2026/03/16

Finalak erabakita

 Araba Euskaraz Jai Alai Master Series

Jai Alai League zirkuitu bateratu ofiziala
2. finalerdiak

SOROZABAL-ROMANE vs MAITE-FRIDA: 15-13, 6-15, 1-5
JOHAN-LOPEZ vs URREISTI-DEL RIO: 15-14, 15-12
Gasteizko Olabe pilotalekuan, erabakita geratu dira martxoaren 20ko bi finalak. Arabar bat izango da Araba Euskarazeko Master puntuagarrirako txapelaren lehian, Maite Ortiz de Mendibil hain zuzen ere. Lehen jokoari buelta eman eta Fridarekin batera, garaipena lortu du bart. Lur Lejardi eta Oaia Otañoren aurka jokatuko dute datorren ostiralean. Gizonezkoetan, Johanek eta Lopezek 2-0 irabazi diete Urreisti eta Del Riori. Lehen setean 14na berdindu dute eta laranjen aldera joan da 15.a. Bigarren jokoan 3-4 tantoren aldea kudeatzen jakin dute Sorozabalek eta Lopezek. Erkiaga eta Zabala izango dituzte finalean aurrez aurre.

Egia esanda, partido ederra izan da gizonezkoek jokatutakoa eta maila oso onean aritu da Eñaut Urreisti gaztea. Aurrelari gipuzkoarrak erremate asko sartu ditu, dejadaz, bi paretez edota txapa gainean moztuta, baina ez da izan nahikoa. Del Riok huts batzuk egin ditu eta parean bikote sendo eta erregularra aurkitu dute. Lehen jokoan, sahietseko horma biko batekin lortu du Eñautek 14na berdintzea eta seteko azken tantuan, txapara joan zaio dejada. Bigarrenean 4-1 hasi dira Johan eta Lopez eta bi tantura urreratu dira gehienez ere, moreak. 15-12 bukatu da bigarren jokoa eta partida ona, are gehiago, Johan, Imanol eta Eñautentzat ez-ohiko kantxa izanda.

* Maite Ortiz de Mendibil, finalera

Emakumeen partidan, aurkari gogorrak aurkitu dituzte Maitek eta Fridak lehen setean. Ondo jokatu dute Oihana Sorozabalek eta Romane Mercadierrek (azken hau, Pamiersko pilotaria da) eta aurkariek faborito izatearen presio puntua ere sentitu dute. 5-2 eta 6-3 hasi dira urdinak galtzen, zortzina berdindu dute baina ez dute markagailuan aurretik jartzea lortu. Lehen seta 15-13 galduta ez dira behera etorri. Kontrakoa. Erreakzionatzen jaki dute eta erraz nagusitu zaizkie bigarren eta hirugarren jokoan, Oihanari eta Romaneri (6-15, 1-5)

Datorren ostiraleko finala irekia dago. Gizonezkoetan, faboritoago dira Johan eta Lopez. Asko behar da gaur egun beraiei irabazteko, Lapurdiko aurrelariaren sasoi ona eta Lopezen maila ikusita.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina