2014/10/31
2014/10/29
GURE IDENTITATEA
Hizki, alfabeto eta esamolde batzuek osatzen duten hizkera modu normala dela irudituko zaizue lehen begiratuan. Normala baino gehiago, edonon ikusi, entzun eta aurki daitekeena. Besteen antzekoa edo berdina dela irudituko zaizu.
Konturatu ez bazarete, euskarari buruz ari naiz hitz egiten. Bai, jaun-andreok, bai: EUSKARAZ. Hizkuntza bat zein berak errepresentatzen duen herrialdean, EUSKAL - HERRIAN, hizkuntza ofiziala den, eta bertan eta muga horietatik kanpo bizi diren bere maitale, erabiltzaile eta “semeentzat”, beraien BIZITZA, IDENTITATEA eta HIZKUNTZA den. Eurak baitira, benetan, egunerokoan hizkuntza eta herrialde honengatik eta bere eskubideengatik borrokan dabiltzanak, hizkuntza hau MAITATZEN dutenak.
Harrituko zarete benetan, baina halakoa da errealitatea. Batzuei euskara erabiltzeak “lotsa” ematen dien bitartean, beste batzuek edozer ematen dute, aintzinako hizkuntza honen salbazioa eta aurrerapena edo eboluazioa ikusteagatik. Ni, egia esan, Eibarkoa naiz, eta oso harro nago nire hizkuntza eta herrialdea defendatzen dudalako edozein arriskuren aurrean, beste pertsona-talde (euskaldunen) laguntzat. Beraz, esan dezaket: Gora Euskal Herria, euskaldunak eta euskara !
2014/10/27
IKASI, IKASI eta IKASI
Ezer jakin gabe jaiotzen gara. Urtebete kostatzen zaigu ibiltzen hastea eta besteei begiratuz ikasten dugu, behin eta berriro saiatu ondoren, behin eta berriro lurrera erori ondoren, baina lortu egiten dugu. Komunikazioa beranduago dator… Lehenengo entzun eta pixkanaka hitz egiten hasten gara. Nola edo hala lehenengo hitzak ateratzen zaizkigu, hain da handia gure komunikatzeko gogoa… eta azkenean, akatsez akats gure hizkera eraikitzen goaz.
Ondoren lehen ipuinak datoz, hasieran ez dakigu zer jartzen duen paper horietan, irudi arraro horiek nola deszifratu. Baina gero irakurtzen ikasten dugu, idazten, margotzen… Eta liburu lodiagoak irakurri nahi ditugu, esaldi luzeagoak idatzi, marrazki zailagoak egin...
Musika gustuko izanez gero, tresnak jotzen ikas dezakegu: pianoa, gitarra, bibolina, tronpeta… Eta guk geure musika sortzen ikasten dugu.
Beranduago gehiketak eta kenketak datoz, ordenagailuen erabilera, kirola egitea, lehenengo makarroiak sukaldatzea, lehen mendia igotzen dugu… Eta hasieran zaila egin daiteke eta nekatu egin gaitezke, baina esaerak dioen bezala “gogoko tokian, aldaparik ez”.
Ikastea zeinen polita den ikusten dugu, ilusioz, jakinminez… ikastea. Euskaldunak garenez, gure hizkuntzan, euskaraz, ikasi nahi dugu hori guztia. Baina batzuk hobeak dira saski-baloian, beste batzuk bibolina jotzen, beste batzuek erraztasuna dute literatura ikasteko, batzuk, matematiketan ere oso jaioak dira… bakoitza ezberdina baita.
Denok eduki beharko genuke hori egiteko eskubidea, zertan onak garen deskubritzeko aukera, nahi duguna ikasi eta izateko tartea. Horregatik, LOMCE legea ez dago guretzat egina, gure hizkuntzan ikasi nahi dugulako, benetan ikasi nahi dugulako, ez ditugulako buruan ideia txoroak sartu nahi, eta etorkizun edo orainaldi batean baliagarri izango ditugun gauzak ikasi nahi ditugulako. Ikasi egin nahi dugu.
2014/10/26
2014/10/24
MUNSTROEN POZOIA
Kaletik ikustean, pertsona normalak direla uste dugu. Pertsona normala dirudi hasieran, baina adi egonez gero, ikus dezakegu buruz behera ibiltzen dela, beldurra daukala... Baina zerk eragiten dio beldurra?
Pertsona horrek gaixotasun handia dauka, eta mantso-mantso hiltzen ari da, munstro baten erruagatik. Mamu horrekin topo egiteko beldur da eta min gehiago egiteko bere pozoiarekin. Gainera, gizaki horiek ez dira perfektoak. Horregatik pozoia ematen diete pertsona ahulagoei, badakitelako azkenean arazoak izango dituela pozoi horren ondorioz. Hori alde batera utzita, pozoi horren ondorioz, errealak diren gaixotasunak sortu ahal dira. Biktima psikologikoki gaizki badago eta dena sinisten badu, arazo larria izan dezake. Pozoi horrek bihotzean min egin ahal dizu eta munstro horiek lotsarik ez dutenez, ez zaie axola besteei min egitea. Sentitzen duzun mina oso handia da eta txarrena da lotsarik ez dutenez perfektoak balira bezala doazela, nahiz eta mundu osoak jakin pertsona gaiztoak direla.
Munstro horiek pertsonak zapaltzen dituzte, lagunik ez izateko. Azkenean zuk sinisten duzu eta orduan bakarrik gelditzen zara, inork zurekin ez duelako egon nahi. Bestela munstro horiek besteen kontra joango dira eta beste pertsona bat buruz behera egongo da eta inork ez du nahi hori gertatzea. Pertsona gaixo hauek bullying-aren biktimak dira, baina nik hau egiten duten pertsonak munstrotzat hartuko ditut, hori dira eta.2014/10/23
KIKE AMONARRIZen txistea: KOPIATZEN
2014/10/22
GARAI HOBEAK AL ZIREN HORIEK?
EUP!!!
Heldu nintzenean, nire osaba eta nire izeba zeuden niri itxaroten autobus geltokian. Ez zegoen jende asko, eta ez zela gertaera hain espeziala pentsatu nuen. Gaizki pentsatua. Han ez zegoen inor, denak tenplu aurrean zeudelako. Tenplua. Hori bai tenplua! Bere alde otoitz egiten zuen jendea ere bazuen jainkotegi horrek baina!
Atetzarrera iritsi nintzenean, han zegoen jende gehiena bezala, egin beharreko argazkia atera nuen. A zer poza aurpegian! Bai horixe!! Ondoren, nire beste osaba bat, nire aitaren anaia, etorri zen, zerbait edateko eta guri konpainia egiteko. Taberna dekoratuta zegoen ere okasiorako, banderaz josia, eta tenpluan sartu ezin zirenentzako telebista. Zerbait eskatzeko ordu erdi barran egon behar, baina azkenean lortu genuen, eta edariekin batera atera ginen, hitz egitera. Bueno, egia esan, beraiek mintzatu ziren, nik entzuten nuen soilik, giroaz disfrutatzen nuen bitartean.
Sartu ginen, hainbat aldiz izendatu dudan tenplu zirraragarrian, deia entzun ostean. Denok, sorgindurik bezala gindoazen, desordenaturik baina helmuga berera: jainkotegira sartzera. Batzuk barrez, beste batzuk otoitzak memorizatuz. Bazeuden lagun taldeak, baita bakartiak ere. Baina guztiak sartzeko gogoz.
Gunearen barnea. Kanpotik baino liluragarriago oraindik. Handia, polita, beteta… alaia. Barruan zeudenak denok traje bateratuarekin, denok berdin. Eta han ni, irrikitan, argazkia han, argazkia hemen. Eta eseri ginen. Nire osabarekin solasaldian nengoelarik, bat batean, denak isildu ziren, denak tente eta firme, erdira begira. Eta hasi zen. Bat. Bi. Hiru aldiz izena esan, eta denok kantatuz, denek zekiten otoitza errezitatuz, guztiok batera, ni barne. Ondorengoak horrelakoetan gertatzen diren bezala. Batzuetan aspertuta, batzuetan aspertu gabe.
Azkenean, Athleticek partidua berdindu zuen.
2014/10/21
LOMCEri ez!
Nire herrialdeko eta Europa osoko historia eta kultura ikasi dut bertan. Nire inguruan dauden oztopoei aurre egiten, erlazionatzen naizen persona guztiekin harreman ona izaten eta haiek errespetatzen erakutsi didate. Zeren hemen koloreak edo jatorriak ez du garrantzirik.
Laburbilduz, bizitzan baliagarriak izan daitezkeen eta izango diren irakaspenak eskuratu ditut urte hauetan zehar. Esan dezakegu Euskadin dugun irakaspen maila oso pozik egoteko modukoa dela, estatu eta Europa mailan. Edo horixe islatzen dute jasotako datuek behintzat.
Baina, noski, hau politegia da benetakoa izateko. Zeren aurretik azaldutako guzti-guztia momentu batean alda daiteke, besterik gabe, Madrilgo pertsona batek jokuaren arauak aldatzea erabaki duelako.
Hemendik aurrera, euskara bigarren mailako hizkuntza izatera pasatuko da. Diskriminazio soziala sustatuko da, maila ekonomiko baxu batean dauden edota baliabideak ez dituzten ikasleak baztertuz. Baina ez hori bakarrik. Honako hau gutxi balitz, sexuen arteko diskriminazio egoerak ere bultzatu egingo dira, mutilak eta neskak elkarrengandik banatzen. Eta azkenik, eskola bakoitzak jarritako azterketez gain, kanpotik ere ebaluazio azterketak jarriko dira. Baina azken hauek gaindituko ez balira, aurreko lan guztiak ez luke ezertarako balio izango.
Dagoeneko, uste dut argi dagoela zein den testu honetan zehar irakurritakoaren arabera aipatzen ari naizen gaia. Hala ere, esan beharra daukat: LOMCEri ez!
2014/10/20
OIHARTZUNAREN DOINUA....Zer da?
Jende askok erabiltzen du eta berarekin gozatzen du. Bere doinuaz, adiskidetasunaz...
Beti geldirik dago, ez da lekuz aldatzen, ez baitzaio gustatzen bere ohiturak aldatzea. Finkoa da.
Munduan zehar banatuta daude. Betidanik egon dira eta garrantzi handia izan dute historian zehar.
Ez da bakarra, familia handia du. Batzuk zaharrak dira. Besteak berri-berriak eta gazte-gazteak. Luzeak eta handiak edo motzak eta txikiak. Isatsa izaten du batzuetan. Kolore ezberdinetakoak dira: beltzak, marroiak, zuriak…
Lagun min bat du beti bere azpian. Alboan izan behar du beti, bestela deseroso egongo lirateke bera eta besteak. Berak du garrantzia (bere izena da beti esaten duguna), bere adiskideaz ez baita inor gogoratzen. Forma, tamaina… ezberdinak dituzte guztiek.
Bere gorputzeko atalik deigarriena hankak dira, hiru dituelako. Etengabe daude mugitzen. Funtzio ezberdinak ditu bakoitzak. Bere barrualdea tapaturik dago. Ikusezina. Ez dio inori erakutsi nahi, baina saiatuz gero, lortuko dugu. Hortzak bata bestearen ondoan, ñir-ñirka, zuri-zuriak. Txantxarrak agertzen dira bat-batean.
Barrutik dardarka, beti beldur balego bezala. Bere bihotzak -gureak bezala- hainbat ekintza egin behar ditu ganoraz funtzionatzeko.
Lotsati denean, suabe-suabe egiten ditu gauzak, ez duelako inork bere ahotsa entzuterik nahi. Haserre dagoenean, berriz, oihukatzen du, ahalke barik, denek bere ahotsa entzuteko.
Jendea bere aldamenean egoten da orduak eta orduak etengabe jolasean. Bata bestea etengabe ikutuz. Bien artean gauza ederra sortzen dute, artea. Beste batzuen lanak interpretatuz. Mota ezberdinetakoak izan daitezke horiek.
Abestiak jotzen ditu behin eta berriro, jarraian, ez baita inoiz aspertzen. Harro dago bere oihuez, bozez eta abestiez. Melodiak sortzen ditu, melodia ederrak. Horrelako egoera gozoak eskaintzen ditu pianoak.
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)






