IMANOL
OLABARRIA
"Francoren heriotzaz geroko krimenik handiena izan zen Martxoaren 3koa"
- Urtero da martxoak 3. Bost hildako Gasteizen eta ehunka zaurituak, balaz gehienak, 1976an. Hilabete batzuk lehenago etorria zen Gasteizera lanera Imanol Olabarria. 1975eko azarotik martxoaren 3ko txikizio hura bitartean hainbat fabrikatan egin ziren protesta, asanblea eta mobilizazioetan parte hartu zuen. Are, eragileetakoa izan zen.
Imanol
Olabarria Bengoa (Otxandio, 1937)
Apaiz
langileetakoa izan zen, Trapagarango Zugaztieta auzoan ari zen 60ko
hamarkadaren hasieran, eta Gernikan ere bai geroago. Zamorako
kartzelako apaizetakoa izango zen, lehenago ihesi joan izan ez
balitz. 1975eko udazkenean heldu zen Gasteizera eta barru-barrutik
bizi izan zuen Martxoaren 3 haren aurreko borroka.
Gasteizen
zinen 1976ko hasieran.
Bai.
Bilbotik etorri eta Michelinen sartzen saiatu nintzen. Akordatzen
naiz, goizeko bostetan, fabrikako atean, testak egiteko zain, testak
egiten eta zegokionari ematen. Fabrikakoak engainatzen saiatu behar
nintzen, peoi hutsa nintzela adierazten. [Apaiz langile izana zen]
Testa egin eta arduradunak etorri zitzaizkidan: “Halako galdera ez
duzu erantzun”, “Uste dut modu intuitiboan erantzutekoa zela”.
Esan orduko damutu nintzen. Peoiak ez du intuitibo hitza
erabiltzen. Jakina, ez nien ziria sartu. “Peoi izateko ezgai”,
eskutitza jaso nuen. Albotik esan zidaten beste fabrika batean,
Cablenor zuen izena, langileak behar zituztela, ez zutela askorik
ordaintzen, baina inolako test edo kontrolik gabe hartzen zituztela.
Hala ere, soldadutza egina izatea eskatzen zuten, baina ni apaiz
izana nintzen eta ez nuen egin soldadutzarik. Orduan, 37ko kupokoa
nintzela esan nien. Eta lanera.
Urtarrilaren
hasieran hainbat greba izan ziren Gasteizen.
Ez
ziren hutsetik sortu, ez ziren lau demagogoren kontua ere izan, ezta
alderdi edo sindikatu baten ekimena ere. Jendea Martxoaren 3ari buruz
galdezka hasten denean, erantzun zehatzak nahi izaten ditu, baina,
askotan, orduko egoera soziala ahazten du, orduko borroka. Francoren
altxamendua eta gero, diktadura ezarri ondoren, biltzea debekatu
zuten: ez zegoen alderdirik –Falangea izan ezik–, ez zegoen
sindikaturik –Bertikala besterik, erregimenarena–, ez zen
biltzeko edo manifestazio eskubiderik ere. Bigarren Mundu Gerra
ostean, jendeak espero zuen aliatuek Franco eraitsiko zutela, baina
ez zen horrelakorik izan. Are okerrago, 1953an AEBak Francoren
erregimenarekin harremanetan sartu ziren, eta ondoko urtean berdin
egin zuen Vatikanoak. Eta 1955ean NBEk kide onartu zuten Espainia.
Iragan
mendeko 60ko hamarkadan, zein zen egoera Gasteizen?
Enpresa
asko etorri ziren garai hartan hona, bai Bizkaitik, bai Gipuzkoatik;
Eibar, Elgoibar eta Oñatitik, adibidez. Era berean, Arabako herri
txikietatik ere hainbat jende etorri zen Gasteizera lanera. Eta
Espainiako Extremadura, Galizia eta Andaluziatik ere bai.
Cablenorren, esaterako, Extremaduratik etorriak ziren gehienak. Garai
hartan, astean sei egunetan egiten zen lan, zortzi ordu egunean,
langileak ordu estrak ere sartzen zituen, eta hala ere, soldatak ez
zuen ematen bizitzeko lain. Bateko gastu finkoak eta besteko kontsumo
prezioen indizearen garestitzea, eroste ahalmen urria zuen langileak.
1975eko
azaroan Gasteizko Cablenorren lanean hasi zinelarik, zer giro zen
enpresan?
Laborari
lanean ibilitakoak ziren nire lankideak, borroka kontzientziarik ez
zutenak. Langileetako batzuek poliziak edo guardia zibilak zituzten
senideen artean, eta normal hitz egiten zuten haietaz; hemengoek ez
bezala, esan nahi dut, hemengoek bazuten-eta indar errepresiboen
berri. Lankideek ez zuten patronalaren gaineko iritzi sendorik, ezta
sindikatu edo prentsari buruz ere. Cablenorren giroa hori izan arren,
Franco hil baino hamabost egun lehenago, zenbait lagun batzen hasi
ginen Gasteizen. Biltzeko eskubiderik ez zenez, tabernaren batean
juntatzen ginen, berbetan. Bilera haietan ez zen ika-mikarik falta,
nork bere siglak erakutsi nahi izaten baitzituen.
Zein
ziren zure siglak?
Nik
ez nuen siglarik. Etxabarriko Bandaseko grebak [1966ko azaroan hasia,
163 egun iraun zuen] markatuta nengoen, non batzarrak agintzen
baitzuen. Niri horixe iruditzen zitzaidan aberasgarriena. Batzarrean
bertan erabakitzen zen dena. Esaterako, Cablenorren grebara irten
ginen orduko, Forjas Alavesas, Mercedes eta Aranzabal ere greban
zeuden. Azkenerako, hamabi enpresa izan ginen greban. Hainbat
sektoretakoak ginen, baina aldi bertsuan irten ginen grebara. Horixe
izan zen Gasteizko greben ezaugarria: orduko lege araudia hautsi
genuen, sektore bakoitzari hilabete jakin bat baitzegokion
lan-hitzarmena negoziatzea. Gasteizen, aldiz, batera irten ginen.
Lau
egun egon zineten greban.
Goizean
fabrikara joan eta hutsik zegoen pabilioi berrian sartzea adostu
genuen. Ez genuen lanik egiten. Lau egun eta gero, enpresak fabrika
itxi zuen. Gurea ez zen lehenengo kasua, ordea, beste fabrika batzuk
ere egoera horretan ziren eta, bitartean, San Frantzisko eliza hartu
zuten. Bide horixe hartu genuen gure enpresan ere, eta Judimendiko
elizara sartu ginen, apaizen gogoaren kontra. Baina guk, geurea,
errespetuz, baina geurea. Bilera irekiak egiten hasi ginen, Gasteizko
jendeak ezer jakin nahi izanez gero iturri onetik jakin zezan.
Poliziak bere sekretak bidaltzen zituela bagenekien, baina guk
aurrera.
Greban
zineten, fabrikak itxita, eta zuek Zaramagako eta Judimendiko
elizetan itxialdian.
Eta
Judimendiko elizan gurekin batera itxi ziren Apellaniz altzari
fabrikako langileak ere. Greban zegoen enpresa bakoitzak batzarra
egiten zuen egunero. Batzarrak asko laguntzen zigun denoi, beldurrez
geunden-eta. Han informazioa trukatzen genuen, arazoak aztertzen
genituen. Batzar bakoitza eskola bihurtu zen, 20 eta 65 urte
bitarteko langileen eskola. Egunero zerbait aztertzen zen eta ondoren
bozkatu. Asko laguntzen ziguten batzar haiek. Garai berean,
manifestazioak egiten ere hasita geunden Gasteizen, horretarako
eskubiderik ez bazen ere. Polizia manifestariei oldartzen hasi zen,
langileak atxilotzen. Eta poliziak langile bat atxilotzen zuelarik,
edo patronalak langileren bat kaleratzen zuenean, greban ginen
enpresa guztiok batera erantzuten genuen. Izan ere, ostegun
arratsaldeetan, greban ziren langile guztion batzarra egiten hasi
ginen Zaramagako elizan, eta batzar hartan, greban ziren enpresa
guztietako ordezkarien batzordeak parte hartzen zuten. Langileok
fronte bateratu bat osatu genuen Gasteizen, aldarrikapen zerrenda
bateratua. Patronalak diru errebindikazioak onartu zizkigunean, guk
ezetz, kaleratutako langileak berriz hartu arte ezetz. Eta, ondoren,
kaleratutakoak berriz hartu zituztenean, atxilotuak askatu arte
ezetz. Enpresa bateko egoera konpontzen zenean, beste fabrika bateko
korapiloa askatu behar zen. Askatasuna lehenetsi genuen edozein
negoziazioren gainetik, langile guztiok batera. Gu batera ari ginen,
patronala, aldiz, ez.
Horrela
etorri zen 1976ko martxoaren 3ko greba.
Ostegunetan
egiten zen batzar bateratuak hiru aldiz egin zuen greba orokorreko
deia. Lehenak ez zuen oihartzunik izan; bigarrenak, handiagoa izan
zuen; hirugarrena, martxoaren 3koa zen. Egun hartan, polizia goizetik
hasi zen tiroka. Urbina herriko Ormaetxea zauritu zuten. Andoni
Txasko ere gogor jo zuten goiz hartan, bere begi bakarrean.
Bazkalondoan, San Frantzisko elizako batzar bateratua baino lehen,
Judimendiko elizan batu ginen fabriketako ordezkariok, batzar
bateratua prestatzeko asmotan. Gurea amaitu eta San Frantzisko
elizara joan ginenean, poliziak tenplua inguratuta zeukala ikusi
genuen. Harrika hasi ginen, baina alferrik. Gero, jakinekoa da, eliza
barruko langileei eraso zieten, eta irten eran, tiroka eta kulata
kolpeka ekin zion poliziak.
“Tiro
egin, jendea akabatzera jo!”, aditzen da poliziaren hitzetan.
Dakigunez,
Forjas Alavesas enpresako gerentea, Agirre, Madrilera joan zen beste
zenbait enpresabururekin batera. Lauzpabost ei ziren. Espainiako
Gobernuko lehendakaritzako ministro Alfonso Osoriorekin batu ziren,
eta handik hiru egunera, martxoaren 3koa gertatu zen. Gure
interpretazioen arabera, bilera horretan aditu zuena aditu eta gero,
Gobernuak tiro egiteko agindua eman zuen, langileak hiltzekoa,
Gasteizen gertatutakoa ez zedin beste inon gertatu.
Handik
hiru egunera Madrilen zinduzkaten.
Hilak
8 zituela, Jesus [Fernandez] Navesek eta biok Bilboko irrati emisora
batera joateko deia genuen, Gasteizen gertatutakoa kontatzera. Egun
hartan bilera genuen Pilareko elizako sotoan, eta langile bat etorri
zitzaigun, esanez poliziak bazuela bilera haren berri. Alde egin
genuen. Hiru bat ordu geroago, kalean, atzetik heldu ninduten. Eskuak
lotu zizkidaten eta auto batean sartu ninduten. Hantxe eduki ninduten
ordu erdi bat, harik eta Jesus ere atxilo hartu zuten arte. Eta
polizia-etxera, eta pare bat zartateko jaso nituen; torturarik ez,
hala ere. Mehatxuak bai. Poliziak haserre zeuden. “Pantanora
eramango haugu, ur dena irentsiko duk!”. Atxilotuta, zutik,
paretara begira, eta handik bi ordura, Madrilera.
Sedizioa
zenuten akusazioa.
Segurtasuneko
Zuzendaritza Nagusian eduki gintuzten, Madrilen, Puerta del Solen.
Hiru egun han eta Carabanchelera. Han geundela jakin genuen sedizioa
egozten zigutela. “Eta zer da, bada, delako sedizio hori?”, eta
abokatuen erantzuna: “Estatuaren segurtasunaren kontra atentatu
egitea”. Horrelaxe! Espainiako ministro Fraga Iribarneren eta haren
Martin Villaren asmoa zen langileak zentzabidean jartzea. Uste zuten
langileak kokilduko zituztela, baina ezta pentsatu ere. Biharamunean,
protestak izan ziren han eta hemen, eta poliziak langile bat hil zuen
Tarragonan [Juan Gabriel Rodrigo, hilaren 6an], gero beste bat
Basaurin [Vicente Anton Ferrero, hilaren 8an], eta beste bat Erroman
[Mario Marotta, hilaren 14n] Gasteizekin elkartasunezko
mobilizazioetan denak. Orduan, bestelako gogoeta bat egin zuten
agintariek: “Ez dugu horrela ibiltzerik, surtara egurra botatzen
ari gara”. Eta diskurtsoa aldatu zuten. Gu kartzelan geunden, eta
ez ginen zeharo jabetu. Gero, irten ginenean jabetu ginen aldaketaz.
Zein
izan zen aldaketa hori?
Eztabaida-batzarrak
galarazi zituzten, eta batzar informatiboak ezarri, alderdi
politikoen eta sindikatuen kontsignak inposatzeko. Boto ematera deitu
gintuzten, eta besteren esku uzten dugu harrezkero protagonismoa.
Boterearen kontra egotetik, “langileak boterera” oihu egitera
igaro ginen. Grebak ezeztatu ziren, eta “borroka egunak” asmatu,
egun batekoak eta asteburukoak. Indar errepresiboek uniformearen
kolorea aldatu zuten, eta “ordenaren langileak” deitzen hasi
ziren. Erresistentzia kutxatik, Estatuaren funts erreserbatuetara
pasatu ginen, eta autonomia galdu genuen. Batera lan egiten genuenok,
siglen menpeko egin ginen, sektario. Ordezkarien batzordeak
ezeztagarriak ziren garai batean, gaur egun lau urteko pribilegioa
duten ordezkariak ditugu. Sindikatu bertikal bat zen lehen,
zazpi-zortzi sindikatu “bertikal” izan ziren gero, dira orain,
nor bere interesen alde. “Gizarte anestesia”, esaten zuen
Fernandez Duranek.
Zer
diozu orduko borrokaren gainean?
Koktel
gazi-gozoa daukat barruan. Askatasun ametsa genuen, sindikatu
bertikal hura kendu nahi genuen gainetik, laneko baldintzak
kontrolatu nahi genituen. Langileen duintasunagatik borrokatu ginen,
batzarrak ezarri genituen eztabaidagune eta erabakigune izan zitezen,
ordezkari bozeramaileen batzordeak sortu genituen, noiznahi
ezeztatzeko moduan. Langileon berdintasunaren alde saiatu ginen, diru
igoera linealen alde. Hobekuntza ekonomikoak eta laneko baldintza
hobeak eskatzen genituen, baina langile kaleratuak berriz hartzea,
atxilotuak askatzea eta euren lanpostuan mantentzea lehenetsi genuen.
Hiru hilabeteko borroka izan zen.
Iritzi
kritikoa duzu gaur egun Martxoaren 3aren inguruan antolatzen diren
ekitaldien inguruan.
Lore
eskaintza eta omenaldia egiten da, eta errespetatzen ditut
ekitaldiok. Bost hildakoak gogorarazten dira, baina ez haien amets
eta antolatzeko moduak, eta borrokari frenoa jartzeko modua izan
liteke hori. Ez da, seguru, sindikatu eta langileen asmoa, baina
zenbait erakunderen gogoak uste dut horixe nahi duela, hilak izan
zirela gogorarazi, “kontuz!”, esanez bezala. Hura eta gero etorri
zen Fernández Duránek [globalizazioaren aurkako mugimenduko
ekintzailea] esaten duen gizartearen anestesia garaia. Laneko borroka
zuzentzeko bideak diseinatu zituzten, kapitalari minik ez egiteko
eran. Gaur egun, Martxoaren 3az pentsatu eta esango nuke Francoren
heriotzaz gero, eta oraindaino arte, ezagutu dugun krimenik handiena
izan zela: bost hildako eta ehun zauritu baino gehiago, milaka
testiguren aurrean, eta auziperaturik ez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina