2019/09/23

II. ARMENTIARRAK ARRAUN THE WORLD

TURISMOA, KIROLA, HONDARTZA ETA JAIA

Ekainak 19. Klaseak amaituta sofan etzanda. Opor gogoa, hainbat hilabetez klasean lan eta lan ibili ostean. Eguerdia da, eta motxilatxoa hartuta Bilbora goaz, bazkaltzera eta arratsaldean hegazkina hartzera. Bazkaria amaitu eta Loiura heldu ginen. Urduri, bai, baina oso emozionatuta. Nire bizitzako bidaia. Baziren urtetxoak herrialde polit eta ikusgarri hartara joateko irrikitan nengoela, eta azkenean egia bihurtzen ari zen nire ametsa. Hegazkinetik jaitsi eta hor zen Londres, nire ametsetako Londres. 

Aste oso batean hiria ikusi genuen, bere zati historikoetara gerturatuz, eta museo batzuk behatuz. Egia esanda, bidaia potentea izan zen, egunero orduak pasatzen baikenituen oinez, baina, merezi du Londres bezalako hiri polit eta liluragarri bat ikusteko. Hainbat leku bisitatzeko aukera izan genuen: Tamesis ibaia, Londreseko dorrea, Big Bena, Westminsterreko abadia, Saint Michelle parkea, London Eyea, Hyde Parka… Baina, nahiz eta leku asko bisitatu, beti aukeratzen da aipagarriren bat. Nire kasuan, bi dira: Tower Bridge (dorrearen zubia) eta Sky Garden (Zeruko lorategia). Tower bridgea Tamesis ibaia igarotzen duen zubia da. Zubi horretan bi pasabide daude: Bata goitik eta bestea behetik. Beheko pasabidea igo egiten da barku handi bat pasa behar denean. Sky gardena, ordea, etxe-orratz handi bat da, 35 pisukoa. Goizean igo ginen, eta goitik Londres osoa ikus daiteke. Hori bai polita! Horrez gain, goiko pisuan taberna bat dago, eta gosaltzeko scon izeneko opil ingeles bat jan genuen krema ingelesarekin eta marmeladarekin. Pena opor horiek amaitu beharra eta Gasteizera bueltatu beharra.

Londresetik bueltatu eta astebete kanpin batean egon ostean, udalekuetara joan nintzen, Rialpera, Lleidan dagoen herri txiki batera. Nire lehenengo urtea zenez, ez nuen ia inor ezagutzen, baina bigarren egunerako lagun asko egin nituen, eta taldean oso ondo moldatzen ginen. Hotelaren ondoan zegoen Noguera Pallaresa ibai handian uretako ekintzak egin genituen: Raftina, arroilak… Hori gutxi balitz, beste ekintza batzuk egin genituen: horien artean nire gustukoenak jumper-a eta kuads-ak dira. Uztailaren 17an, autobusa hartu eta ordu erdiko bidaiaren ostean, Aiguastortas izeneko parke natural batean egun osoa igaro genuen, ibili eta ibili. Nahiz eta oso neketsua izan, oso polita izan zen, eta benetan merezi izan zuen joatea. 

Bueltatu ginenean, dena prestatu genuen eta Bretainiara abiatu ginen. Bretainian, ez zuen eguraldi ona egin; hortaz, nahiz eta gure plana hondartzara joatea izan, inprobisatu genuen eta turismoa egin genuen. Azkenengo bi egunetan, atertu zuen, eguzkia atera zen, eta tenperaturak igo ziren. Egun horietan hondartzara eta igerilekura joan ginen, eta surfa egiteko aukera ere izan genuen.


Eta denborarekin abuztua iritsi zen, eta a zelako abuztua! Lehenengo egunetan, Gasteizeko jaietara joan ginen, kuadrillarekin ondo pasatzera. Txupinazoa, Huntza, Joselu Anaiak… Konturatu gabe, abuztuaren 15a iritsi zen. Egun hartan, Gernikako jaietara joan ginen, Oihan Vega DJ-a ikustera eta jaietan gozatzera. Hurrengo egunean, Mundakan egon ginen, hondartzan, eta arratsaldean Bilbora joan ginen Athletic vs Barça partida ikustera Pozasen. Partida amaitutakoan, azkar batean Bilboko metro zerbitzua hartuta, Portugaletera joan ginen, ETSko kontzertua ikustera, jaietan. Bilboko jaietako lehenengo egunean, Txosnen irekiera eta Mari Jaia ikustera joan ginen. Txosnetan ibili ostean, su artifizialak ikusi genituen, eta amaitutakoan, Abandoibarran zegoen Su Ta Gar kontzertua ikusi genuen. 

Hurrengo egunean, dena prestatu eta Gironako Palseko Platja del Racóra joan ginen. Egunero paseo bat ematen genuen goizean goiz, gero hondartzara joan, snorkela egin, eta igerilekuan ibili. Gauean, kanpinean zeuden ikuskizunak ikusten genituen.

A zelako uda! Oso ondo pasa dut, eta espero dut hurrengo urteetan ere horrelako oporrak egiteko aukera izatea!












UDA
Duela hilabete batzuk Instagramen argazki bat ikusi nuen. Argazkia, egia esanda, nahiko itsusia zen, baina argazkiaren beheko partean zegoen testua interesgarria iruditu zitzaidan. “No sabes lo que tienes hasta que lo pierdes”. Esaldi hori entzunda neukan jada, baina goizeko ordu bietan edozer gauza da interesgarria. Halere, ez nuen esaldia guztiz ulertu uda hau ailegatu arte. Eta seguru aski ez dut oraindik guztiz ulertu. 

Ekainaren bukaeran, Estatu Batuetara joan nintzen nire familiarekin eta lagun batekin. Izugarri polita izan zen, eta asko gustatu zitzaidan, baina Gasteiz asko sentitu nuen faltan. Ez bakarrik hiria, Euskal Kultura eta eguneroko ohiturak ere bai. 


Adibidez, hemen Times Squaren nago. New Yorken Andre Maria Zuriaren plaza, gutxi gorabehera. Bai, ez da argazkirik hoberena baina daukadan argazki bakarra da. Eta bai, lekua harrigarria da, hainbeste pantaila eta dendekin... baina hainbeste zaratak eta jendeak urduri jarri ninduten. Faltan sentitu nuen Plaza Berria eta zentroan dauden beste lekuak, lagunekin egoteko aproposak. Faltan sentitu nuen lasai ibiltzea zentrotik, kotxe bat edo korrika dabilen pertsona baten beldurra izan gabe.

Estatu Batuetan ezinbestekoa den gauza bat jatea da. Uste dut gehiago jan nuela bi astetan New Yorken Euskal Herrian hilabete batean baino. Bost hanburgesa jan nituen, eta nahiz eta janari lasterra asko gustatzen zaidan, horrekin ere aspertu nintzen. Asko gustatzen zait arratsalde batzuetan Pintoreria kalera joatea lagun batekin pintxo batzuk dastatzera. Izugarri gustatzen zait tortilla patata bat izatea afaltzeko. Gauza guzti horiek faltan bota nituen.

Zorionez, uztailaren 4an New Yorken nengoen oraindik, eta Estatu Batuen independentzia eguna nola ospatzen duten ikusi ahal izan nuen. Eta oso ondo pasa nuen. Nire amak ezagutzen zuen familia batekin bateratu ginen su artifizialak ikusteko. Eta asko gustatu zitzaizkidan. Ez gaizki ulertu. Baina ezin nituen Gasteizko Jaiak ahaztu eta haiekin konparatu behar. Lagunekin txupinazoan geratzea abestiak kantatzeko. Gauero egotea kontzertuetan, Green tabernako bokata batekin... Jai biak, Estatu Batuetakoa eta gurea asko gustatu zitzaizkidan, baina beste gauza batekin konparatu eta gero askoz gehiago baloratzen dut.

Testu kaskar honen ondorioa zuk hurbil daukazuna gehiago baloratu behar dela da. Beste kultura eta herrialdeak nahiko politak eta harrigarriak dira, baina sarri zure hirian edertasuna aurkitu ahal duzu ere. Ez naiz oso originala baina horrela da.

NIRE UDA

Oraintxe bertan inoiz baino galduago nago, ez dakit nondik hasi; izan ere, uda honetan oso ondo pasatu dut eta jada bukatu dela pentsatzeak deprimitu egiten nau. Hemendik aurrera goizeko zazpietan esnatu beharko naiz, etxerako lanak egin, ikasi, idatzi, irakurri… Puff, a zer estresa!! Baina, aizu, zer erremedio, opor hauetan gauza guztietarako denbora izan dugu; mendia, hondartza, turismoa…

Niri hondartza izan da gehien gustatu zaidana, erlaxatzeko momentu hori, lasai-lasai, haretan etzanda, olatuen zarata entzunez. Beno guzti hau oso ondo egongo zen, egia izan balitz, baina ez da nire kasua. Egia da hondartzan oso ondo pasatu dudala baina ez naiz erlaxatu eta are eta gutxiago lasai egon. Lehenengo arazoa umeak dira; izan ere, hondartzan ez dago ume bakar bat ere oinez ibiltzen denik, guztiak korrika ibiltzen dira, eta badirudi altxatzen duten hare guztia niregana datorrela (nik behintzat sentsazio hori dut). Gainera, oihu besterik ez dute egiten eta horrela lasai egotea ezinezkoa da. Horrez gain, bada bere semearekin paletan jolasten duen aitarik, baina nik ez dakit jolasten hasi baino lehen aitak esaten dion bere semeari pilota berari bota behar diola eta ez inguruan dagoen beste jendeari, askotan nik jolasten dabilen aitak baino gehiagotan hartu izan baitut pilota. Orain ez pentsatu ez zaidanik hondartza gustatzen, itsasoan jolastea ikaragarri gustatzen zait, eta olatuekin talka egin ondoren erortzen den jendeaz barre egitea oraindik gehiago baina argi gelditu dadila...hondartzan ni ez naiz erlaxatzen.

Mendian ere ederki pasatu dut, paisaia oso politak ikusi ditut eta askotan nekatzeak merezi duela deskubritu dut. Momentu onena mendi tontorrera iristen nintzenekoa zen, horrek esan nahi zuelako aldapa bukatuta zegoela eta zerbait jateko momentua iritsi zela. Momentu txarrena ere bazen, ordea, berriro ere bide berdina egin behar nuela pentsatzen nuelako, aldapa behera zen arren, eta mendi tontorrean nengoenean beti gauza bera pentsatzen nuen, nagusia naizenean “teletransportadore” bat asmatuko dudala, niri beti izugarrizko alfergura ematen baitit menditik jaitsi behar izateak, jada egindako bidea berriro egitea eta berriro nekatu behar izatea Puff! 

Gutxien gustatu zaidana turismoa egin behar izana izan da, ez dut inolako gogorik izaten gauza berriak bisitatzeko eta aurtengoa ere ez da salbuespena izan. Zerbait bisitatzera joan behar ginen bakoitzean, ea autokarabanan geldi nintekeen galdetzen nuen, eta erantzuna beti berdina zen, ezetz, eta batere gogorik gabe joan behar izaten nintzen. Gauza batzuk beste batzuk baino interesgarriagoak izan dira eta ez nengoen beti kopetilun guztiok nahi genuena egin behar genuelako, gogorik ez izan arren . Hauek izan dira nire oporrak eta hurrengoetarako falta dena pentsatzeaz soilik desesperatu egiten naiz.



‘UDA 19’
Esango nuke uda hau beste uda bat izan dela, baina gezurretan esango dut hori esaten badut. Uda honek aldatu nau, hobeto esanda, ezagutu ditudan pertsonek aldatu naute.

Uztailean Pilesera joan nintzen, Valentzia ondoko herri batera. Hamar egunez egon nintzen han hiru lagunekin eta han beste hiru lagun aurkitu nituen baina lagun asko egin nituen eta denok familia moduko bat sortu genuen. Egun guztietan ekintza berriak egiten genituen; gertu zeuden herriak bisitatu, hondartzetara joan uretako kirolak praktikatzera…eta Valentziara ozeanografikoa ikustera ere joan ginen, baina gehien gustatu zitzaidana Calpera joatea izan zen, han denok batera jan genuelako eta gero itsaslabar batetik saltoka uretara pasatu genuelako arratsaldea. Espero genuena baino azkarrago pasatu ziren hamar egun horiek, eta hobeto bukatzeko gauean denok uretara sartu ginen ilargia oso distiratsu zegoela aprobetxatuz. Gero dutxatu eta hondartza ondoan diskoteka bat montatu genuen gauak aurrera egin bitartean. Bueltako busean, ez genuen sinisten dena bukatu zenik. Baina, noski, gero berriz elkar ikusi genuen. Dudarik gabe, hamar egun horiek errepikatuko nituzke.

Abuztuan Gasteizko jaiak heldu ziren. Piles eta gero, hasi nintzen Gasteizen bizi ziren lagunekin geratzen, eta handik kuadrilla moduko bat sortu genuen. Elkarrekin atera ginen Gasteizko jaietan. Pena izan zen bakarrik lehenengo hiru egunetan egotea, baina horregatik egun horiek topera aprobetxatu nituen. Dudarik gabe jaietako lehenengo eguna hoberena izan zen, lagun baten etxean lo egiten geratu nintzelako; beraz, denbora gehiago geratzen utzi ziguten. Ateratzean, beti jende guztia kalean aurkitzen duzu eta oso dibertigarria da. Jaietan egon nintzen azken egunean, euria egin zuen gauean; beraz, ez genuen gauza askorik egin. Gainera, etxera goiz joan behar izan nuen hurrengo goizean goiz altxatu behar nintzelako nire herrira joateko. Espero dut inoiz ez ahaztea hiru egun hauek.


Nire herrian egon eta gero, abuztuko azken astea Marbellan pasatu nuen. Oso polita da. Alboko hiriak bisitatu genituen eta turismoa egin genuen, baina ere hondartzan eta igerilekuan denbora pasa genuen erlaxatuta. Oso gustura egon nintzen han. Pena hain urrun egotea, bakarrik joan eta etorrian bi egun galtzen direlako. Gauza asko ikusteko geratu zaizkit han. 

Pena da hain motzak egitea hiru hilabete hauek, baina ezin naiz penarekin geratu, uda zoragarri hau eduki dudala jakinda. 

Nire udan parte hartu duten pertsonei, ESKERRIK ASKO!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina