2015/05/29

Gai interesgarriak....

ZARENA ZARELAKO

Hainbat gazte baztertuak dira beren gaztaroan zenbait arrazoirengatik. Motibo horietako bat gazteen identitate sexuala da. Izan ere, heterosexualak edo cisgeneroak ez izateagatik dira alboratuak gazteak. Oraindik ere identitate sexual asko gizarteak ez ditu onartu edo ez ditu ondo ikusten eta ondorioz gazte batzuek eskola jazarpena edo bullyng deiturikoa jasaten dute. Beste kasu batzuetan bazterketa hori ez da hor amaitzen. Etxean ere arrazoi berarengatik gutxietsiak edo onartuak ez diren gazteak ere hainbat dira. Eta kasu askotan autoestima falta, depresioa, pentsamendu suizidak, etab. eragin diezazkiekete haiei.

Gazte askok ez du bere sexualitatea onartzen ingurukoek (senideek, lagunek, ezagunek...) esango duten  horren beldur direlako. COGAM taldeak egindako ikerketa baten arabera, heterosexualak ez diren ikasleen %80k ez du bere sexualitatea onartzen ikaskideek onartuko ez dituztelakoan.

Hari beretik, gaur egun aurrerapen gehiago badaude ere, jendeak aldaketei edo ezezagunari die beldur eta horregatik ezezaguna onartzeko arazoak dauzkate. Oraindik ere pertsona askok emakumeek bagina izan behar dutela uste dute, eta gizonek zakila izan behar dutela, eta horrez gain, emakumeak eta gizonak batera egon behar direla. Eskema horiek apurtzen dituztenak mespretxatuak dira.

Beste arazo larri bat herrialde batzuek dauzkaten lege homofobo eta transfoboak dira; azken batean, herrialde batzuetan oraindik sexualitate edo genero batzuk ez daude legez onartuta. “Human Rights Watch” erakundearen arabera gutxienez munduko 76 herrialderen legeek ez dituzte eskubide horiek onartzen. Eta legeek onartzen ez badituzte, gizarteak nola onartuko ditu pertsona hauek?

Gainera, legeez gain erlijio askok ez ditu onartzen, hauen artean kristautasunak, islamak, juduak, budismoak, xintoismoak adibidez.

Arazoa nahiko orokorra da; azken batean, gizartearen arazoa dela esan daiteke, eta konpontzeko gizartearen pentsaera aldatu beharko litzateke.

Jendeak beste sexualitate eta generoak ezagutuko balitu, ezezagunak izateari utziko baliote eta txikitatik ikusgai egongo balira, hauen normalkuntza lortuko litzateke.

Beste aukera bat generoen “sistema” aldatzea izango litzateke. Adibidez, txikitatik neska eta mutila garen esan ordez, beranduago bakoitzak zer den erabakitzea. Edo bestela generoak guztiz desagertzea. Horrela ez litzateke transfobia eta homofobiarik egongo. Horrelako alternatiba bat azaltzen du “Queer teoria”­k adibidez. Hala ere, azken hori gaur egun aplikatzea ez litzateke irtenbide egokia izango. Honek emakumeekiko indarkeria indarkeria soil bihurtuko luke; beraz, genero indarkeria ikusezina egingo luke.

Horrez gain, munduko herrialde eta erlijio guztiek identitate eta sexualitate guztiak onartzea legez eta debekurik gabe funtsezkoa da aurrera egin ahal izateko. Kontuan izanda horiek legez onartzen ez dituzten herrialdeak (hauetako batzuetan heriotza.zigorra aplikatzen da) herrialde aberatsak ez direla (Yemen, Somalia, Sudan, Iran, Etiopia, Tanzania, Sri Lanka, Angola... adibidez) irtenbidea herrialde horietako hezkuntza bultzatzea izango litzateke, ondoren hezkuntza oinarri izanda, herrialde aurrerakoia eratuz.

Azkenik, feminismoaz berdintasuna lortzea da helburu nagusia, arlo guztietan eta ez legalki bakarrik. Gaur egun arte maila batzuetan berdintasuna lortu da, legalki adibidez; baina kasu askotan garrantzi gehiago ematen zaio gizon heterosexualak dionari beste edonoren gainetik; horrelakoak aldatzea da helburua.

Laburbilduz, gizartearen arazoa da orokorrean berdintasuna ez egotea, sistemak hori bultzatzen duelako; beraz, ingurua aldatuz, gauza txikietatik hasi (etxetik adibidez) handiagoetara joz (gizartea).


Nork asmatu zuen TIPP-EXa, X-IZPIAK, GARBIGAILUA, LISABURDINA…? EMAKUMEAK !

Historian zehar emakumeak baztertuta egon dira zientzia arloari dagokionean. Betidanik egon dira asmakizunak egin eta aurkikuntzak lortu dituzten neskak, baina haiei ez zaie garrantzirik eman haien kondizio sexuala dela eta. Arazo hori konpondu ezean, ondorio latzak ekar diezazkioke gure kulturari, hala nola, gizarteak egoera irrealean bizitzen jarraitzea, ezjakintasunean eta etorkizun hobea eraikitzeko aukerak murriztuta izanik, emakumeen jakituria baztertuz. Beraz, ezagunak izango al dira hurrengo belaunaldientzat zientzian garrantzitsuak izan diren emakumezkoak?

Aurretik aipatutako arazoaren eragile nagusienetariko bat baldintza sozio-politikoak dira. Urteetan zehar, gizartea egitura patriarkalean antolatu da, zeinetan autoritatea gizonek zuten eta emakumeak menpekoak baino ez ziren. Honen adibide garbia da, Erdi Aroan, Tomás de Aquinok zioena: emakumeak gizonaren zerbitzari izateko besterik ez zuela balio.

Honetaz gain, egoera ekonomikoak ere asko baldintzatu du emakumearen bazterketa. Duela urte gutxi batzuk arte, lanen banaketa sexuaren araberakoa zen, gizonezkoek etxetik kanpo lan egiten zuten dirua lortzeko, emakumeak gaixoen eta umeen zaintzaz nahiz etxeko lanez arduraten ziren bitartean. Ondorioz, aitarekiko edo senarrarekiko mendekotasuna zuten emakumeek, haien lanek ez baitzuten dirurik ematen.

Beste kausa bat pentsamendu androzentrikoa da, hau da, gizonek zuten ikasteko aukera; izan ere, bakarrik haien lana kontsideratzen zen baliozko. Esate baterako, gizateriaren eboluzioari buruz hitz egiteko, “gizonaren aroak” adierazpena erabiltzen da. Egia da, hala eta guztiz ere, gaur egun hizkuntzaren erabilera zaintzen dela “gizakia” bezalakoak erabiliz.

Bazterketa hori dagokion azken eragilea interesen aldeko borroka da. Gizonak boterearen jabe zirenean, emakumezkoen altxamenduen aurka egiten zuten askotan, haien abantailak ez galtzeko. Hala ere, gizon batzuk (hala nola, Condoret edo Mill) emakumezkoen mugimenduen aldekoak ziren, baina halakoak gutxienekoak ziren.

Aipatutakoak dira emakumezkoek zientza arloan jasaten duten bazterketaren kausa nagusiak eta badaude horientzat hainbat irtenbide, denok borondatea eta denbora eskaintzen badiogu horri.

Lehenengoa sexuen arteko berdintasuna bultzatzea da. Gaur egun arlo politiko nahiz lan-arloan egiten den bezala, kultura arloan sexuen arteko parekotasuna bultzatu behar da eta hori, bereziki, autoritateen eginkizuna da. Zientziako fakultatean, emakumeen  kopurua %20aren ingurukoa da bakarrik eta hori hobetu beharra dago, esaterako.

Horretaz gain, hezkuntzan ere sexu banaketa arloa landu behar da, baina modu egoki eta atsegingarrian. Eskoletan eta familietan txikitatik umeei irakatsi behar zaizkie sexu berdintasunaren oinarriak (Zabell aldizkarian 2007an argitaratutako artikulu baten arabera). Eskolan, zientzia arloan, gizonezkoen asmakizunak ikasten diren moduan emakume zientzialariei ere (Alejandrako Hipatiari, Janeri, Goodali, Marie Curieri...) garrantzia eman behar zaie.

Azkenik, irtenbide egokia litzateke gizartean emakume asmalariak ezagutaraztea: Rosalind Franklin, Jocelyn Bell, Lise Maitner... Egia da, lehengo baldintzak zirela eta gizon gehiago egon direla asmakariak egiteko aukera izan dutenak, baina egon diren emakumezkoek ere garrantzia merezi dute.

Laburpen modura, emakumezkoen bazterketa arazo larria da eta hura konpontzeko bideak batik bat hezkuntzan oinarritzen dira eta sexuen arteko berdintasuna bultzatzean. Beraz, denon artean parekotasuna bidera daiteke bakoitzak ahal duen neurrian ahalenginduz eta lan eginez.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina