2014/10/27

IKASI, IKASI eta IKASI

Ezer jakin gabe jaiotzen gara. Urtebete kostatzen zaigu ibiltzen hastea eta besteei begiratuz ikasten dugu, behin eta berriro saiatu ondoren, behin eta berriro lurrera erori ondoren, baina lortu egiten dugu. Komunikazioa beranduago dator… Lehenengo entzun eta pixkanaka hitz egiten hasten gara. Nola edo hala lehenengo hitzak ateratzen zaizkigu, hain da handia gure komunikatzeko gogoa… eta azkenean, akatsez akats gure hizkera eraikitzen goaz.

Ondoren lehen ipuinak datoz, hasieran ez dakigu zer jartzen duen paper horietan, irudi arraro horiek nola deszifratu. Baina gero irakurtzen ikasten dugu, idazten, margotzen… Eta liburu lodiagoak irakurri nahi ditugu, esaldi luzeagoak idatzi, marrazki zailagoak egin...

Musika gustuko izanez gero, tresnak jotzen ikas dezakegu: pianoa, gitarra, bibolina, tronpeta… Eta guk geure musika sortzen ikasten dugu.

Beranduago gehiketak eta kenketak datoz, ordenagailuen erabilera, kirola egitea, lehenengo makarroiak sukaldatzea, lehen mendia igotzen dugu… Eta hasieran zaila egin daiteke eta nekatu egin gaitezke, baina esaerak dioen bezala “gogoko tokian, aldaparik ez”.

Ikastea zeinen polita den ikusten dugu, ilusioz, jakinminez… ikastea. Euskaldunak garenez, gure hizkuntzan, euskaraz, ikasi nahi dugu hori guztia. Baina batzuk hobeak dira saski-baloian, beste batzuk bibolina jotzen, beste batzuek erraztasuna dute literatura ikasteko, batzuk, matematiketan ere oso jaioak dira… bakoitza ezberdina baita.

Denok eduki beharko genuke hori egiteko eskubidea, zertan onak garen deskubritzeko aukera, nahi duguna ikasi eta izateko tartea. Horregatik, LOMCE legea ez dago guretzat egina, gure hizkuntzan ikasi nahi dugulako, benetan ikasi nahi dugulako, ez ditugulako buruan ideia txoroak sartu nahi, eta etorkizun edo orainaldi batean baliagarri izango ditugun gauzak ikasi nahi ditugulako. Ikasi egin nahi dugu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina