2016/05/25

A ZER NOLAKO BOLADA! AZTERKETAK, BERTSO-TXAPELKETAK, LITERATUR SARIAK…

Berezia da maiatza bukaera zuontzat. Ikasturte osoko azken txanpa! Buru-belarri ari zarete lanean edo horrela egon behar izango zenukete. Nekatuta, urduri, lan eta lan… Eutsi goiari, neska-mutilok! Ahaleginaren saria nabarmena izango da.

Baina sari, poz eta alaitasun ugariren iturri ere bazarete, gero! Eta horrelakoak azken hilabetean ere jaso ditugu.

Bat.Armentia Ikastola Arabako Eskolartekoan (GORA GURE BERTSOLARIAK!). Maiatzaren 21ean Aramaion ospatu zen Arabako Bertso Eskolen Eguna eta 14-18 urte bitartekoen XIX. Bertsolarien Eskolarteko finala. Bertso eskoletako haur, gazte eta gaztetxoak elkartu ziren bertan. Sei gazte oholtzan Maria Izagak jarritako lanei bikain erantzunez. Aroa Arrizubieta, Markel Yoller, Martin Abarrategi, Peru Amorrortu, Unai Anda eta Xabier Antia izan ziren zortziko handian, zortziko txikian, puntu erantzunetan eta gaiari kantatuz aritu ziren bertsolariak. Eta nortzuk joango dira datorren ekainaren 4an Ereñozura Euskal Herriko Eskolarteko Final handira? Aroa Arrizubieta, iazko garailearen eskutik egurrezko mikroa jaso zuen bertsolaria, eta Peru Amorrortu, Bertxilika Bertso Eskolako kidea ere dena. Zorioneko gu horrelako bertsolari apartak gure artean, gure bertso-afarietan, gure bertso eskolan... izatearren!

Bi. Peru Amorrortu, Armentia Ikastolako DBH 4ko ikaslea, Urruzuno literatur lehiaketaren garaile suertatu da aurten ere “Post Mortem” idatziarekin. Bere lana Eusko Jaurlaritzak urtero argitaratzen duen Sagastiberri Saileko liburuan aterako da. Lehiaketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bultzatzen du eta bere helburua literaturaren inguruko sormena eta euskara garatzea dira. Peruk bidaia bat izango du sari, baita euskal idazle baten laguntza eta tutoretza ere.

Hiru. June Castrok eta Aintzane Belokik jaso dute  Twitterren eta Interneten bidez egindako Gasteizko Gazteentzako II. Nanoipuin Lehiaketako saria. Zorionak bioi eta baita parte hartu zuten beste kide guztiei ere.


Eta urteak pasa ahala, horrela jarraitzen dugu… Lau. Bost. Sei… Beste azterketa batzuk, beste sari batzuk, beste ikasle batzuk… Gora zuek!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina