2015/10/16

AITZAKIA GALANTAK EMATEN TREBATZEN...

ETXERA BERANDU HELTZEKO AITZAKIAK...

Urizaharrako jaiak. Ordu biak eta laurden, eta hamabietan etxean egoteko agindua nuen. Etxera iritsi aurretik zein aitzakia jarri pentsatzen hasi nintzen. Mila ideia zetozkidan burura:  baten batek gehiegi edan eta lagundu egin behar izan niola (baina entzunegia zen aitzakia hau), erlojua galdu eta ez neukala ordurik (baina apur bat sinesgaitza, plaza ondoko elizako erloju erraldoia edukita)... eta horrela nenbilen, bururatzen zitzaizkidan ideia guztien atzetik baina bat zetorkidala... Azkenik, bururatu zitzaidan erabiliko nuen aitzakia perfektua! Etxera iritsi aurretik zapatilak iturrian busti eta etxerantz abiatu nintzen, ziztu bizian.
Gurasoek ezer esan aurretik, begiak itxi, Jaungoikoari laguntza eskatu, eta begiak zabaldu gabe, hantxe hasi nintzen nire aitzakia konplexua kontatuz:

“Badakit ipuin bat dirudiela eta agian ez didazuela sinistuko, baina eskertuko nuke behintzat pazientzia apur bat izatea eta nire arrazoiak entzutea. Hamabiak laurden gutxitan etxera itzultzeko asmoa nuen, baina hara non azaldu zaidan Olatz negar batean. Badakizue gorroto dudala jendea gaizki pasatzen ikustea, eta zer gertatzen zitzaion galdetu eta laguntzen hasi naiz. Errekatik behera erori omen zaio kartera, NANa, dirua, etxeko giltzak, etab. bertan zituelarik. Errekan behera joan gara, bila eta bila, erreka Olatzen malkoz handituz. Horregatik dauzkat zapatilak bustita! Eta ez ezazue pentsa kamisetako mantxa hauek alkoholarenak direnik. Erreka oso zikina zegoen eta badakizue zipriztinen bat beti doala jantzietara. Azkenik, lortu dugu Olatzen kartera harri baten atzean topatzea, baina konturatu naizenerako, ordu biak ziren. Etxera ahalik eta azkarren etorri naiz, baina hala ere berandu. Benetan, ez da aitzakia bat...” Nabaria zen nire hizketaldi urduria esaten nuen hitz bakoitzean, baina azken hitzak esaterako apur bat lasaitu nintzen eta begiak zabaldu nituen. 

Orduan konturatu nintzen etxea hutsik zegoela. Niri hamabietan etortzeko esan, eta hara non nire gurasoak plaza erdian “asereje” dantzatzen... Hura lotsa! Baina beno, nahiago izan nuen hori ikusi ordu biak eta laurdenetan heldu nintzela jakitea baino. Hori bai, a zer nolako komeriak hurrengo egunean amari zapatilak mela-mela eginda zergatik zeuden kontatzeko... Hori bai ipuin galanta asmatu nuena! Baina beno, hori hurrengoan kontatuko dizuet...


NOLA ESAN UME TXIKI BATI BARANDA BATETIK JAISTEKO?


“Badakizu zer gertatu zitzaion baranda batera igo zen umetxo bati? Egia esan ez zen zu bezain mutil jatorra, nahiko harroputza baitzen, baina zu moduan baranda batera igo eta zutik jarri zen. Zeinen ekilibrio ona zuen erakusten hasi zitzaigun, baina... pausuak ematen hasi eta apur bat irristatu zitzaion oin bat. Hankak irekita erori eta baranda hankartean geratu zitzaion! Eta badakizu zer nolako lotsa ematen duen potroak hain handituta izateak? Imagina ezazu, klasekoek hitz egiten ziotenean aurpegira begiratu beharrean horra behera begiratzea... Ez duzu nahiko zuri ere berdina gertatzea, ez? Hobe duzu hortik lehenbailehen jaistea, minik hartu aurretik! “          

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina