2016/10/24

AITZAKIA GALANTAK EMATEN TREBATZEN... (II.deialdia)

Iaz hasiera eman genion horrelakoetan trebatzeko saioari eta hona hemen aurten asmatutakoak:

ETXERA BERANDU HELTZEKO AITZAKIAK...


Gaueko 04:30ean etortzeko baimena eman zenidaten. 04:00etan etxerako bidean nengoela, aspaldi ezagututako lagun batekin aurkitu nintzen, Unairekin. Egia esan, gehiegi edan zuen, eta bakarrik ezin nuen utzi etxerako bidean, edozer egin ahal zuen eta.

Etxerako bidea luzeegia izan zen, Unai besoetan hartuta. Izan ere, hain handia zen bere mozkorra, ibiltzen ere ez zekiela. Bere etxera iristeko bi metro geratzen zirela nire besoetatik askatu eta korrika hasi zen. Ezin nuen sinistu! Korrika hasi zen! Korrika bere atzetik nengoela ezinezkoa izango zen bera harrapatzea.

Bere pista jarraitzen saiatu nintzen eta bat-batean, beste mutiko batzuekin borrokan zegoela ikustean, berarengana abiatu nintzen azkar-azkar. Baina, iritsitakoan, odoletan zegoela ikusi nuen. Momentu hartan berarekin medikuarenera joatea izan zen nire ideia bakarra. Baina Unai horrela ikusita, hau da, mozkortuegia  zegoela ikusiko balute, bere gurasoei deituko liekete, eta ez nuen uste hori gustatuko litzaiokeenik. Korrika batean odola garbitu, eta bere etxerako bidean joan ginen. Bere gurasoak ere bere zain zeuden, eta aitzakiak jarri arren ez zuten gure istorioa sinistu, eta Unai gaixoa bi astean etxetik atera gabe zigortu zuten. Gertaera honen ondoren etxerako bidean etorri nintzen.


Sinistu nahi ez baduzue, ez sinistu baina probak izan baditut ... Baietz, Unai?
.......................................

00:00ak direla bi pertsona guregana etorri dira eta droga eskaini digute. Nik ez dut nahi baina Jonek nahi du. Berak ez du dirurik eta orduan esan die gero ordainduko duela eta diruaren bila joan gara. Nik galdetu diot nondik lortuko duen dirua eta berak esan dit ez duela ordainduko. Ni hor beldurtu naiz eta esan diot ordaintzeko jende maltzurra delako, baina ez dit kasu egin. Ordubete geroago izkina batean gaude. Jone bere marihuanarekin porru bat egiten dago. 

Momentu horretan, auto zahar bat abiadura handiarekin etorri da guregana. Gure aurrean gelditu da eta hiru pertsona jaitsi dira. Horietako bik pistolak dituzte eta Jone hartu eta kotxean sartu da. Beste batek pistolarekin esan dit hiru ordu ditudala Jonek erositako ehun gramoak ordaintzeko eta beste ehun gramo ordaintzeko ere edo bestela Jone buruan tiro batekin agertuko dela eta autoan sartu eta joan dira. Ni oso beldurtuta egon naiz. Zerbait egin behar dut nire lagunaren bizitza salbatzeko. Nire lagunengana korrika batean joan naiz, baina denok mozkortuta daude eta ezinezkoa da beraiekin hitz egitea. Korrika batean joan naiz beste lagunengana, baina beraiek ez dira oso eskuzabalak. Esan didate bakoitza bere praketan sartzeko eta joan dira. Azkenean, bakarrik geratu naiz nire aitak eta aitonak emandako 20 euroekin eta 1000€ ordaindu behar dut. Azkenean, lagunik gabe ez dakit nora joan eta orduan plazan dauden poliziengana joan naiz. Esan didate banda hori oso famatua dela eta luze daramatela beraien atzetik. Orduan, mila euroak eman dizkidate plastikozko poltsa batean eta esan didate beraiengana joateko. Horra joan naiz beldurtuta. Jonerekin haserretuta nago. Zertarako nahi du hainbeste? Horra heldu naiz, lehengoak hor daude. Beraiengana hurbildu naiz eta esan didate “Se nota que quieres a tu amiga”. Dirua eman diot eta poltsa hartu duenean, 20 polizia guztiz armatuta agertu dira. Poltsa zuenak pistola bat atera du eta polizia bati tiro egin dio baina azkar 3 tiro sartu dizkio poliziak bahitzaileari.

Azkenean, bahitzaile guztiak errenditu dira eta Jone bizirik atera da. Besarkada bat eman diot, biak negarretan. Justo erlojua begiratu dut eta ikusi dut berandu dela eta korrika hasi naiz hona heldu arte eta horregatik berandu etorri naiz. Hori da gertatutakoa, ama!
.......................................................

18:00etan lagunekin lokalean nengoen, festarako prestatzen ari ginen. 19:00etan atera ginen lokaletik eta gau lasaia zen. Zortzietan hasi ziren kontzertuak, baina ez zen ezer interesgarririk pasatzen. Hamabiak arte dena lasai egon zen.
Bat-batean, polizia agertu zen plaza erdian eta mundu guztia baztertu zen. Norbait lurrean zegoen, nire lagun hoberena zen. Azkar joan nintzen bere ondora. Kolpe bat zuen begian, norbaitek jo izan balu bezala, eta ni ez nintzen ezta konturatu ere. Minutuak pasatu ziren, niretzat orduak ziren, eta azkenean anbulantzia heldu zen. Pertsona bat igo behar zen berarekin anbulantzian eta ni igo nintzen. Ospitalera heltzean, itxaroteko gelan eseri nintzen, medikuaren zain. Medikua atera zen eta lagunari zauriak sendatu zizkiola esan zidan. Nire laguna atera zen eta besarkada bat eman nion. Ospitaletik atera ginen eta gertatutakoa kontatu zidan. Bat-batean ordua begiratu nuen eta goizeko zortziak ziren. Etxetik urrun geunden eta autobusa hartzea pentsatu genuen.
 
Autobusa hartu genuen eta herriari buelta osoa eman zion gure etxera heltzeko. Azkenean, etxera heldu nintzen, baina bederatziak ziren. Nire laguna agurtu eta etxean sartu nintzen.

Horiek dira atzoko gorabeharak. Benetan, aita, horrelaxe gertatu zen!

NOLA ESAN UME TXIKI BATI BARANDA BATETIK JAISTEKO?

Beste ikastola egun aspergarri eta neketsu bat gaindituta, azkenean. Bat gutxiago, beste lau gelditzen dira. Kaka zaharra! Gorroto dut hain goiz esnatu behar izatea, gorroto dut. Beranduago altxatu beharko bagina behintzat gogo handiagoarekin egingo nuke lan eta etorkizunerako prestatu. Etorkizuna. Hor dugu gorroto dudan hurrengo kontzeptua.

Nire pentsamenduetan murgilduta noala, hara non ikusten dudan ume bat baranda batera igota. Eta ez da hala-nolako baranda bat: altura nahiko dago lurretik bertara eta itxura oso irristakorra du. Berehala umearengana hurbildu eta barandatik jaisteko konbentzitzen hasi naiz, arriskutsua delakoan:

-Aizu, ume, zertan zabiltza baranda gainean?
-Zuri zer axola zaizu?

Hori erantzun didanean, segituan konturatu naiz zaila izango dela umea bertatik jaistea, baina mirari gisa nire burmuinak ideia on bat eduki du.

zulo beltza bilaketarekin bat datozen irudiak-Bueno, zuretzat okerrago, aurrekoan baranda horretara igota ikusi nuen umeari gertatu zitzaiona gertatuko zaizu.

-Zer gertatu zitzaion?

-Bueno, bada, baranda horretan igota zegoelarik, derrepentean puntu beltz bat azaldu zitzaion bere aurrean eta pixkanaka-pixkanaka handitzen hasi zen.

Umea bertatik urruntzen saiatu zen, baina barandara itsatsita zegoela konturatu zen eta bertatik mugi ezinik geratu zen. Guztiz beldurtuta zegoelarik, puntu beltza berarengana hurbiltzen hasi zen eta jan egin zuen. Umea desagertu egin zen eta inor ez zen bere bila hasi.

Niri begira gelditu zitzaidan guztiz harrituta, eta aurpegia aldatu gabe, barandatik jaitsi eta bere amarengana abiatu zen.

Guztiz harrotuta etxerako bidea jarraitu nuen, gorroto nituen gauzen zerrenda eginez.

.........................................

-Badakizu zer gertatu zitzaion halako baranda batera igo zen umetxo bati? Baranda berde baten gainean zu bezala zegoela, aurreko egunean euriak bustitako leku bat zapaldu zuen, eta zapatilen zola oso gastatuta zuenez, irristatu eta lurrera erori zen.

Erortzean, bere buru gogorrarekin lur zurruna apurtu eta udaletxeko langileak berarekin haserretu ziren, gero beraiek konpondu beharko zutelako umeak apurtutako lurra eta nahiko garestia zelako.

Hurrengo egunean, udaletxekoek telebistako antena kendu zieten umea eta bere familia bizi ziren eraikineko guztiei. Ezin izan zuten telebista gehiago ikusi eta umea “patrulla canina” gabe geratu zen. Hori zuri gertatzea nahi duzu? Bada, jaitsi hortik segituan.

.............................................

Ikastolarako bidean, ume txikitxo bat ikusi nuen baranda batean igota. Arriskutsua dela iritzita, handik jaisteko esan nion, baina ez zidan kasurik egin. Beraz, istorio bat asmatzea pentsatu nuen, hura konbentzitzeko. “Badakizu zer gertatu zitzaion halako baranda batera igo zen umetxo bati?” hasi nintzen. Banuen bere atentzioa; beraz, jarraitu nuen:

Duela urte batzuk horrelako baranda batean zure adina-edo izango zuen umetxo bat bere gurasoei itxaroten zegoen ikastolan. Aspertuta zegoenez, baranda batean esertzea erabaki zuen, erosoago egoteko. Barandan eserita zegoela, irristatu egin zen eta buruarekin barandaren kontra jo zuen. Gurasoak bere bila iritsi zirenean, lurrean botata aurkitu zuten, konorterik gabe, eta burutik odola zeriola. Bere gurasoek anbulantziari deitu zioten, eta presaka ospitalera eraman zuten. Zorionez, umea ez zen hil, baina buruko kolpearen ondorioz memoria arazoak izan zituen aurrerantzean. Beraz, badakizu... Baranda horretatik jaisten ez bazara, sekulako kolpea har dezakezu, eta memoria gabe geratu.

Istorioa amaituta umea begiratu nuen, aurpegian izu puntu bat zuen. Egia esan, normala, ez da oso istorio atsegina. Segituan, barandatik jaitsi zen, eta esan zidan: “Ez naiz berriro barandara igoko” eta banku batera joan zen. Nik ikastolarako bidean jarraitu nuen. Hurrengo goizean, bide berean, umea berriro ikusi nuen, baina oraingoan banku batean eserita zegoen. “Istorioak zerbaitetarako balio izan du” pentsatu nuen, eta ikastolarantz jarraitu nuen.
.......................................................

Egun batean ba al dakizu zer gertatu zitzaion nire lagun bati ? Bada, kontatuko dizut istorioa. Adi egon.

Orain dela asko, gutxi gorabehera duela 15 urte gertatu zitzaion. Patiora lasai-lasai atera zen jolastera bere lagunekin. Bere hamaiketakoa jan ondoren, jolas berri bat asmatu zuten. Eskalada jolasa deitu zioten. Baina ez zuten toki bat eskalada egiteko. Egun osoa eman zuten gora  eta behera eskalada toki egoki baten bila.

Hurrengo egunean ikastolan sartu baino lehen, barandan fijatu zen. Perfektua iruditu zitzaion, oinak sartzeko eta eskuekin baranda ondo hartzeko aukera ematen zuen. Ez zuen pentsatu bi aldiz eta bere lagunak ikusitakoan, bere proposamena esan zuen. Bere lagunei ideia ikaragarria iruditu zitzaien. Poz-pozik jarri zen eta patio ordua iristeko gogoz zegoen. Txirrinak jo zuen eta azkar batean eskailerak jaitsi zituen eta bere lagunekin barandan elkartu zen. Berak azkenengoa igotzeko eskatu zuen. Bere lagunak igotzen hasi ziren eta oso erraza iruditu zitzaion. Ez zen inor erori barandilatik. Baina bera igotzeko prest zegoenean, txirrinak jo zuen eta ezin izan zuen barandila igo. Triste-triste jarri zen, hurrengo eguna izan arte  itxaron behar izan zuen.

Azkenean hurrengo eguna zen. Baranda igotzeko gogoz zegoen. Igotzen hasi zen, erraza iruditu zitazion eta azkarrago igotzen hasi zen. Baina kale egin zuen, lurrera erori zen eta burua ireki zuen. Medikuarenera eraman zuten eta puntuak eman zizkioten. Ez zen beste inoiz igo baranda batera.  


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina