LEOKADIREN KONDAIRA
Nire aitona ondarrutarra da, eta egun batean Leokadiren Kondaira kontatu zidan eta aspaldian Ondarruko jaietan kondaira honek bere garrantzia du.Ondarruko elizako teilatuaren erlaitzean, harrizko estatua batzuk kokaturik daude elizako buelta osoan. Estatua hauei “kortxeleko mamuak” deitzen diete. Elizak balkoi bezalako pasabide bat du ere, buelta osoa ematen diona.Kondairak esaten duen bezala, gaueko hamabietan kanpaiek jotzen zutenean, hiru buelta ematen bazenion elizako pasabide horri (elixako korreti) kortxeleko mamu bihurtzen zinen. Aspaldian, baziren hiru neska oso bihurriak zirenak. Hiru hauetatik batek Leokadi zuen izena. Leokadik bere lagunei esan zien ez zuela inolako beldurrik. Orduan bere lagunei esan zien gaueko hamabietan elizari hiru buelta emango ziola.Leokadi hamabietan elizara joan zen bere bi lagunekin eta lehenengoko buelta erraz eman zuen. Bigarrenean garrasi batzuk entzun ziren, baina buelta eman zuen eta hirugarrenean kate soinuak eta oihuak entzun ziren eta Leokadi ez zen agertu.
Handik aurrera, herriko jendeak Leokadi kortxeleko mamu bihurtu zela esaten du eta beste hamabi mamurekin herria zaintzen dutela.ZERGATIK DUZU ISTORIOA HAIN GOGOAN?Istoria hau hain gogoan dut, nire aitonak kontatu zidalako eta Ondarruko festetan oso aipagarria delako.
...................................................................
HARRIZ BETE ZEN ESTUFA
Aspaldi-aspaldian, Teofilo nire birraitonaren garaian, Nafarroako hainbat herritan, bazegoen ekaitz-egunetan estufa zahar bat pizteko ohitura. Haien ustetan, ikatzez eta inoiz kontatu ez dizkidaten beste osagai batzuez betetako estufa piztean, ekaitz hodeiek ihes egiten zuten. Teofilo nire birraitona zen estufa hori pizteko arduraduna.Egun batean, bere alaba Zaragozako irratia entzuten zegoen. Nire birraitonak gorrotatzen zuen irrati kate hori. Bere ustetan, bertan gezurrak baino ez zituzten kontatzen. Alabak, ordea, irrati horretan sinisten zuen eta egun horretan horrelaxe esan zuten irratian.
- Erne egon zaitezte, entzuleok, gaur arratsaldean Nafarroako erdialdean ekaitz izugarria izango dugu eta.
Birraitonak huraxe entzutean, haserretu, eta irratia itzali zuen. Orduak pasatzen zihoazen heinean, zerua belzten zihoan, baina berak ez zeukan estufa pizteko asmorik. Ordu batzuk pasata, herriko hainbat pertsonak bere etxeko atea jo zuten, eta ekaitzaren presentziaz ohartarazi zuten. Berak marmarka eta gogo gabe estufa piztu zuen, nahiz eta ekaitzik egongo ez zela pentsatu. Piztu ondoren eta irratiak esan bezala, izugarrizko ekaitza bota zuen herrian eta bertako ortu guztiak hondatu zituen. Ekaitza bukatu zenean, birratonak amorruak amorru eta estufa ziztrin horrek ezertarako balio ez zuela ikusirik, hura bizkarrean hartu eta mendi tontorrera igo zen. Bertan, lurrean utzi eta ostiko batez mendian behera bota zuen inork berriz ere ez hartzeko.
Horrelaxe bukatu zen nire herrian ekaitz egunetan estufa pizteko ohitura, eta berak aginduta, inork ez zuen berriz ekaitza uxatzeko estufa bat piztu.
Zergatik gustoko duzu istorio hau?Istorio hau, txikia nintzenean kontatu zidaten, nire familiari buruz hitz eginda, eta horren pasadizo xelebrea izanda, oso gustoko dut hau entzutea eta horren harira barre egitea...........................................................
Ondo jatearen garrantzia
Txikia nintzenean, janariarekin arazo larri bat izan nuen; izan ere, ez nuen ezer jaten, eta jaten nuena botatzen nuen. Medikuek ez zekiten zergatik, eta nire familia guztia desesperatuta zegoen, nik ez bainuen ezer jaten.
Baina egun batean, nire amonari begiratu eta plastikozko hortzak zituela konturatu nintzen. Beraz, galdetu nion:
Eta berak inoiz ahaztuko ez dudan istorio bat kontatu zidan.Nire amonak bost urte zituenean, nire arazo bera izan zuen; izan ere, ez zuen ezertxo ere jaten, eta jaten zuena likidoa zen.Medikuek amona solidoa jaten behartu zuten, baina nire amonak solidoa jan gabe jarraitzen zuen.Sei urte zituenean, egun batean, medikuak haren aurrean ogi zati bat jatera behartu zuen. Nire amonak, erremediorik gabe, ogi zatia jan zuen, baina murtxikatzean, hortz bat erori zitzaion, bere bizitzan hortzak erabili ez zituen-eta.Hortik aurrera, solidoa jaten zuen bakoitzean, hortz bat jausten zitzaion.Egun batean, hortzik gabe gelditu zen. Beraz, dentistarenera joan eta plastikozko hortzak jarri zizkioten. Imajinatzen nire amona bost urterekin hortzik gabe?Istorio honi esker, jaten hasi nintzen, eta ez ditut arazo gehiago izan janariarekin gaur arte.Zergatik duzu hain gogoan kondaira hori?Amonaren istorio hau garbi dago gezurra dela, baina txikia nintzenean sinistu nuen. Beraz, ipuin honi esker, gaur egun osasuntsu nagoela esan dezaket. Horregatik dut kondaira hau gogoan.
...........................................................
AUTO ISTRIPUAUdako egun eguzkitsu batean nire herrian nengoen, udaro bezala, ahizpa eta lehengusuarekin batera. Zortzi urte inguru genituen eta lehengusuak bi gutxiago. Harrapaketan jolasten ari ginela, ni izebaren kotxe barruan izkutatu nintzen eta harrapatu ninduten.
Bat-batean euria hasi zen eta nire lehengusua, nire ahizpa eta hirurok izebaren kotxe barruan geratu ginen.
Ahizpa eta biok kotxeko atzeko aldean jarri ginen eta Eneko, lehengusua, bolante aurrean jarri zen. Giltzak jarrita zeuden eta Enekori izugarrizko ideia bururatu zitzaion: giltzari eragin eta kotxea arrankatzea. Azeleradorea zapaldu eta baratzaren erdian amaitu genuen. Izugarrizko sustoa hartu genuen eta gainera, arriskuan jarri genuen gure bizitza, ateak irekita genituelako.
Miren, ahizpa eta hirurok oihuka hasi ginen eta gurasoak etxe barrutik irten ziren. Gertatutakoaren ondorioz, errieta egin ziguten eta zigortuta egon ginen egun batzuetan.
Egun horietan baratza konpontzen aritu ginen eta egun horretatik aurrera, debekatuta izan genuen kotxeetan sartzea.
ZERGATIK DUZU ISTORIOA HAIN GOGOAN? Inoiz ahaztuko ez dudan istorioa delako eta atzo gertatu balitz bezala gogoratzen dudalako. Gainera, istorioa barregarria iruditzen zait, baina momentuan ez hain barregarria.
...................................................................
BASERRIKO UZTAK BERE FRUITUA EMAN DU
Duela urte asko, Berritxuko (Bizkaia) lurretan Gorozika auzoan zehazki, Baraiku izeneko baserri bat zegoen mendi magalean itsasoari begira. Gaur egun baserri hori erreta dago. Garai horietan Euskal Herrian pobrezia zen nagusi, gerra ostea zelako. Baraiku familia batena zen. Bertan 7 urte inguruko neskatxa gazte bat bizi zen, Jospa izenekoa, urteak pasata nire amona izango zena. Euskal Herri guztian gosetea izugarria zen Gerra Zibila eta bi urtera baitzen. Familia honek suerte handia zuen; izan ere, pobreak izan arren, baserri inguruko lurretan baratza oparo bat zuten eta horri esker Jospa eta bere familia baserriko lurretan hazitako produktuez elikatzen ziren.
Aldiz, Juan Manuel, urteak pasata nire aitona izango zena, Ondarroan (Bizkaia) bizi zen arrantzale giroan. Ondarroa ere pobreziak jota zegoen eta bertako arrantza zen herriko jendea bizirik mantentzen zuena. Juan Manuel mutiko gaztea bat zen, 13 urtekoa. Bere familia zazpi anai-arreba eta gurasoz osatua zegoen. Familia hau Ondarruko auzo batean bizi zen. Esan bezala, Euskal Herri guztian izugarrizko gosetea zegoen eta Juan Manuelek ezin zuen oraindik dirua irabazi, arrantzalea izateko gazteegia zelako.Juan Manuel eta bere anaiak, beraz, Berritxuko lurretara joaten ziren lapurretan egitera zertxobait jateko. Bertan, mendia igo eta Gorozika auzoa zeharkatzen zuten. Gorozika auzoan zeudelarik, Baraiku baserrirantz joaten ziren isilpean inork haiek ez entzuteko. Zazpi anai-arrebak korrika egin eta Baraikuko baratzetara joaten ziren lapurretara eta ortuko produktu desberdinak hartzen zituzten. Normalean sagarrak eta pikuak ohosten zituzten. Gaiztakeria gertatu eta hurrengo goizean Baraikun bizi zen familia esnatu eta baratzera lan egitera joaten zirenean, konturatzen ziren baratzean eta zuhaitzetan produktuak falta zirela. Askotan Jospak entzuten zuen etxe ingurura etortzen zirela gauzak kentzera, baina oso umea zenez, ez zekien nor zen, bakarrik bere gurasoei entzuten zien gauean gertatutakoa.Urteak pasa ondoren, Jospa portu inguruko tabernan zerbitzari zegoen. Tabernak Bega zuen izena eta ez zen taberna soilik, jatetxea eta hotela ere bazen. Juan Manuel arrantzalea zen eta hilabeteetan egoten zen itsasoan lanean, baina lehorrera bueltatzen zenean, bere familia eta lagunekin egoten zen. Egun batean, nire aitona askotan bezala, bere lagunekin txikiteoan zebilela Bega tabernara joan zen zerbait hartzera eta hango neska zerbitzariak ikustera, eta noski nire amonak hor lan egiten zuenez, elkarrekin topo egin zuten eta horrela ezagutu zuten elkar. Jospak 24 urte zituenean eta nire aitonak 32, elkarrekin ibiltzen hasi ziren eta handik bi urtera ezkondu. Behin aitona amonari txikitako gaiztakeriak kontatzen ari zitzaiola hara non konturatu zen amona baserrira lapurretara etortzen zitzaizkien umeetako bat gure aitona zela.
..............................................................
Entzundako istorioa
Ni txikia nintzenean, 7 - 8 urterekin nire gurasoek istorio desberdinak kontatzen zizkidaten gau guztietan. Gau batean amak kontatu zidan bere aita, txikia zenean, urte batekin gutxi gorabehera, hiltzat eman zutela.Egun batean, 1942ko irailaren 12an Emilia izeneko emakume batek ume bat izan zuen, Gerardo izenekoa. Emilia bere senar eta haurrarekin Salamancako herri batetik gertu bizi zen, Gomecello izenekoan. Garai haietan haurrak etxean jaiotzen ziren, baina nire aitonak, seme-alaben arteko hirugarrenak, jaiotzeko orduan arazoak izan zituen. Hilda jaio zen bigarren semea bezala.Medikuari deitu zioten. Honek umea arazorik gabe jaiotzea lortu zuen. Egunak pasatzen joan ziren, eta Gerardo izeneko haurra egunetik egunera indartsuago eta osasuntsuago ikusten zuten. Egun batean, Emilia semea zegoen sehaskaraino joan zen eta honek bere umea ez zela mugitzen ikusi zuen. Emakume etsitua garrasika eta garrasika laguntza eskatzen ari zen, umeak negar egiten eta mugitzen saiatzen zen bitartean, bere semea hil zela ulertu arte.Egun bat pasatu zen, eta familia oso triste sentitzen zen beste pertsona maitatu bat galdu izanagatik. Hileta egunean Gerardo hilkutxa batean sartu zuten. Familia hilerrira joan zen eta hilobia ireki zuten umeari agur esateko. Baina umearen izeba hurbildu zenean, umearen besoa mugitu zela ikusi zuen. Une horretan haurra bizirik zegoela oihukatzen hasi zen, baina inork ez zion sinetsi haurra berriro mugitu zen arte.Gerardok bizirik jarraitzen zuela ikustean, korrika deitu zioten medikuari, eta hark egiaztatu zuen haurrak bizirik jarraitzen zuela. Medikuak azaldu zuen egoera katatonikoan egon zela, hau da, ez zitzaiola arnasarik nabaritzen eta ez zela mugitzen. Gaur egun, Gerardok bizirik jarraitzen du eta 78 urte ditu.Zergaitik duzu hain gogoan istoria hori?Benetako istorioa delako. Gainera, nire aitonak nire amari kontatu ziolako eta honek niri kontatu didalako. Amaitzeko, ez dudalako sinesten nire aitonaren izeba hurbildu izan ez balitz, hilda egongo zatekeenik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina