Gaur goizean esnatu eta denok urduri samar. Nahikoa arropa sartu al dut maletan? Zerbait ahaztuko al zait? Nolakoa izango da niri tokatu zaidan familia? Ingelesez ulertzeko eta aritzeko gai izango al naiz? Nola pasako dugu 44ok Loiuko kontrola?
Ikastolan goizeko 10:30ean elkar ikusi dugunean, lasaitu gara.Gure maletak eta bokatak... Autobusez Bilborako bidaia lasaia izan da. Gure eremuan geunden oraindik ere. Abestiak, barreak, txantxak eta giro ona. Aireportuan errenkadan jarri eta fakturatu dugu. Dena nahiko azkar. Berriz ere ilaran poliziaren kontrola pasatzeko. Une horretan nerbioak dantzan. Motxila begiratuko al didate? Joko al du traste horrek? Dena ondo joan da, arazorik gabe.
Bazkaria aireportuan lasaia izan da. Izkinatxo batean jarri gara eta bokata jan heinean, mugikorrak tope lanean. Berriro ere errenkadan enbarkea egiteko eta esertzeko (hirugarrena dagoeneko). Despegatzerakoan norbaiti garrasitxo batek ihes egin dio baina hegaldia lasaia izan da, hegazkina ez da apenas mugitu eta lurra ondo samar hartu dugu.
Berriro galderak: Helduko ote zen maleta? Izango al dut biharko arropa garbirik? Bada, bai. Maleta guztiak heldu dira eta ez dugu gehiegi itxaron behar izan. Bruselasen gaude. Orain Astenerako autobusa hartu behar. Guy, gure Holandako kontaktua, gure zain zegoen aireportuan. Hiru musu emanez irakasleak agurtu ditu (Belgikan hiru, Holandan bi) eta autobusera joan gara. Errepidean bi ordu eman eta gero (a zer nolako kotxetzarrak dauden Holandan!), Astenera heldu gara.
Ez genuen eskolan sartu nahi. Zer nolako lotsa! Familiak teknologia tailerrean gure zain zeuden. Oso ezberdina da holandarrekin whatsapeatzea eta aurrez aurre horiekin egotea. Zein urduri jarri garen! Ez genekien zer egin, musu eman, eskua eman, hitz egin… Hamar minutu pasa eta gure bikotearekin geunden egoera berri bati aurre egiteko prest. Nola joan den?
BIHAR KONTATUKO DIZUEGU
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina