2022/10/11

Etxean entzundako kondairak, pasadizoak...


KANPIN DENDA GORRIA

Txikia nintzenean, nire gurasoak guri istorioak kontatzen ohitu ziren; izan ere, nire arrebak eta biok istorioak maite genituen. Nire aitak istorioa hau kontatu zuenean, istorio arrunt bat zela pentsatu nuen, bera protagonista izan zela esan arte.

Udaro bezala, Gorka izeneko 12 urteko mutil bat scoutekin joan zen kanpamenduetara. Honek oso pozik bere motxila prestatu eta kanpamendura iritsi zen taldearekin batera. Kanpamendua ibai baten bitartez zatituta zegoen; beraz, scout taldea zatitu egin zen. Ibaiaren alde batean monitoreek eta hainbat scoutek beraien kanpin dendak jarri zituzten. Beste aldean, aldiz, ez zegoen monitorerik. Bi taldeak dendak ipini eta gero, lo egitera joan ziren, gaua iristen ari zen eta. Gorkari beste hiru gazteekin egotea tokatu zitzaion.


Bat-batean, goizeko seiak zirela, eguzkia ateratzen zegoen bitartean, Gorka eta bere taldekideak pizti baten orro beldurgarriak esnatu zituen. Zezen bat zen!!! Animalia denda jotzen eta puskatzen zegoen, hau gorria baitzen. Gorka eta bere lagun berriak, beldurtuta, dendaren beste aldera azkar mugitu ziren. Hauek ateratzea edo hor geratzea erabakitzen zuten bitartean, ibaiaren beste aldetik zetorren harri batek zezenari jo zion. Ondoren, harri gehiago iritsi ziren. Beste aldeko monitoreak eta gazteak ziren. Hauek zezena uxatzea lortu zuten. Gorka eta bere taldekideen bizitza salbatu zuten!

ZERGATIK DUZU ISTORIOA HAIN GOGOAN?

Istorio hau aukeratu dut istorio harrigarria iruditzen zaidalako, hau benetan nire aitari gertatu zitzaion eta. Istorio hau betiko gogoan izango dut; izan ere, txikitan, gurasoek askotan kontatzen ziguten.

*************************
ERAZTUN FALTSUA

Txikia nintzenean, nire aiton-amonen etxera joaten nintzen bakoitzean, nire aiton-amonak txikiak zirenean, Francoren garaian ikastolan egon ziren gorabeherak kontatzen zizkidaten. Eta gehien gustatzen zitzaidana eraztunarena zen.

Francoren diktaduran, nire aiton-amonak nerabeak zirenean, euskaraz hitz egitea debekatuta zuten. Baina haien herrian asko egiten zen eta nahiz eta Francok euskaraz egitea debekatu, asko kostatzen zitzaien euskaraz ez egitea. Beraz, eraztun bat hartu zuten eta euskaraz mintzatzen zenari pasatu behar izaten zion aurretik eraztuna zuenak. Hortaz, eraztuna norbaitek zuenean besteak euskaraz berba egitea saihesten zuten, eraztuna ez edukitzeko; izan ere, Francoren jarraitzaileren batek eraztunarekin ikusten bazuen, kristonen jipoia emango zion.

Nire aitona oso formala zen; beraz, ez zuen arazorik izan. Nire amama, aldiz, bihurria zen. Gainera, hitz egitea pila bat gustatzen zitzaion eta txikitatik euskaraz berba egin zuenez, eskaraz hitz egitera ohituta zegoen. Oso gaizki pasatzen zuen ikastolan, eraztuna behin eta berriro ematen ziotelako. Baina oso azkarra zen; horregatik, eraztuna zuenean, euskaraz mintzatzen zirenengana joaten zen, nahigabe euskaraz berba egiten hasten zirelako eta horrela eraztunaz libratzen zen. 

ZERGATIK DUDAN ISTORIA HAU HAIN GOGOAN?

Istoria hau ikaragarri gustatzen zitzaidan txikia nintzenean; izan ere, oso irreala iruditzen zitzaidan eta ez nuen inoiz sinisten kontatzen zidatenean; horregatik, behin eta berriro kontatzea eskatzen nien faltsua zela demostratzeko. Hainbestetan kontatu zidaten istoria izugarri gustatu zitzaidala. Gaur egun, istoria erreala dela uste dut eta asko gustatzen zait, asko harritzen nauelako garai hartan pasa zenak. Gainera, nire amonarekin identifikatuta sentitzen naiz berba egitea asko gustatzen zaidalako.

**********************

ARANTZAZUKO AMA BIRJINAREN KONDAIRA



1469. urtean Rodrigo de Balsategi oñatiar artzaina bere artaldea zaintzen zegoen gaur egun Arantzazu den zelaietan. Egun hartan arantzen artean zebilela, elorri batean Ama Birjinaren irudi txiki bat aurkitu zuen. Bere ondoan zintzarri bat zegoen zintzilik. Orduan artzainak harrituta galdetu zion Ama Birjinari “Arantzan zu?”. Artzaina lasterka jaitsi zen herrira eta herritarrei ikusitakoa azaldu zien. Momentu horretan erabaki zuten Ama Birjinari eliza bat eraikitzea artzainak irudia ikusi zuen leku berean, eta elizari eta inguruari Arantzazu deitzea erabaki zuten. Ordutik beti egon da eliza bat Arantzazun. Urteak joan ahala, eliza desberdinak eraiki dira. Gaur egun santutegia da eta frantziskotarrek zaintzen dute. Santutegian Ama Birjinaren irudia dago eta eskuan zintzarri bat dauka. Arantzazu Gipuzkoako zaindaria da. Milaka bisitari eta erromes gerturatzen dira urte osoan zehar. Bestalde, bere jaia irailaren 9an ospatzen da urtero. Gainera, neska asko daude Arantza, Aran… izenarekin, Arantzazutik datozenak.

Nire aittaitta Araotzekoa da. Araotz Arantzazutik gertu dagoen Oñatiko auzoa da eta betidanik aittaittaren familia Arantzazu egunean bertara gerturatu da meza nagusia entzutera. Kondaira hau asko gustatzen zait; izan ere, nire aittaittak txikia nintzenean kontatzen zidan eta nire aittaittari bere aiton-amonek kontatzen zioten.
**********************
Aguraingo sorginak

Dakizuen bezala, Agurainen esaten da sorginak egindako etxe moduko bat dagoela arrokez eginda (Sorginetxe deitutakoa). Harri mugerrezko gezi puntak eta giza gorpuzkiak aurkitu dira hor.

Agurainen sorgin asko egon dira, baina, horrelakoak hiru dira: Zokorra, Pipera eta Morena. Hirurek fama handia izan dute, eta oraindik Zokorra bizirik dagoela pentsatzen da, baina, txo, sekretu bat da, e! Pipera eta Morena sutan erre zituzten, Zokorrak ihes egin zuela esaten da. Nahiko maltzurrak ziren, gauetan batez ere…Dakidanez, herriko jendeak entzuten zituen gauean abesten. Sorginkeriak egiten ari zirela argi daukat.

Sorginetxean egon naiz askotan aiton-amonekin batez ere. Aitonak gauean beti beldurra ematen zidan, gaizki portatzen nintzenean, Zokorra nire bila etorriko zela esaten zuen. Beraz, ni ondo portatzen saiatzen nintzen. Agurain nire herria izanda, lagunekin askotan gauez han egon naiz eta zelako izualdia! Kuadrillako mutilak gure bila etorri ziren sorginez jantzita. Urtero Iñauterietan joaten gara Sorginetxera sorginez jantzita. Ikusiko ahal dugu Zokorra noizbait?

Zergatik duzu hain gogoan kondaira hori?

Kondaira hau txikitatik kontatu didate eta nire herrikoa izanda, ilusio handia egiten dit. Beraz, kondaira partekatu nahi nuen guztiekin besteak ere horretaz gozatzeko.

2022/10/07

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia

 


Hara! Gure Peru Abarrategi Bertso Txapelketa Nagusian! Entzun dezagun...

https://bertsoa.eus/bertsoak/21091-ganbara-peru-abarrategi

Baina Getxoko iraileko saioan Alaia Martin gailendu zitzaien beste guztiei.



Biak ere elkarrekin aritu ziren saioan... https://bertsoa.eus/bertsoak/21087-hamarreko-txikia

Baina saio gehiago ere izan dira hilabete honetan eta sailkapena horrela dago:


Hona hemen saio horietan aritu eta puntu gehien lortutako bertsolarien lanak:








https://bertsoa.eus/bertsoak/21115-puntuak-joanes-illarregi
Joanes Illarregi
Haritz Mujika
Aurkezpen saioan ere lagun ezagunak izan genituen baina!


Maddi Agirre

Ea nola doazen hurrengo saioak! Eta abunduaren 18an Iruñean finala!

2022/10/04

Ezin oporrak ahaztu gabiltza baina.... azkenak!

Gugenheimeko bisita


 


Uda bukatu egin zait. Orain, atzera egitea tokatzen zait hemen ikastolan egonda. Hausnarketa horietako batean, Gugenheim museoko bisita gogoratu dut.

Abuztuaren 28an, goizeko 09:00etan gosaldu eta gero, gurasoek Gugenheim museora joan behar genuela esan zidaten. Arropa jantzi eta Bilbora abiatu ginen gurasoak, anaia eta laurok. Han izugarrizko kotxe erakusketa zegoen, non historia oso interesgarria azaltzen zen, kotxeak zeintzuk ziren eta zein egoeratan sortu ziren jakin ahal izateko. Horrela, lehenengo kotxea ezagutu nuen. Kotxe bat baino zaldien gurdia zirudien. Bolante eta guztiz, baina zaldi karroa. Denbora pasa ahala, gaur egungo kotxeen antza zuten kotxe berriagoak ikusi nituen, Dolfini edo Tiburoia izeneko kotxeak esaterako. Aurrera egitean geroz eta kotxe garestiagoak agertzen hasi ziren, hala nola, Ferrariak, Bentleyak, Jaguarrak…

Bukatzeko, Formula 1eko Lewis Hamiltonen 2020ko kotxea zegoen eta horrek egiten zuen soinua oso berezia izan zen. Gainera, kotxe futuristak ere bazeuden, gidaririk behar ez duten horietakoak.

Zer? Opor gogorik bai?











****************************
AITONAREN BIDAIA

Ai, ama! Nork pentsa nahi ez nituen opor batzuk esperientzia berriz hornituriko uda bihurtu denik. Hau kontatzen hasi beharko banu, amaitezina den liburu edo pelikula baten antzerakoa izango litzateke, baina lerro gutxi ditudanez, esperientzia politena kontatuko dut, aitonarekin kruzeroa. Nire aitonarekin sarri joan ohi naiz oporretan kanpora; halere, berak barruan gordeta zeukan arantza bat kendu ahal izan du, aurten Baltikotik kruzeroan egindako bidaia batekin. 

Hasieran, Errusia aldetik joateko asmoa genuen, baina inguru horietan dauden gatazkekin, helmuga aldatzeko beharrean ikusi genuen gure burua, azkenean Eskandinavia aldeko herrrialdeetan murgilduz.

Atzo zen Estocolmora abiatzeko eguna goizean goiz. Hegazkinez egindako hiru orduko bidaia baten ostean, Estocolmora heldu ginen. Bertan, Estocolmo ezagutzeko aukera izan genuen, iparraldeko Venezia izenez ere ezagutua. Nahiz eta Estocolmo hiri bat izan, nahiko txikia da. Zonalde honetan, museo, parke eta monumentu asko bisitatzeko aukera izan genuen. Hurrengo geltokia Letonia izan zen, zehazki, Riga. Antzinako Errusiako inperioen aztarna nabariak zeuden hiri honetan, hurrengo egunean bisitatu genuen hirian moduan, Tallinen (Estonia). Kruzeroan egun bat pasatu ondoren, Finlandiara heldu ginen, Helsinkira. Hiri hotza zen, nahiz eta monumentu ortodoxo asko eta pelikuletako tren geltokiak izan. 

Bidaia zoragarri hau amaitzeko, Visvy-ra heldu ginen. Nire aitona ezin izan zen itsasontzitik jaitsi, hankan zuen zauri bat zela- eta; aitzitik, Pipi Galtzaluzeren herri txiki honen argazki asko atera genituen, aitonak ikus zitzan. Gehien gustatu zaidan geltokia izan zen, ametsetan nenbilela zirudien, lorez betetako kale luzeetan murgilduz. 

Azken eguna heldu zen, eta Madrilerantz egin behar izan genuen buelta, aitonak barruan zuen arantza eta gogo hori zonalde hotzetan utziz.






**************************************

Oporklik!

Jada uda amaitu da, eguraldi goxoa, izozkiak eguerdian… Bikain ibili naiz urtaro honetan, baina bereziki aste bat daukat gogoan. 

Otsail inguruan, nire lagun den Nahiarekin surf-kanpamentu bataera apuntatzea pentsatu nuen. Oso ideia ona izan zela konturatzen naiz gaur egun. Uztail erdialdean Berriako hondartzatik gertu dagoen Argoños herrira abiatu ginen kanpamentuko aterpetera heldu arte. Bertan lagun izugarriak egin genituen, bereziki Sofía, María eta Eoin. Giro bikaina zegoen gure artean eta oso jatorrak ziren guztiak. Surfari dagokionez, moldatu nintzela esan dezaket, eta bertako monitoreek asko lagundu zidatela. Egunero goizean goiz ibiltzen ginen surfean eta oso dibertigarria zen. Kirol horretaz gain, arratsaldeetan beste jarduera batzuk egiten genituen, hala nola, “paddle surf”a, skatea, bizikletarekin paseoak, mendi bueltak… 

Oraindik gogoan daukat kanpamentuko azken gaua; arratsaldean zineman egon ginen pelikula berri bat ikusten eta pizza gozoa jan genuen afaltzeko. Ondoren diskoteka bat egin genuen, guztiok batera abesti tipikoak abesten. Hurrengo egunean agurrak etorri ziren, malkoz eta “hurrengo urtera arte” esalditxoez betetako agurrak. Aste ikaragarria izan zen, eta melankolia hutsez gogoratzen ditut egun hauek.


2022/09/29

ALEA aldizkariko OPORKLIK lehiaketaren irabazleak!

 


Hona hemen sartzeko esteka: OPORKLIK uda argazki-hizki lehiaketa 2022, lau irabazleak

Hona hemen DBH 4ko azkenak



2022KO NIRE UDA

Ohiko bizimodu aspergarrira bueltatu gara, eta aurtengo udan pentsatu dudan bakoitzean, zu etorri zatzaizkit burura. Uda osoa pasa dugu elkarrekin, Nahia. Gure oporren laburpen txikitxo bat idatziko dut uda honelako momentuak bizitza osoan gogoratuko ditugun oroitzapen bihurtu daitezen. Aurrera, ba!
Ezin hobeto hasi genuen gure lehenengo bidaia. Nahiz eta kotxez 10h egin behar izan genituen, ohartzerako bageunden La Antillan (Huelvan). Lotsatzekoa da zure aita bakarrik gidatzen utzi izana bidaia osoan zehar; izan ere, hirurok lo egin genuen ibilbide osoa. 

Hasieran, apur bat galduta genbiltzan, ez genuelako jende askorik ezagutzen baina berehala egin genituen leku ezberdinetako lagun berriak: Zaragozakoak, Sevillakoak… baita Portugal eta Inglaterrakoak ere. Ai, ama! Ingelesez hitz egin behar genuen bakoitzean, ulertuko ez zidatelakoan egoten nintzen. Hala ere, esango nuke oso ondo moldatu ginela beraiekin, baita zaragoztarrekin ere…

Etxera itzultzeko ordua. Ez genuen tristura handirik izan (zuk eta nik behintzat) bagenekielako Gasteizko jaien ondoren, berriro itzuliko ginela. Haizea Galizian utzi ondoren, abiatu ginen jaietara.

Berriz ere bidaia osoa lo. Zelako parea! Zeledonen jaitsierarako indarrak hartu beharko, ezta?Gasteizko plaza jendez bete-betea zegoen. Nabaria zen orain bi urte gure herriko jairik gabe egon ginela gasteiztarrok. Jaiak oso arin pasatu zitzaizkidan eta azken kontzertua bukatu orduko, bageunden berriz ere kotxean. Oraingo honetan behintzat, nire aitak zureari konpainia egin zion. Bidaia hau oso motza izan zen besteekin konparatuz. Bilbora joan ginen. Goizeko zazpiak ziren aireportura iritsi ginenean. Gure lehenengo hegazkina hartu behar genuen, guk bakarrik! Eskerrak ez ginen Europako beste puntan agertu.

Berriz ere La Antillan, baina oraingo honetan bi amekin geunden eta etxeratzeko ordua apur bat aldatu egin zen. Hala ere, lagun eta ekintza berriak egin genituen: zinemara joan, padel surfa egin…Eta gure aurtengo lehenengo euskalduna ezagutu genuen, Berrizekoa eta, noski, lagun egin ginen. Orain bai, hango jendea agurtzeko ordua iritsi zen eta hurrengo urtera arte ez dugu elkar ikusiko. Pena itzelarekin abiatu ginen Gasteiza, baina etxea faltan botatzen zen hainbeste parranda ondoren.
Gasteiztik herrira joan ginen segituan (Urizaharrara) egun batzuk lasai pasatzera. Asko eskertu ziren etenune egun horiek. Herrian zure txakurrak paseatzen genituen eta egunak argiz aprobetxatu eta ez gauez. Baina ez pentsa oporrak horrela amaitu genituenik. Uda Lekittoko jaiekin amaitzea baino hoberik ez dago.

Lekitton geunden antzar egunerako. Primeran pasa genituen jaiak, portuan busti eta guzti egin ginen, eta eskerrak dutxatzeko etxea genuen, nahiz eta nire aittita eta amuma ulertzeko arazoak dituzun…Plazako gaueko kontzertuan geundela Peiorekin topatu ginen, La Antillan egindako lagun euskaldunarekin! Hortik aurrera berarekin eta bere lagunekin pasa genuen gaua. Peio Berrizerako busera lagundu eta parrandara itzuli ginen, azken gaua guztiz disfrutatzera.

Gau hartan bukatu zen kezkarik gabe bizitzea. Faltan botako ditut oporrak, baina batez ere zurekin pasatutako denbora. Mila esker uda zoragarri honengatik. Baina Urizaharran ikusiko dugu elkar “Irailak 31” gure kanta gogokoenetako batek dion bezala: “Gero arte bai baina, berriz elkartuko gara herriko jaixetan”.

**************************************************************

2022ko UDA


Uda amaitu egin zaigu. Orain berriz ere errutinara bueltatu egin gara. Egunero goizeko zazpietan esnatu egin behar ginela pentsatzeak deprimitzen nau. Baina orain uda honetako oroitzapenak baditugu.


Uda honetan Broadstairsera joan naiz. Londresetik 130km-tara dago. Hor ezagutu dudan jendea zoragarria izan da. Larunbat batean Londresera joan ginen eguna pasatzera. Goizean Londres bisitatu genuen, The London Eye, The Bridge, The Big Ben… Arratsaldean, berriz, dendetara joan ginen arropa erostera.


Egun berean, gauean, festa bat egitea pentsatu genuen. Irakasleak ados zeudenez, utzi ziguten. Beraz, festa bat egin genuen. Festa horretan, hainbat herrialdetakoak joan ginen, Alemaniakoak, Frantziakoak, Esloveniakoak, italiarrak…


Egun hartan, konturatu nintzen bakoitzak bere ama-hizkuntzan hitz egiten duela. Baina beste pertsona batekin hitz egin behar baduzu, zure ama-hizkuntza ez dakien batekin, ezingo duzu hizkuntza hori erabili. Beraz, beti irtenbideak daudenez, guk, kasu horretan, ingelesez hitz egiten genuen. Eta oso ondo, gainera!


Uda hau pasatu ondoren, esan genezake, udan ere ikasten dugula. Baina modu ezberdin batean. Beraz, orain uda alde batera utzi behar dugu, eta liburuak hartu, gauza berriak ikasteko eta jakiteko.


****************************************************************

UDA ZORAGARRIA


Klaseko lehen eguna. Badirudi kurtsoa atzo bukatu zela, eta gaur, konturatu gabe, paper baten aurrean ari naiz idazten. 3. maila atzo bukatu zela dirudien arren, uda luzea egin zait. Hamaika txokotan egon naiz, leku asko bisitatu ditut eta batez ere asko disfrutatu dut.


Ekaina bukatzear zela, nire herrira, Lekeitiora joan nintzen, amonaren etxera. Bertan pasatu nuen ia uztaila osoa. Gauza dezente egin nituen hilabete hartan: hondartzan bainatu, zinemara joan, liburuak irakurri, telebista ikusi… Baina beti ere estresatu gabe. Abuztua heldu zenean, ordea, atsedena bukatu zen.


Abuztuaren hasieran Gasteizera itzuli nintzen, baina jaietako egun bat bakarrik disfrutatu ahal izan nuen; izan ere, abuztuaren 6an Portugalera joan nintzen oporretan nire gurasoekin. Pila bat leku bisitatu genituen: Porto, Coimbra, Braga… Leku guztiak gustatu zitzaizkidan, baina gehien gustatu zitzaidana “Francesiña” izan zen, bertako plater tipiko bat.


Uda bukatzeko, berriz itzuli nintzen herrira, eta urtaro horri merezi duen amaiera emateko Lekeitioko jaiez disfrutatu nuen.


Hori da uda ondo bukatzea!





2022/09/28

Beste OPORKLIK batzuk...



2022ko uda


Denbora luzez ikastolan lan eta lan aritu eta gero, heldu zen hainbeste espero nuen uda, eta konturatu gabe, hemen nago berriro.


Nire 2022ko uda Norvegiarako bidaia batekin hasi zen. Ahizpekin eta amarekin motxilak prestatu eta aireporturantz abiatu ginen. Bilbo-Oslo hegazkina hartu genuen eta arratsaldean heldu ginen hara. Oslotik paseoa eman eta hotelera bueltatu ginen. Hara eta hona ibili ginen Norvegia osotik zehar. Niri gehien gustatu zitzaidana Flåm herria izan zen, oso polita.


Handik Gasteizera bueltatu eta egun batzuk geroago udalekuetara joan nintzen. Bertan asko disfrutatu nuen.


Etxera bueltatu, lo egin eta berriro bidaia. Oraingoan Saloura nire aita eta ahizpekin. Bakarrik hiru egunetan egon ginen. Lehenengoa hondartzan eta bigarren eta hirugarrena PortAventuran eman genituen. PortAventuran txikia nintzenean egon nintzen baina ez nuen hain dibertigarri gogoratzen.


Horren ostean, Gironako kanpin batean egon nintzen, Palamos herrian. Eguneroko plana hondartza eta igerilekua zen, eta gauean, herritik paseoa.


Uda bukatzear zegoen, eta azkenengo asteak Arabako kanpin batean pasa nituen. Han, lagun kuadrilla dugu eta oso ondo pasatzen dugu egunero plan ezberdinak egiten.


Eta uda bukatuta, ikastolarako materiala prestatu eta ikasturte berria hasi beharra, hurrengo uda noiz helduko den zain.


********************************************************

JAIALDIA BENIDORMen


“Zein izan da zure momenturik gustukoena uda honetan?” Galdetzen didate, eta beti momentu bera etortzen zait burura.


Oporrak bukatzen direnean, konturatzen naiz gauza berriak bizi eta disfrutatu egin ditudala. Aurten musika jaialdi batera joan naiz. Lagunekin sarrerak erosi genituen eta martxan jarri ginen. Jaialdia Benidormen izan zen. Ez zen batere zaila izan egunak pasatzeko toki bat aurkitzea; izan ere, denok dugu apartamentu bat hirian. Azken erosketak egin eta prestatutako jantziak ipini eta gero, autobusa hartu genuen.


Hiru eguneko jaialdia izan zen, musika estilo desberdineko abeslariak etorri ziren eta dena izugarria izan zen. Abestiak kantatu beharrean oihukatu egin genituen topera disfrutatuz. Esperientzia ikaragarria izan zen. Ez dugu zalantzarik, hurrengo urtean gehiago!



********************************************************


NIRE UDA ZORAGARRIA



Uda bukatu egin da, eta klaseak berriro hasteko momentua heldu da, baina hori baino lehen uda gogora ekarri nahiko nuke berriro ere.

Nire udari hasiera emateko nire laguna Uxuerekin Nojara joan nintzen asteburu oso batean. Oso ondo pasa genuen han; hondartzan pasa genituen ia egun guztiak, oso eguraldi ona egon zen. Gainera, surf ohol batzuk alokatu genituen eta tarte bikaina pasa genuen. Gauetan berbenetara joaten ginen. Izugarrizko lagunak egin genituen. Astelehenean Gasteizera bueltatu ginen oso triste.

Dezente denbora egon nintzen Gasteizen eta azkenean nire kuadrilla eta ni joan ginen Argantzunera. Bakarrik joan ginen eguna eta gaua pasatzera. Ibaian egon ginen, bero handia egiten zuelako. Geroago gure herriko lagunekin elkartu ginen eta haien igerilekura joan ginen.

Hurrengo goizean autobusa hartu genuen eta Gasteizera joan beharrean, Donostira joan ginen eguna pasatzera, eta gau berean busa hartu genuen Gasteizera. Pixka batean egon ginen hondartzan baina fresko samar egiten zuen eta Igeldo mendira joan ginen. Oso polita izan zen. Eguna bukatzeko, denda batzuk ikusi genituen, eta saltoki-gunean lagun batzuk ere egin genituen.

Ondoren, Gasteizeko festak etorri ziren eta primeran pasa nuen. Egia da festak bukatzean oso nekatuta nengoela; izan ere, egun guztietan egon nintzen oso berandu arte kalean.

Azkenik, Espejoko festetara joan ginen Adriana eta biok. Oso-oso ondo pasa genuen baina bueltako autobusean lo egon ginen. Ia-ia pasa genuen gure geltokia, baina zorionez momentu horretan esnatu ginen.

Uda ez da hain gaizki joan, motzegia egin zait eta laugarren mailan gaude dagoeneko. Pixka bat beldurtu egiten nau horrek baina ziur nago ondo joango dela.

2022/09/26

Hona hemen gure OPORKLIKak!

 OPORRETAKO ABENTURAK


Duela bi hilabete hondartzan. Orain ikastola deituriko errutina amaigabe batean. Hondartza zoragarri horietara bueltatzeko irrikitan nago eta oraindik urte oso bat itxaron beharko dut.


Uda hau oso azkar pasatu zait. Hori oso ondo pasatu dudan seinale izango da. Pasa den kurtsoa amaitu eta di-da batean Gironako kostalde ederrean nenbilen. Bertan, lagun bikainak egin nituen. Batzuk katalanak, beste batzuk euskaldunak eta belgak. Azkenengo hauekin ingelesez aritu nintzen eta komunikazioa ez zen batere erraza izan. Goizetan futbolean jokatzen ibiltzen ginen, arratsaldean igerilekuan eta gauean hondartzan izugarrizko festak egiten genituen. 


Opor hauetako egun batez zerbait berezia egin nahi genuen. Beraz, azkenengo eguna buzeatzen pasa genuen. Goizean goiz txalupa bat hartu eta gure kanpinetik gertu zeuden uharte miresgarri batzuetara gerturatu ginen. Bertan, hainbat ordu pasa genituen snorkel deituriko kirola praktikatzen. “Bilal” deituriko gure kapitainaren lagunak egin ginen. Gasteizera bueltatzeko bidaia gogorra izan zen, lagun horiekin berriro topatzeko urtebete itxaron beharko nuela pentsatzean.


Gasteizera bueltatzean, festak etorri ziren… Baina hori beste kontu bat da, beste egun batean kontatuko dudana.


************************************************

ERRUTINAREN KOADROAK


Gasteizko Arte Ederren museora lehen aldiz joan nintzen egunean ateratako argazkia da hau. Nire lagunak eta ni beti kexatzen ginen egiten genituen planak beti antzekoak zirelako. Halere, ez genuen ezer berririk egiten, ideiarik ez baikenuen. Udaren hasieran taldea handitu genuen. Niretzat gauza arrotza eta nahiko ikaragarria zen jende berria ezagutzea, horrek agobiatzen ninduelako. Ezagutu genuen neska batek, Irenek, museora joateko gogoa zuela esan zuen, eta antolaketa txiki baten ondoren, errutinarekin amaitu eta bertara joan ostean, Prado parkean jan genuen. Egun sinplea izan zen, baina asko gustatu zitzaidan; izan ere, bakoitza bere aldetik baina guztiak batera egon gintezkeela erakutsi zidan horrek. Hori kaskoak hartu eta gure modura koadroak ikusi genituelako esaten dut. Horretaz gain, pertsona berriekin egoteko eta ni neu izateko beldura pixka bat uxatu nuen. Hori pasa den udako egunik hoberenaren istorioa da. 





************************************************

UDA BAT PORTUGALEN


Goizeko 08:35 dira. Orain dela astebete normalena lo egiten egotea izango litzateke, baina uda bukatu da. Hainbat gauza egin ditut garai honetan eta ondo legoke zerbait birgogoratzea.


Udan Portugalera joan nintzen 15 egunetarako eta leku asko bisitatu nituen, adibidez, Oporto, Lisboa, Aveiro, Coimbra… Pena handia eman zidan Portugalera joateak, Gasteizko festa osoak galdu nituen eta. Baina azkenean ez nuen gaizki pasatu bertan. Nire anaia txikiarekin luze egon nintzen eta horrek asko lagundu dit berarekin konfiantza gehiago izaten.

Gasteizen ere egon naiz opor hauetan, eta primeran pasa dut nire lagunekin. Gasteizko barraka guztietan egon nintzen eta jende asko egoten zen beti, Joselu anaien kontzertuetan bezala.

Baina uda bukatu da eta ikastolan hasi naiz, baina ziur nago kurtsoan oso ondo pasako dudala ere.