2017/09/27

DBH 4ko ikasleen kronikak...

Ikastola maitea:

Gure bigarren eguna igaro dugu. Gaur goizean goiz altxatu gara (6:15ean), eta jarraian gosaldu egin dugu. Nik (Ainarak) ogi zati bat hartu eta gurinarekin batera txokolatezko biruta batzuk bota dizkiot eta ondoren erditik tolestu dut. Jam! Uxuek, berriz, ogi zatian mortadela jarri eta nire moduan erditik tolestu du. Zelako bitxia benetan! Tripa bete ondoren, dutxa azkar bat hartu, prestatu eta janaria hartu dugu. Hona hemen gure bazkaria:

Ainara: mortadelazko sandwich bat, pepinoa eta tipikoak diren bi galleta. 
Uxue: mortadelazko sandwich bat, sagar bat eta gofrea. Zelako gutxi! 

Ostean, bizikleta hartu eta ikastolara abiatu gara (6 km) bertan autobusa hartu ahal izateko. Ia bi orduko bidaia egin ondoren, Valkenburg-era iritsi, pixka bat ibili eta koba batzuetan sartu gara. Bertakoa ikusi ahal izateko, tren batzuetara igo eta trena martxan zegoen bitartean gidariak bertako istorioa kontatu du. 
30 minutu ondoren, kobetatik irten eta "mendi" bat igo dugu, tobogan batzuetan ibiltzeko. Zelako abiadura! Oso ondo pasatu dugu. 

Ostean, "mendia" jaitsi eta izozki batzuk jan ditugu. Zein onak dauden! Errepikatzeko moduan dudarik gabe! 

Tarte bat pasa ondoren, irakasleek mapa batzuk eman dizkigute bi orduren buruan "gertu" dagoen gaztelu batean elkartzeko. Bakoitza bere aldetik joan da: batzuek bertako patata batzuk erosi dituzte, beste batzuk argazkiak ateratzera joan dira eta gu, berriz, abenturan murgidu gara. Nahigabe, koadrilla bat elkartu gara: Endika, June biak, Garazi eta Uxue eta biok. Mapa hartu eta bidera abiatu gara. Supermerkatu bat ikusi eta kuriositate handia dugunez, denok batera barrura sartu gara. Benetan gauza bitxiak saltzen dituzte bertan! 

Txokolatea, edaria eta Oreo galletak batzuk hartu ondoren, ordaintzera joan gara. Ilaran jarri eta holandar batzuek esan digute bertako dendariari motxilak erakutsi behar dizkiogula. Eta bai. Arrazoia dute. Gure kasuan ez da ezer gertatu baina gure lagun batzuei bai: botila batzuk ur eraman dituzte (zabalik) eta baita TUC pakete batzuk ere, eta dendan produktu horiek beraiek ere saltzen dituztenez, dendaria asko haserretu da, pentsatu duelako lapurtu egin diogula. Baina, zorionez dendatik joaten utzi digu. Zelako barreak bota ditugun bidean! "Hara, ur botila lapurtu beharrean, bere bihotza lapurtu diot" esan du batek. 

Pixka bat baretu garenean, berriz ere bidean jarraitu ahal izateko jendeari galdetu diogu ea nondik joan behar dugun: "Hello, do you speak english?". Batzuek baietz eta beste batzuek ezetz, normala denez, baina gu keinuen bidez komunikatu gara. Ez dakigu nola baina baso batean sartu eta hor ibili gara, ibaiari jarraitzen, "follow the river" kantatu dugun bitartean. Ordubete pasa ondoren, azkenean gaztelura heldu gara. Ederra bai, benetan! 

Han lagunekin elkartu eta haiek bide motzetik joan direla esan digute. Ordu erdi besterik ez dute behar izan eta! 

Bertan edari tipiko bat dastatu, bazkaldu, taldearen argazki bat atera, eta berriz ere autobuseraaaaa! 

Bi ordu eta kitto: Astenera heldu gara. Han gure bideak banatu dira. 

Ni (Ainara), Naia eta bere holandesarekin elkartu eta leku batera joan gara hanburgesa bat jatera, hau da, afaltzera. Arratsaldeko seietan! Ai ene! 

Izozki bat jan ondoren, etxe batera joan, eta laurak batera lo egin dugu logela batean, telebista ikusi dugun bitartean. 

Uxuek, berriz, etxera iristean afaldu du eta 19:15ean Irati eta bere holandesa jasotzera joan dira. Ostean lagun baten etxera joan eta festa txiki bat ospatu dute, hamabi pertsonarekin batera. Gauean etxera itzuli eta oheratu dira. 

Ikusten duzuen moduan, hau izan da gure bigarren eguna, sorpresa ugariko eguna eta bertan dituzue argazki batzuk! 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina