Irailaren 30a, ostirala
Gaur ezer gertatuko ez balitz bezala ibili bagara ere, denok dakigu hori horrela ez dela. Azken eguna da gure familia berriarekin, gure anaia-arreba berriekin eta gure eskola berrian. Gaur Varendonck ikastetxeko ikasleak izan gara. Lehenengo lau eskolatan egon gara. Zortzi eta erdietan Alaitzekin egon beharrean ingelesez historia ematen zuen andere holandar batekin egon gara; bederatziak eta hogei zirenean, beste gela batera joan eta ingelesa eman dugu Ana Lisekin, Amaia Ibaibarriagaren izugarrizko antza zuen irakaslearekin; 20 minutuko “break”-a izan dugu mokadu bat egiteko, Karenekin geografia landu dugu eta, bukatzeko, Maitane holandarra ezagutu dugu eta honek gure eskua eta bere itzalak marrazteko agindu digu. Hamabiak eta hamarrean (ordutegi hauek oso xelebreak dira guretzat) eskolako DBHko ikasle holandar guztiekin bazkaldu dugu aulkiak zituen baina mahairik gabeko gela erraldoi batean (a zer nolako ohitura arraroak!).
Eguerdi aldean Astenen pista-jolasa izan dugu. Gero eta konfidantza handiagoa dugu, beldurrik ez dugu eta horregatik familiarentzako oparitxoren bat erosten ausartu gara. Batzuk izugarrizko pagotxa izan eta aukera paregabeak ere aurkitu dituzte dendaren batean.
Hiruretan bakoitza berera. Arratsaldeko planak erakargarriak: gehienak familiarekin etxetik kanpo afaltzera joango dira eta ondoren, dirudienez, denok agurtzeko jaia antolatzen ari dira. Non? Noiz? Norekin? Nola? Oraindik ez dakigu. Gazteek duten inprobisatzeko eta antolatzeko gaitasuna itzela da. Bihar zuen seme/alabek aurrez aurre kontatu ahal izango dizuete.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina