2011/03/17



“ZENBAT ETA GAUZA GEHIAGO IZAN, GEHIAGO NAHI”


Gaur egun egoera hau oso ohikoa da; izan ere, gizarte honek halako kontsumismo basatia bultzatzen du.
Arazo hau haurtzaroan sortzen da. Hala nola, haurtzaroan sarritan opariak edo horrelakoak ematen dizkigute. Esate baterako, jostailuen kasua. Normalean gure logelak jostailuz beteta daude eta ia gehienak ez ditugu erabiltzen soberan ditugulako. Halaber, arroparekin berdin gertatzen da. Behar duguna baino askoz gehiago dugu.
Era berean, gauzak erraz lortzean, beren balioa jaitsi egiten da. Zure esfortzuari esker lortzea eta inolako ahaleginik egin gabe zerbait lortzea zeharo desberdinak dira. Honen ondorioz, ilusioak, ametsak eta horrelakoak esfortzu eta ahaleginik gabe lortzen baditugu, horiek galtzen dira; dena den, zerbait lortzeko borroka egiten badugu, irabaztean sortzen den sentsazioa sentituko dugu. Beste moduan, aldiz, ez.
“Behar” eta “nahi” hitzak desberdindu behar dira. Nahi dugun guztia lortzean, asetuta gelditzen gara eta agian lortutakoa ez dugu berriro erabiliko. Honi “nahia” deritzo. “Beharra”, aldiz, lortutakoa beharrezkoa denez, askotan erabiliko dugu. Esate baterako, ume batek esaten baldin badu, “baloi bat nahi dut” eta hurrengo egunean erosten badiote, asetuta geldituko da. Baina agian ez du gehiago erabiliko, beste hainbat gauza bezalaxe. Demagun egunero futbolean jolasten duen umea dela. Ziur gaude, oparituz gero, pozik jarriko dela eta etengabe baloiarekin jolastuko duela.
Gainera, telebistak duen eragina eta heziketan dagoen gabezia aipatu beharra dago. Telebistan iragarkien bidez beharra sortarazten digute eta hau lan psikologikoa da. Heziketa faltan oinarritzean, “ezetza” jasotzeak on egiten duela jakin beharko genuke, bizitza honetan “ezetz” ugari jasoko baitugu.
Azkenik, nahi duguna lortzeak alde positiboak eta alde negatiboak ditu. Alde positiboen artean oinarrizko beharrak beteta ditugula, independentzia ekonomiko-soziala, bizitza lasaia eraman dezakegula daude. Negatiboen artean, errealitatetik urruntzen garela, gure bizitza zentzurik gabe gera daitekeela, lortutako gauzez ez dugula disfrutatzen, solidaritatearen balioa jaisten dela, asetuta bizitzea aspergarria dela, ilusioen galera... daude. Negatiboak, noski, askoz gehiago dira.
Laburbilduz, bizitzan “ezetzak” onartu behar ditugu eta beharretan bakarrik oinarritu behar garela esan beharra dago, bestela...
“Noiz gozatuko zenuke gehien atsedenaldi batez?- Ba, sekulako esfortzua egin ondoren” eta “Noiz izaten da ur baso bat munduko gauzarik gozagarriena?- Ba, egarriak jota gaudenean.”

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina