Oihanederrek, Euskararen Etxeak, egin bezala aurten "ARMENTIARRAK ARRAUN THE WORLD" ekimena abian jarri nahi dugu guk ere.
Baietz gure irakasle bidaiariak Oihanederren aurkeztu bezain bidaia gozagarri eta interesgarria zuek ere erakutsi! Anima zaitezte! Irailaren 17ra arte aurkez daitezke lanak.
Horra hor gure lagunaren lana eredu.
PAMIR MENDIETAN (ZETAREN BIDEA DESEGITEN)
Tajikistan eta Kirgizistan. Gaur egun mapetan kokatzea ere hain zailak izan arren, herrialde hauetan barna zihoan garai batean Asia eta Europa arteko merkataritza-bide sare ezaguna: Zetaren Bidea. Erdialdeko Asian kokaturik, Sobietar Batasunaren zati izandakoak, bi errepublika txiki hauetan Zetaren Bideak Pamir mendilerro erraldoia gurutzatzen du eta bertara, lurrak eta zeruak bat egiten dutela dirudien Pamir lurralde horretara, jo genuen uztailaren erdialdean: Ainhoa, Irati, Joseba eta Koldo, lau lagun, lau bizikleta.
Duxanben, Tajikistango hiriburuan, lur hartu eta Pamir mendiak gurutzatzen dituen Pamir Highway bidean barna ibili ondoren, hilabete beranduago eta 1.453 kilometroren ostean iritsi ginen Kirgizistan hegoaldeko Osh hirira. Sobietar garaia gogoratzen duen Duxanbetik irten bezain pronto zain geneuzkan mendi erraldoiak. Panj ibaiaren ondotik, ibaiaren bestaldean Afganistan genuela, Wakhan bailara isolatua zeharkatu genuen Hindu Kusheko menditzarren ikuskizunaz gozatuz. 4.332 metroko mendatea zeharkatuz Pamir lurraldearen erdian kokatzen den Murgab herri nagusira iritsi ginen. 4.000 biztanle ingururekin erraldoia dirudi inguru hauetan. Murgab utzita zain geneukan bidaia honetako sabaia: Ak-Baital mendatea (4.655m). Handik gertu, Karakul laku erraldoiaren ondotik pasa orduko agur esan genion Tajikistani Kirgizistanera sartzeko. Bertan, belardi zabal, yurta eta abere artean Uzbekistandik hain gertu dagoen Osh hirira iritsi ginen.
Hain ongi josiak dauden lur idor hauetan, batzuetan igarotzeko zirrikiturik aurkituko ez genuela pentsatu arren, poliki-poliki, paisaiaren edertasunak lagunduta, bide gogorretako loturak askatuz joan gara eta, konturatu orduko, hain arrotza zirudien lur haren zatitxo bat guregan dugu. Tartean Tajik eta Kirgiz jendeak momentu ahaztezinak eskaini dizkigute irribarreen epeltasunean. Hain gertu egonagatik hain urrun dauden bi herri, ukitu arren, nahasten hain zailak. Hain berdin, hain desberdin.
Mendateak
Zubiak. Loturak
Ainhoa non da?
Hindu Kush mendilerrroa. Zerutik gertu
Kanpaldia Pamir mendietan
Yurta: mobil home
Adarrak
Ikuskizunak jarrai beza
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina