2012/12/19

BELDUR GAUA ARMENTIA IKASTOLAN ( II.ATALA)


BELDUR GAUA ARMENTIA IKASTOLAN (II. ATALA)


Lehen Hezkuntzako irakasle gela parez pare neukanean, barruan zegoen norbaiten oihuak entzun nituen. Nire adineko neska batzuen oihuak ziren. Kontu handiz zabaldu nuen atea. Bertan ikusi nuena oso gogorra izan zen niretzat. Han zeuden Leire Tellitu eta Unai Gartzia, nire gelako neska talde bati munduko herri, ibai eta mendi guztiak ikasi behar zituztela esaten. Hamar herriren izenak esaten zituzten minuturo eta neskek memorizatzen ez bazituzten, Leirek eta Unaik elkarri musu ematen zioten... Tortura gogorragorik... Handik atera behar nituen nire lagunak;. Plan zoragarri bat prestatu nuen, baina orduan Unaik ni ikusi eta salatu egin ninduen zera oihukatuz:
-Eider Martinez! Eider Martinez!- Niregana ibiltzen hasi zen zonbi bat bezala, etengabe nire izena esanez.
Ziztu bizian alde egin nuen handik, eta azken solairura igo nintzen.
Oraindik entzuten nituen Unai Gartziaren oihuak urrunean:
-Eider Martinez...! Eider Martinez...!
Goiko solairuan nengoela, berriro oihuak entzun nituen. Oraingoan oihuak ez ezik, negarrak ere entzuten ziren. Berriro irakasle gelatik zetozen soinu itsusiok. Bertan sartu gabe imajinatzen nuen zein ikasgaik sor zitzakeen Armentia ikastolako norbaiten negarrak: Naturak.
Oso poliki atea pixka bat ireki nuen. Oraingo honetan ezin izango nuen ihes egin, Josu Linaza ate aurrean baitzegoen. Besotik heldu eta mahaian eseri ninduen, DBH 2.mailako ikasle batzuekin batera. Berehala ekarri zidan besteek zuten orrialdea. Bertan nire bizitza osoan egingo ez nuen problema bat zegoen idatzita.
Susto ikaragarria hartu nuen Josuk hitz egin (oihukatu) zuenean:
-ZUK ERE EZ AL DAKIZU EGITEN?
Isilunea.
Ez neukan nire beldurra adierazteko hitzik,ezta burua altxatzeko ausardiarik ere. Beste ikasleek ere ez.
-ERANTZUIDAZU! ZERTARAKO HITZ EGITEN DUT NIK KLASEAN ZAUDETENEAN? HORMAREKIN HITZ EGINGO BANU, GAUZA BERA LORTUKO NUKE!ZUEK EZER EZ IKASTEA!
Ez dakit nondik burua pixka bat altxatzeko adorea bildu nuen. Eskerrak, Josuk kalkulagailua nire buruaren kontra bota nahi zuela konturatu bainintzen. Irakasle gelatik ihes egin behar nuen, eta bizkor. hala egin nuen eta Josu eta beste ikasleak konturatu baino lehen kanpoan nengoen.
Eskailera buruan sorpresa bat aurkitu nuen:
-Eider Martinez...! Eider Martinez...!- Unai Gartziak.
Ezin nuen eskaileretatik jeitsi eta segundu batzuen buruan Josu Linaza irakasle gelatik aterako zen kalkulagailua eskuan nire burmuin ederra suntsitu nahian. Zer egin? Korrika, ezkerretara. Bide okerra, bertan Aidekoren gela baitzegoen. Horrek zera esan nahi zuen: MATEMATIKA. Bai, gutxien gustatzen zaidan ikasgaia. Baina Unai Gartziak bere zonbi-abiadura nabarmen handitu zuen, eta Josu irakasle gelatik atera zen jada. BI kalkulagailurekin, esku bakoitzean bat. Matematika gelan sartu beharko.
Ez ninduen harritu bertan Aideko ikusteak. Harritu nindutenak bere hitzak izan ziren:
-Kaixo Eider! Zu bakarrik falta zinen. Hemendik aterako zaitut! Etorri nirekin.
-Zer?
-Ez al duzu hemendik atera nahi?
-Ba bai, baina Unai Gartzia, Josu Linaza...
-Lasai, hemen ditut bakoitzaren ikasle gogokoenak...beraiek lasaituko dituzte.
Orduan konturatu nintzen gelako izkina ilunenean bi ikasle zeudela eserita, neska bat eta mutil bat.
-Beraiek irakaslea ikusi bezain laster "pelota" egiten hasiko dira. Irakasleek gustoko dituzten gauzez hasiko dira hizketan eta erasotzeko gogoak pasatuko zaizkie.-Esan zidan Aidekok.
Laurok batera atera ginen klasetik, eta Aidekok esan bezala, berehala joan ziren irakasleengana. Neska Josu Linazarengana hurbildu zen eta berarekin hasi zen hizketan. Kalkulagailuak lurrera bota zituen eta bat-batean barrez hasi eta neskarekin lasai-lasai jarraitu zuen hitz egiten. Aluzinazioak zirela uste nuen, baina ez. Besoan atximurka egin nuen konprobatzeko eta errealitatea zen.
Unai Gartziari dagokionez, zonbi batek bezala hitz egiteari utzi zion eta berehala erromatarrei buruzko eztabaida interesgarri bati buruz hasi zen hizketan beste ikaslearekin.
Hil nahi ninduten bi irakasleak entretenituta zeudelarik, Aideko eta biok eskailera nagusietan behera joan ginen. Behean Aintzane zegoen izkina batean eserita marmarrean "Utziko,utziko..." esaten.

2012/12/17

BELDUR GAUA ARMENTIA IKASTOLAN ( I.ATALA)


BELDUR GAUA ARMENTIA IKASTOLAN (I. ATALA)

 Ez dut inoiz ahaztuko gau beldurgarri hura. Ikusi nituen gauza itsusi guztiak, entzundako hitzak eta esaldiak... betiko geratuko dira iltzatuta nire buruan. Inork merezi ez duen esperientzia ahaztezina bizitzea tokatu zitzaidan. Kontatuko dizuet istorioa...

2010eko Halloween gaua zen eta ni DBH 1.maila ikasten ari nintzen. Urte horretan irakasleek "beldur gaua" prestatu zuten ikastolan, eta DBHko ikasle guztiak gonbidatu zituzten. Beldurra pasa nahi bagenuen toki hoberik ez genuela aurkituko esaten ziguten, baina ez zuten ikasle bat bera ere konbentzitu. Ni eta nire lagunok, DBHko lehenengo urteko ikasle AUSARTOK, harro-harro agertu ginen Halloween gauean Armentia ikastolan, irakasleek prestatutakoak beldurra emango ez zuelakoan. Gurekin batera DBH 2,3 eta 4. mailako hainbat ikasle ere etorri zen, seguraski gure pentsamendu berarekin. Hitz  egiten jardun genuen minutu batzuetan, Josu Linaza agertu zen arte. Normala denez, bere aurpegia parez pare ikusteak bakarrik beldurtu egin gintuen, baina Jaungoikoari esker ate nagusitik sartu behar genuela esatera besterik ez zetorren.
Hala egin genuen, eta denbora labur baten buruan baginen denok ate nagusiaren aurrean. Inork ez zuen lehen pausua eman nahi (badaezpada) eta DBH 4.mailako bi mutil sartu ez ziren arte, ez zen beste inor sartu. Besteok ezer arrarorik gertatzen ez zela ikustean, gauza bera egin genuen, baina azken ikaslea sartzean, DANBA! Ikastola itxita dagoenean jaisten den pertsiana guztiz itxi zen, eta barruan gelditu ginen denok, ilunpean eta guztiz izuturik. Berehala hasi ziren nesken oihuak nabarmentzen, baina bat-batean denak isildu ziren. Oso beldurtuta nengoen, geldi-geldi nire izkinako txokoan. Orduan konturatu nintzen nire egoeraz. Ez zen beste arnas hotsik entzuten. Jada ez nituen jendearen eskuak han-hemenka nabaritzen. Eskuak mugitu nituen nik, ea zerbait ikutzen nuen konprobatzeko... baina ez. Bakar-bakarrik nengoen han.

Non zegoen jende guztia? Non nire lagunak? DENAK etorri ziren nirekin ikastolara, ez zen nik amestutako zerbait! Zer gertatu zitzaien? Hilda egongo al ziren? Zaurituta, agian? Nola demontre aterako nintzen NI ikastolatik?
Oso-oso beldurtuta nengoen, ez nekien zer egin.

Kontu handiz aurreraka ibiltzen hasi nintzen. Eskuinaldera begiratu nuen...ez zegoen inor idazkaritza bulegoan...ezkerrera begiratu...ezer arrarorik ez areto nagusian...aurrera begiratu...eta BAI!

-Aintzane! Aintzane! Eskerrak! Nire salbazioa zara! Hemendik atera behar dugu, ikasle guztiak desagertu egin dira. Asko pozten naiz zu ikusteaz! Uzten didazu zu besarkatzen...?-Oooso arraro begiratu zidan, haserre egongo balitz bezala. Zer egin ote nuen ba nik? Zera esan zidan:
-UtziKO...-Oooso haserre zegoen.
-Zer?-Galdetu nion nik.
-UtziKO esaten dela, ez uzTEN!-Oooso haserre jarraitzen zuen. Orduan, egoeraren larritasunaz ohartu nintzen. Nola egin nezakeen horrelako akats LARRI bat? Sekula ez zen horrelako hitz itsusirik nire ahotik irten... Momentu batez gauza beldurgarri bat gertatuko zela pentsatu nuen; baina ez...ezinezkoa zen...HORI ezin zen gertatu! Oker nengoen, gertatu egin zen.
-Suspensoa jarriko dizut aurten euskaran! Bai horixe! Zero erraldoia jarriko dizut! Ez egin negarrik edo ez-ohikoetara joango zara zuzenean!
Hori gehiegizkoa izan zen. NI ez-ohiko azterketetan? Traumatizaturik utzi ninduen pentsamendu horrek, eta gehiago ez entzuteko eskailera nagusietatik goiko solairura igo nintzen korrika. Ez nekien "Aintza"ren oihuak amesgaizto okerrago baten hasiera besterik ez zirela.

2012/12/11

BIZI ETA UTZI BIZITZEN!




BIZI ETA UTZI BIZITZEN


 Duela bi hilabete gertatutako istorioa da hau. Aintzane klasea ematen zegoen eta bat-batean Josu Linaza agertu zen. Aintzane klasetik kanpo atera zen eta Josuk galdetu egin zion.
- Aizu, Aintzane, kotxeko argiak piztuta utzi dituzu- esan zion Josuk.- Nahi baduzu, giltzak eman ahal dizkidazu eta nik neuk itzaliko dizkizut.
- Aiba, Josu, eskerrik asko. Ez naiz konturatu. Bai, mesedez, nire jertsearen poltsikoan daude giltzak.- Erantzun zion Aintzanek.
Josu irakasle gelatik atera zen oso pozik Aintzanerekin hitz egiten egon zelako eta bere kotxera argiak itzaltzera jaitsiko zelako. Kotxea ireki egin zuen eta gure Josu oso kuxkuxeroa zenez, guanteran begiratu zuen eta hara zer aurkitu zuen: Aintzaneren eta M.Carmenen argazkia musukatzen. Josuk ezin zuen sinetsi, berari Aintzane gustatzen zitzaiolako. Patio-orduan Aintzanek M.Carmenekin hitz egitea lortu zuen baina arazo bat zegoen: Unai Gartziari M.Carmen gustatzen zitzaion. Orduan, Unairi deitu zion eta laurak gauzak argitzen saiatu ziren eta orduan neskek bonba bat bota zuten.
- Bi hilabete barru ezkondu egingo gara.- Esan zuten batera. Josu eta Unai zur eta lur gelditu ziren notizia honekin eta pentsatu zuen Josuk: Zergatik ez?
- Unai, gauza bat esan behar dizut.- Esan zuen Josuk.- Zutaz maiteminduta nago hilaren 8tik.
- Josu, ezin dut sinestu! Nik zugatik gauza berbera sentitzen dut!
M.Carmen eta Aintzane aho zabalik gelditu ziren. Hau bai ez zutela espero!
- Ideia bat bururatu zait.- Esan zuen Aintzanek.- Zergatik ez dugu egiten ezkontza batean bi bikote ezkondu?
- Oso ideia ona da, Aintzane!- Esan zuten hirurek batera.
Hiru aste pasa eta gero, sekretua ikastola osoak jakin eta gero, iritsi egin zen ezkontzaren eguna. Oso ezkontza polita izan zen eta denak zoriontsu gelditu ziren. Momentu horretan Unaik ideia bat eduki zuen.
- Zergatik ez gara joaten bi bikoteak eztei-bidaiara?- Esan zuen Unaik.
- Bai! Zer nolako ideia, Unai. Horrela diru gutxiago gastatuko dugu.- Esan zuen M.Carmenek.
Adostu egin zuten nora egin bidaia: Maldivetara. Oso leku liluragarria zen eta han egon ziren bi aste. Ikastolara iristean, ikusi egin zuten beraien ondorioz bikote asko sortu zirela eta oso pozik jarri ziren eta hortik aurrera ia irakasle guztiak oso pozik bizi izan ziren. Hauek dira sortu ziren bikote batzuk: Miren eta Didier, Aideko eta Leire, Gergo eta Isidro, Maitane eta Alaitz, Alicia eta Koldo eta askoz gehiago. Eta denak bizi izan ziren zoriontsu betirako.

2012/11/09

eta datorren astean AZTERKETAK!!!!!


DBH 4.mailako AZTERKETAK

OSTEGUNA, azaroak 15
8:30-10:30 – Euskara
15:00-17:00 -Bio-Geo/Latina
OSTIRALA, azaroak 16
8:30-10:30 – Lengua
jolasordua
10:50-12:30 – Ingelesa
jolasordua
12:50-13:50- Etika
ASTELEHENA, azaroak 19
8:30-10:30 - Matematika
15:00-17:00 - Gizarte
ASTEARTEA, azaroak 20
8:30-10:30 - Tekno/Informatika
15:00-17:00 - Artea/Fisika-kimika

2012/11/07

MIRESTEN DUT


Ez dut uste inor gai denik gauza bakar bat miresteko, miretsi edozer gauza mires baitaiteke. Pertsona soil bat, pertsonaia bat, ideia bat, egoera bat... Ezinezkoa da, beraz, dauden aukera guztiak egonda, gauza bat eta ez gehiago mirestea. Gainera, zerbait edo norbait miresteak beste zerbait edo norbait mirestea dakar gehienetan (beti, nire ustez). Adibidez, nik pertsona miresten badut, miresten ditut bere ideiak ere, eta ziur aski, ideia horiek sortatutako mugimenduak, taldeak, etab. Honenbestez, oso zaila egiten zait gaia aukeratzea idazlan honetarako, nik ere ez baitut gauza bakarra miresten, eta miresten ditudan horien artean ez naiz gai gehien zein miresten dudan edo garrantzitsuena zein den aukeratzeko.


Horregatik pentsatu dut benetan gustoko dudan zerbaitez mintzatzea. Nahiz eta izan litekeen, ez da pertsona edo pertsonaia bat, ezta pertsona talde bat ere; ez da ideia edo pentsamolde bat; eta ez da lanbide bat. Ez da horrelako ezer. Benetan estimatzen dudan zerbaitez galdetzen didatenean zera etortzen zait burura: pertsonala den zerbait, neurea; lasaitasuna ematen didana, hau da, ondo sentiarazten nauena, buruari besteetan ez bezala bueltak emanez. Beharbada, ez nau zoriontsu sentiarazten beti, baina hori da gehien gustatzen zaidana, dena ez baita beti polita eta zoriontsua izan behar ona izateko.


Horrela sentiarazten nauena miresten dut nik. Dena den, ez da zehatza edo bakarra, eta hori dela-eta, lehen esan dudan bezala, ez dut gauza bat bakarrik miresten. Eta nahiz eta atzerago ez nintzela pertsona edo ideia batez ari esan dudan, beste zentzu honetan izan daiteke horietako bat miresten dudana, horrela sentiarazten baldin banau. Izan daiteke pertsona bat era horretan egotera bultzatzen nauena, berarekin nagoenenan edo berarengan pentsatzen dudanean; nahiz dena delako egun horretan euria ari duela, edo haizea, edo udazken arratsalde arraro horietako bat dela; gertatu zaidan zerbait ere izan daiteke; edo momentua bera, besterik gabe.


Badakit nire miresteari buruzko kontzeptua ez dela, nolabait esateko, hedatuen dagoena edota norbaiti galdetuz gero, lehenengo erantzun bezala emango lukeena. Eta badakit, beharbada, ez zela hau lan honekin kontatzea espero zena. Zerbait konkretu edo zehatzagoaz hitz egin beharko nuke, agian, askok egingo luketen bezala: famaturen bati buruz, zein ondo abesten edo aktuatzen duen kontatuz, eta egunen batean nik ere horren ezaguna izan eta horrenbeste diru eduki nahiko nukeela esanez; edo mediku zein suhiltzaileei buruz, jendearen bizitza salbatzeko egiten duten lana dela-eta. Azken finean, ordea, horrelako famatuak (denak ez baitira kantari eta aktore aberats horiek bezalakoak) beste aberats batzuk baino ez dira, dirua akaparatzen dutenak beste batzuek bizitzeko ere ez dutenean, euren zilborrari begira eguna pasatzen dutenak; eta mediku eta suhiltzaileen lana miresgarria izango da, bai, baina arinago edo beranduago denok hilko gara, ezer ez da betiko, ezta euren lana ere.