ZENTRAL NUKLEARRAK: ETSAI IKUSTEZINAK
Japoneko hondamendiak zentral nuklearren gaia suspertu egin du. Europako politikarien artean eztabaida piztu da berriro eta energia inguruko erabakiak birplanteatzen ari dira. Arabarrontzat, auzia ez da berria, urteak baitaramatzagu Garoñako zentrala ixteko borrokan.
Azken gertakizunek eta urteetan egindako ikerketek argi eta garbi utzi dute zentral nuklearrak ixtearen alde gaudenoi ez zaigula arrazoirik falta.
Alde batetik, demostratuta dago erradiazioarekin kontaktuan egotea arriskutsua dela gizakiontzat. Hori egiaztatu ahal izan nuen nik aurreko egunean bizkar hezurraren erradiografia bat egitera joan nintzenean. Kabina batean sartu ninduten, guztiz isolaturik eta nire sorpresarako kasko txiki moduko bat jarri zidaten barrabilak babesteko. Zergatik ote erradiografia ziztrin batengatik horrenbesteko babes-neurri hartu? Gainera, azaldu didatenez, bertako langileek plaka berezi bat daramate bereganatzen duten erradiazio kantitatea kontrolatu ahal izateko. Horren harian, aipatzekoa da Marie Curie ikerlari famatua gehiegizko erradiazioaren ondorioz hil zela, garai horretan inork ez baitzekien horien arriskuez.
Kontuak kontu, erradioaktibitatearen kalteak ugariak izan daitezke. Epe laburrera gaixotasun anitzak sor daitezke, hala nola, azaleko erredurak eta alterazioak, kataratak eta agian itsutasuna, hezur muinean lesioak, minbizia, globulu zurien eta plaketen linfomak, eta abar. Baina hori ez da larriena; izan ere, epe luzera malformazio genetikoak eragin ditzake eta zelulen funtzionamenduaren alterazioa.
Bestetik, esan beharra dago zentral nuklearrak ez direla seguruak eta ihes erradiaktiboak egon daitezkeela. Hori egiaztatzen duten hainbat hondamendi gertatu dira historian zehar, hala nola, Chernobil, Harrisburg edota oraingo Japoniakoa (Fukushima).
Horietatik guretzat ezagunena lehen aipatutako Chernobileko hondamendia da. 1986ko apirilaren 26an, 50 tona material erradiaktibo atmosferara irten zen, eta Hiroshima bezalako 500 bonba atomiko bezain kutsakorra izan zen. Nahiz eta datu ofizialen arabera 72 hildako besterik ez egon, Greenpeaceren ustetan 200.000 pertsona baino gehiago hil ziren eta 4000 tiroideko minbizi kasu sortu. Erradiakzioak gorputz batek jasan dezakeena baino 100.000 aldiz handiagoa izan zen eta oraindik ere, 25 urte pasa ostean, ondoriak pairatzen ari dira.
Dena den, egia da zentralei esker leku edo zonalde handi baterako energia eskura daitekeela, era horretan petrolioaren menpekotasuna neurri batean ekidituz. Hala ere, energia garbia badirudi ere, zentral nuklearrek beste arazo bat planteatzen digute: aztarnategi erradiaktiboen arazoa, hain zuzen. Zentral nuklearretan hondakin erradiaktiboak metatu egiten dira eta horiek ezin dira desagertarazi; hortaz, benetako auzia bihurtu da aztarnak non gorde, horien ondorioak ezezagunak baitira.
Agian, benetako arazoa ez da nondik lortzen den energia baizik eta energia gehiegi kontsumitzen dugula. Hori dela eta, gobernuek energia plana serioak egiten hasi behar dute kontsumoa murrizteko eta horrela, beharbada, zentral nuklearrak itxi ahal izango dira betiko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina