2011/03/17



ASEEZINAK

“Mugikor zahar honek ez du megapixel nahikorik, nire gelako jendeak nik baino sakeleko hobeak ditu eta ezin naiz horrela bizi. Gaur bertan berri bat erosi beharko nuke, nola edo hala.”

“Gaur arropa berria erostera joan behar dut, oraintxe dudan guztia motz geratzen zait eta gainera ez da jendeak eramaten duenaren modukoa. Nire klaseko neskena askoz politagoa da.”

“Deskargatu dudan musika berria ez zait IPOD ziztrin honetan sartzen. Bakarrik 5GB ditu! Nik gutxienez 20GBekoa beharko nuke bizi ahal izateko!”

Gizakiok berez bizitzeko beharrezkoak ez diren gauzak oinarrizko bihurtzeko gaitasuna dugu, beti nahi dugu ondokoak baino gehiago izan, gauza handiagoak egin, azken finean handinahikeria hutsagatik.

Baina zergatik gertatzen zaigu hau, eta noiztik?

Betidanik, animalien eta gizakien eginkizun bakarra egunerokoan bizirik irautea izan da, lo eginez eta elikatzeko zerbait bilatuz. Mendeak aurrera joan ahala, gu eroso sentitu gara planeta honetan eta aurretik esandako eginkizun horiek oinarrizko izatetik bigarren mailako izatera pasatu dira. Gaur egun elikatzeko, gure etxeko hozkailua ireki besterik ez dugu egin behar.

Hain zuzen ere, ezer egiten ez dugulako eta aspertu egiten garelako sortzen dira gure buruetan handinahikeria eta kontsumismo kezka horiek. Esan genezake naturan gertatzen diren aurrera ateratzeko borrokak honela islatzen direla gizakion artean, ea nork etxe handiagoa edo mugikor berriagoa duen erakusteko. Eta ekintza hauen adibideak ez dira gutxi. Hasieran aipatutakoez gain, egunerokoan egiten ditugun beste asko daude.

Honetaz aparte, jarrera hauek bultzatzen dituzten iniziatibak aurki ditzakegu leku guztietatik. Gure inguruan dagoen publizitateak etengabe bultzatzen du hau. Zergatik erosi behar ditu jendeak produktu berrienak eta hoberenak omen direnak? Betidanik erabili direnek ez al dute ezertarako balio denboraren poderioz besterik gabe? Bada, ez.

Aurretik esandako guztia laburbilduz, esan nahiko nuke dugunarekin ase gaitezkeela eta ez dugula zertan beti gauza berririk erosi behar. Ez dugu kontsumismoa bultzatu behar, dugunarekin bizi gaitezkeelako, ez garelako aseezinak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina