2016/09/28

Holanda - 2. eguna


2016ko irailaren 27a, asteartea

Goizeko zortzi eta erdiak. Irakasleok heldu gara eta hara non aurkitu ditugun ikasle guztiak atzoko gorabeherak kontatzen. Etxea nolakoa, atzoko Someren herriko jaiak, barrakak… “Nireak berrehun behi ditu”, “Nireak izugarrizko kotxea du, zaratarik apenas egiten ez duena”, “Ogia beltza da nire etxean. Ogi “begetala” da. A, ez integrala”… Denetarik entzun dugu. “Gezurra dirudi. Holandan gaude. Etxean gaudela ematen du baina”.

Autobusean ordu eta erdi inguru egin eta gero (trafikoa galanta da bertan), heldu gara Valkenburgeko kobazulora. Gerra hotzean babesleku izandako kobazuloa, komun, dutxa eta guzti. Orain arteleku bihurtuta. Zorionez inoiz erabili behar izan gabea. Bertan bost laku daude, edateko ur eta guzti. Hotza bai, 12ren bat gradu. Labirinto galanta, maparik gabe galtzeko modukoa.



Bertatik atera eta altxor bila moduko bat antolatu digute. Hiru txokotatik pasa behar baina bitartean herriari hamaika buelta eman omen dizkiogu. Laua dela Holanda. Bai zera! Toboganing egiteko aldapa egin behar eta ondoren tiketa hartu eta goitibehera moduko batean aldapan gora eta behera. Beste txoko batera heldu eta izozkia jateko tiketa gure zain. Beste txokoan izugarrizko gaztelu polita!

Kontua da lauretan denok autobusean egon behar ginela eta horrela egin dugu. Inor ez da galdu. Bueltarako bidea egin dugu eta eskolan elkartu gara denok. Bakoitzak bere bizikleta hartu (bertako kotxeak handiak direla, gero! A zer nolako bizikletak! Bi metroko ikasleak ere baditugula ematen du baina) eta ikasleak agurtu ditugu:” Arratsalde ona izan. Ondo lo egin eta bihar arte”.

BIHAR GEHIAGO

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina