* Johan eta Lopezentzat Araba Euskarazeko "errebantxa"!
* Emakumeetan, denboraldiko bigarren Mastersa irabazi du Lur Lejardik eta sailkapeneko liderra da
Araba Euskaraz Jai Alai Master Series
Jai Alai League zirkuitu ofizial bateratua
Gasteizko Olabe pilotalekua
LUR-OAIA vs MAITE-FRIDA: 15-3, 15-10
JOHAN-LOPEZ vs ERKIAGA-ZABALA: 15-13, 15-13
Final ederra, piloteatua eta une batzuetan gogorra. Halakoxea izan da Johan-Lopez eta Erkiaga-Zabala bikoteek jokatu dutena eta partida ona ikusi ahal izan dute, Gasteizko Olabe pilotalekuan giro benetan aparta jarri duten Arabako zestazaleek. Itxura ederra izan du frontoiak Araba Euskarazeko finalen egunean. Garrantzitsua da Jai Alai League-a Gasteizera iristea eta ikusle arabarrek beraien erreferenteak Olaben ikusi ahal izatea. Zer esanik ez Gasteiz Jai Alai eta Araba Airean, bertako bi zesta-eskoletako umeentzat. Ederra izan da arratsaldea!
Gizonezkoetan, Johanek irabazi egin dio Erkiagari, Biscayne Cup-aren "errebantxa" eta Lopezek ere atera du, Daniako pilotalekuan geratu zitzaion arantza. Zumaiako atzelariarentzat bere azken partidak, azken pilotakadak dira baina a zelako partida jokatu duen gaur ere Gasteizen. Zesta berriarekin, errebesez oso gogor eman dio Imanolek, izugarrizko misilak jaurti ditu eta huts bakar bat ez du egin partida guztian. Izugarria.
Neurketa bikain hasi du Aritz Erkiagak. Astelehenean beste final bat du Durangon baina ez da indarrak gordetzeko asmoarekin etorri Gasteizera. Lehen tantoetan lehen erremateak sartu ditu eta aurretik izan dira markagailuan, setaren azken txanpara arte. Johani kosta egin zaio, sakearekin Erkiagari airea kentzea eta Ispasterkoak ez dio barkatu. Hamabinakoan, Zabalak pilota zaila jarri du eskumaz (12-13) baina naranjek tanto ederre agin dute ondoren. Lopezek hiru misil jaurti ditu errebesez atzera, Zabalak eraman ditu baina hirugarrenean Johanek egin du tantoa, honek ere, errebesez eta azpi azpitik, min handia eginez (13-13). Azken bi tantuetan Aritzek ez du asmatu. Bere hormabikora iritsi egin da Johan, eta atzean amaitu du lapurtarrak (14-13); eta azken tantuan, txapapera jaurti du pilota aurrelari bizkaitarrak (15-13).
Hala ere, partida ez da hautsi eta Erkiagak eta Zabalak beren aukerei eutsi die amaierara arte. Lehen tantua egindakoan, argi esan dio Lopezek Johani: "Erkiagari kendu!". Lan zailak izan dira horiek Zabalarentzat baina ondo erantzun du markinarrak. Atsedenaldirako tantua benetan izan da ederra. Piloteo gogor eta luzea izan da, azkenean Aritzek errematatu, Johan iritsi eta berak hormabikoa bota (8-6). Biarriztarrak bi sake atera ditu errebotera jarraian (10-6) baina bizkaitarrek eutsi egin diote finalari, baita 14-10 galtzen egonda ere. Laranjen tanto faltan, hiru maisulan utzi dizkigu Erkiagak: sake-errestoan lehena (14-11), sahietsetik txik-txakera (14-12) eta errebotean, bi pareta goxo goxo botata (14-13). Hala ere, ezin izan dute 14garrena egin eta Johan eta Lopezentzat izan da finala eta txapela (15-13).
Lur eta Oaia, emakumeetan nagusi
Emakumeen finalean, merezimendu osoz irabazi dute Lur Lejardi markinarrak eta Oaia Otaño mutrikuarrak. Lejardi izan da partidako protagonista nagusia. 3-0 jarri dira azkar aurretik baina hiruna berdintzea lortu dute Maite Ortiz de Mendibilek eta Frida Watkinsek, zumaiarraren horma-biko bat tarteko (3-3). Baina tantu horretatik aurrera, moreentzat izan da protagonismo osoa. Urdinek ezin izan dute Lur Lejardi jokoz kanpo utzi, markinarrak partidaren agintea hartu du eta tanto-sorta itzela utzi du neurketa osoan, eta batez ere lehenengo jokoan: min asko egin du eskumarekin, Fridak ez du kantxan kokatzen asmatu eta Maite ere nahasita ibili da aurreko koadroetan. Konfiantza handia erakutsi du gaur Lurrek. Distantzia luzetik errematatzen ere asmatu egin du (8-3koa, zortzi koadrotik botatako bi pareta izan da) eta atzean, oso seguru aritu da Oaia Otaño. Seguru, eta errebesez oso ondo jokatuz (15-3).
Bigarren jokuan, partidan sartzea lortu dute urdinek. Une batzuetan, etxeko pilotariak, Maitek, lortu du Lur jokotik kentzea, indar handia baitu arabarrak. 1-4 ere jarri dira aurretik eta atsedenaldira arte, pare parean joan dira bi bikoteak (8-7). Bigarren seta, hamarnakoaren ondoren erabaki da. Lurrek atzean egin du hamaikagarrena; piloteoan dominatu eta barruan hutsunea bilatuta, hamabigarrena; barruan moztuta 14-10ekoa eta goitik behera eskumarekin "pikatuta", 15garrena eta azkena.







iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina