2017/09/30

DBH 4koen kronikak..... Azken egunak

Osteguna, 28

Laugarren eguna Holandan!

Gaur goizean Bredara joan gara, teknologia tailer batera. Bertan hainbat jarduera egin dugu, besteak beste, film labur bat grabatu, bonbila-zirkuitua egin, bideoak ikusi…

Goiza hor eman ostean, Bredako erdigunea bisitatzera joan gara, eta bertan ordubete eman dugu.


Egia esan, goizeko tailerra oso luzea iruditu zait, eta Bredan izan dugun “free time”-a, aldiz, oso laburra. Hala ere, oso interesgarria izan da hiria ikustea eta hainbat dendatan erostea.

16:30ak aldera iritsi gara etxera. Heldu bezain laster, bideoa grabatzen hasi gara Liekek Youtuben duen kanalera igotzeko. Oso dibertigarria eta barregarria izan da. Izugarri ondo pasatu dut.

Arratsaldean Holandako janaria probatzeko afari-merienda izan dugu. Euskal dantzara goazenok agurra eta fandangoa dantzatzekotan geratu ginen, baina ez geneukan ezer prestatuta. Gauzak horrela, erabaki dugu puntual iristea eta bi minutuan muntaia egitea. Kontua da Lieke orduarekin nahastu dela eta berandu iritsi naizela. Zer nolako sustoa hartu dudan!

Behin ere entseatu gabe atera naiz dantzatzera.

Hala ere, gauzak ondo irten zaizkigu eta gustura geratu gara. Eskerrak!

Afari-meriendaren ondoren, asteartean bezala, holandar baten etxean elkartu gara hamar bat pertsona. Gehiago ezagutu dugu elkar eta gau polita igaro dugu.

Bihar azkeneko eguna dela sinistu ezinik nago oraindik. Astea mundiala izaten ari da!

******************
Ostirala, 29

Gaur azkeneko eguna!
Eguneko lehenengo jarduera “town game”-a izan da. Berez, herrian zehar lantxo txikiak betetzen joan behar ginen, baina 10 minutu besterik ez dira igaro gure taldea bitan banatu denean, eta ez dugu jokoa behar bezala bete. Horren ordez, herria ikusten egon gara gure kasa.

Hori eta gero, museora joan gara. Lehenengo zatian kanpaiak eta erlojuak ikusi ditugu eta oso interesgarria iruditu zait. Bigarren zatian, aldiz, lurraren inguruko informazioa eman digute. Esan beharra daukat zati honetan gehiago aspertu naizela, baina orokorrean polita izan da.


Bazkaldu ostean, proiektu bat burutu dugu eskolan. Zubi bat eraiki dugu espageti eta gozokizko hodeitxoekin. Egia esan, ez zaigu oso txukuna geratu; izan ere, zentratuago egon gara hodeitxoak jaten lanean baino.

Klasea amaitu eta gero, holandar baten etxera joan gara pare bat ordu igarotzera. Badakizu zer izan den dibertigarriena? Ohe elastikoan salto egitea lagunekin, izugarrizko barreak egin baititugu.

Afaldu eta gero, azken eguneko festa izan dugu. Denok oso dotore jantzita eta ondo pasatzeko asmotan joan gara. Elkarrekin igaro ditugun azkeneko orduak izanik, topera bizi nahi izan dugu momentua. Batzuk dantzan, beste batzuk abesten eta beste batzuk… bueno, hori sekretua da. Kontua da festa ikaragarria izan dela.

Bihar agur esan beharko diogu herriari eta familiari. Ez dut etxera itzuli nahi. Niregatik izango balitz, beste hilabete batez geratuko nintzateke.

******

Larunbata, 30 

Gasteizera buelta. EZ, MESEDEZ.

Bart gauean oso lo gutxi egin dut. Alde batetik, nahiko berandu iritsi ginen festatik, eta bestetik, ahaztuta nengoen erabat maletaz. Horren ordez, kronika idazten egon nintzen. Batzuetan burua joaten zait.

Goizeko 5:30ean jaiki naiz hiru ordu eta erdi lo eginda. Dena ondo prestatu ondoren, gosaltzera jaitsi naiz eta familiak oparitxo bat eman dit. Bertan, ahizpa eta aita agurtu ditut. Ondoren, ama, Lieke eta ni eskolarantz abiatu gara.

Autobusera igo aurretik denok elkar agurtu dugu eta taldeko argazkia atera dugu. Ez nuen uste hain hunkigarria izango zenik. Batzuk negarrez hasi dira eta gainontzeko guztiok kutsatu gaituzte. Tristura handiz igo gara autobusera.

Hegazkinean turbulentziak izan ditugu lur hartzerakoan eta beldur pixka bat pasatu dugu.

Gainontzeko guztia oso azkar igaro da, konturatzerako Gasteizen geunden jada.

Esperientzia ezin hobea izan da. Oso gustura sentitu naiz familiarekin eta lagun berri asko egin ditut. Gainera, ingelesa pila bat hobetu dut. Triste nago amaitu delako, baina aldi berean oso pozik, dena izugarri ondo joan delako.

Hitz politak besterik ez ditut bidaia hau deskribatzeko.

Eskerrik asko denoi!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina