Euskara, Euskal Herriko hizkuntza, Europako hizkuntza zaharrenetako bat da. Horretaz gain, mundu mailan oso hizkuntza arraroa ere bada, hizkuntzalariek ez baitakite non duen jatorria eta ondorioz, euskarak gaur egun izugarrizko misterioa izaten jarraitzen du.
Horretaz guztiaz gain, euskara zerbait gehiago ere bada. Pertsona askok hala pentsatu ez arren, euskara euskaldunon hizkuntza da. Geure herriaren kulturaren “sinboloa” da. Beste modu batera esanda, geure kultura anitza mantentzen duen oinarria da. Hau eraikin batekin konpara dezakegu: geure kultura eraikina bera izango litzateke eta geure hizkuntza oinarria. Oinarri hori edozein gauzaren ondorioz pitzatu egiten bada, eraikuntza guztia arriskuan jartzen da. Kultura oparo horren barnean aipagarria da bertsolaritza. Bertsolaritza, Euskal Herriko diamanteen artean dagoen perla, hasiera batean artzain giroan sortu zen, baina denborarekin, neurriz eta errimaz kantatzean datzan kirol hau ospe handiko ekintza bilakatu da. Mota honetako kirolak oso urriak dira mundu osoan. Ondorioz, bertsolaritzak kulturalki garrantzi ikaragarria du. Bertsolari ezagunenen artean aipagarriak dira: Pernando Amezketarra, Lazkao Txiki eta Txirrita. Gainera, euskara gu guztion nortasunaren atal bat ere bada; azken batean, nor ez da inoiz harro sentitu munduan bakarra den altxor baten jabe dela jakitean?
“Ez al dakizu euskara dela
euskaldun egiten gaituena?”
Gauzak horrela, badira, ordea, beren giza grinei jarraitzean ezberdina den zerbait (kasu honetan euskara) balioesten eta ospea kentzen saiatu diren zenbait pertsona. Pertsona hauek beren pentsaera oker horretan euskara herri barbaro baten hizkuntzatzat eta hizkuntza primitibotzat hartu dute. Badaude era berean, pentsaera erratu hau munduko azken muturreraino eraman duten zenbait pertsona. Gizaki hauek euskararekiko sentimendu zital hori zabaltzen ahalegintzeaz gain, euskara bera desagerrarazten saiatu dira. Honen adibide hurbila dugu Francisco Franco diktadore gaiztoa.
Euskarak bere historia luzean, gauza askoren antzera, gorabeherak izan ditu. Gorabeherarik zailenek hiztun kopuruarekin harremana izan dute. Euskarak azkenean olatua hartzea lortu duenean, aurrez aipatutako “pertsonek” uretara bota dute hau itotzeko asmoz. Beste modu batera esanda, euskarak hiztun kopuru aipagarria lortu duen bakoitzean, zenbait pertsonaren ezjakintasunak euskararen biziraupena arriskuan jarri du. Edozein modutara ere, euskara fenix hegaztiaren antzera bere errautsetatik birjaiotzeko gai izan da.
Ekintzak modu honetara eman diren arren, euskarak izan duen birjaiotze horretan literaturak izugarrizko garrantzia izan du, literaturan baitago askotan hizkuntza baten biziraupenerako giltza. Gabriel Aresti, Mikel Laboa, Bernardo Atxaga edota Joxean Artze bezalako artistarik gabe euskara ez zen gaur egun dagoen egoera horretan egongo, hau da, askoz hiztun gutxiago izateaz gain, posible da oraindik baserrietarako hizkuntzatzat kontsideratzea, momentuz ez bailuke egina izango baserri hizkuntzatik literatura hizkuntzara dagoen “metamorfosia”. Bestalde, aurrez planteaturiko egoera hori nahiko positiboa da. Azken batean jendearen, instituzioen eta artisten elkarlan hori gabe, litekeena da euskara den itsasargiaren argia duela denbora asko itzalita egotea, horrek gugan izango lituzkeen ondorioekin batera.
Hizkuntza gabe esaidazue
nola irtengo naizen plazara,
geure arima hiltzen uzteko
Bezain odolgalduak ez gara.
Azkenik, aipatu beharra dago aurrez azaldutako birjaiotzea ez dela oraindik bukatu, gu guztiok baikara indarberritze honen partaide eta geure eskuetan dago geure arbasoek eginiko esfortzua zerri azkara ez botatzeko aukera.
“Izan zirelako gara
eta garelako izango dira”
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina