2016/09/29

Holandatik... 3. eguna


Irailaren 28a, asteazkena

Gaur goizago, zortzietarako denok gure Varendonck eskolan elkartu gara. Atzo arratsalde partean elkartu ginen batzuk Someren herriko jaietan. Azken jai eguna herrian eta aprobetxatu behar. Gustura denok. Batzuk gofreak erosten, beste batzuk barrakei begira, irakasleak afaltzen... Ederto guztiok!

Goizean eskolan gure zain, orain arte bezala, bi autobus eta bi talde handitan banatu gaituzte, bakoitzean erdiak holandarrak eta beste erdiak euskaldunak. Autobus bat lehenengo Technopolisera joan da eta ondoren Fort Breendonk, kontzentrazio- eta sarraski- esparrura. Biak ala biak Belgikan. Beste autobusak alderantziz egin du txangoa.




Technopolis, zientzia eta teknologian oinarritutakoa, gure Donostiako Zientzia Museoaren pareko baina bertan gauza berriak ikusteko, probatzeko eta entzuteko aukera izan dugu: fakirren antzeko ohean etzan gara inongo minik hartu gabe; bost metrojo altueran zegoen bizikleta zintzilikatuan ibili gara, funanbulisten pare; bihotzaren taupadak markatu dizkigu danbor batek; gurpildun aulkian ibiliko bagina bezala, lasterketa birtualak egin ditugu; soinuarekin, urarekin eta beste hainbat osagairekin jolastu dugu. Pare bat ordu pasa dira enteratu orduko. Zerbait jan, luncha, eta bigarren bisitaldia egitera.



Oraingoan historiari heldu diogu. Nazismo garaian inguruko juduek bizi izan zuten esperientzia gogor eta latza sentiarazi eta erakutsi nahi izan digute. Hango logela hezeak, hango ohe zarpailak, hango sufrimendua... Eta han gertatutako guztiei zor diegun errespetua markatu digute bisita osoan zehar. Egia esan, azalpenak eman dituen horren eragina handia izan da eta aldea egoten da batzuetan baten eta besteren artean. Hala ere, denok irten gara hunkituta.



Gaur ere “elkarrekin aritzeko” eguna izan da. Antzina LIGATZEA esaten genion honi. Gure neska-mutilak beste taldekoekin hitz egiten ausartzen dira. Mugikorrek izugarri laguntzen dute “elkar eragin” horretan. Gure ustean hau hasi baino ez da egin.

Autobusa hartu eta izugarrizko trafikoa topatu dugu. Bostak eta laurdenetarako herrian elkartu behar genuen autobus biok eta seiak eta hamar direnean, errepidean gaude.

BIHAR KONTATUKO DIZUEGU NOLA BUKATU DEN GAURKO ABENTURA

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina