dela osinetik, Ibanen eta Rosamundaren arima.

ZERGATIK DUZU ISTORIOA HAIN GOGOAN?

Nire aitonak kontatzen zidalako aukeratu dut istorio hau. Gainera, nire herri ondoan gertatu omen zen istorioa.

ASPALDIKO KONTAKIZUNAK

Nire amonak eta aitonak txikiaK zireneko kondaira asko kontatzen dizkidate. Nire amonak esaten dit gaur egun ditugun teknologia berri eta gauza moderno guztiei begiratzean, haiek txikitan Historiaurrean edo Prehistorian bizi zirela dirudiela.

Askotan kontatzen zidan istorio dibertigarri hau. Txikia zenean, askotan bere osaba bisitatzera joaten zen, eta baserri batean bizi zenez, ez zegoen komunik. Beraz, animaliak zeuden lekura joan behar zen. Nire amonari ez ez zitzaion batere gustatzen eta beldurra pasatzen zuen. Gorroto zuen oilo guztiak begira egotea txiza edo kaka egiten zuen bakoitzean. Egun batean, oilo batek haginka egin zion ipurdian eta denbora asko egon zen hara bueltatu gabe, esperientzia hori bizi ondoren.

ZERGATIK DUZU ISTORIOA HAIN GOGOAN?

Nire amonaren etxera joatean, askotan kontatu izan didalako kondaira.

2019/10/03

BATXI 2 - Lur eta ingurumen zientziak

Batxilergo 2ko ikasleek "Lur eta ingurumen zientziak" irakasgaian gizakiak ingurunean izan duen inpaktua azaltzeko egindako komikia.