KANPIN DENDA GORRIA
Txikia nintzenean, nire gurasoak guri istorioak kontatzen ohitu ziren; izan ere, nire arrebak eta biok istorioak maite genituen. Nire aitak istorioa hau kontatu zuenean, istorio arrunt bat zela pentsatu nuen, bera protagonista izan zela esan arte.
Udaro bezala, Gorka izeneko 12 urteko mutil bat scoutekin joan zen kanpamenduetara. Honek oso pozik bere motxila prestatu eta kanpamendura iritsi zen taldearekin batera. Kanpamendua ibai baten bitartez zatituta zegoen; beraz, scout taldea zatitu egin zen. Ibaiaren alde batean monitoreek eta hainbat scoutek beraien kanpin dendak jarri zituzten. Beste aldean, aldiz, ez zegoen monitorerik. Bi taldeak dendak ipini eta gero, lo egitera joan ziren, gaua iristen ari zen eta. Gorkari beste hiru gazteekin egotea tokatu zitzaion.
Bat-batean, goizeko seiak zirela, eguzkia ateratzen zegoen bitartean, Gorka eta bere taldekideak pizti baten orro beldurgarriak esnatu zituen. Zezen bat zen!!! Animalia denda jotzen eta puskatzen zegoen, hau gorria baitzen. Gorka eta bere lagun berriak, beldurtuta, dendaren beste aldera azkar mugitu ziren. Hauek ateratzea edo hor geratzea erabakitzen zuten bitartean, ibaiaren beste aldetik zetorren harri batek zezenari jo zion. Ondoren, harri gehiago iritsi ziren. Beste aldeko monitoreak eta gazteak ziren. Hauek zezena uxatzea lortu zuten. Gorka eta bere taldekideen bizitza salbatu zuten!
ZERGATIK DUZU ISTORIOA HAIN GOGOAN?
Istorio hau aukeratu dut istorio harrigarria iruditzen zaidalako, hau benetan nire aitari gertatu zitzaion eta. Istorio hau betiko gogoan izango dut; izan ere, txikitan, gurasoek askotan kontatzen ziguten.
*************************
ERAZTUN FALTSUA
Txikia nintzenean, nire aiton-amonen etxera joaten nintzen bakoitzean, nire aiton-amonak txikiak zirenean, Francoren garaian ikastolan egon ziren gorabeherak kontatzen zizkidaten. Eta gehien gustatzen zitzaidana eraztunarena zen.
Francoren diktaduran, nire aiton-amonak nerabeak zirenean, euskaraz hitz egitea debekatuta zuten. Baina haien herrian asko egiten zen eta nahiz eta Francok euskaraz egitea debekatu, asko kostatzen zitzaien euskaraz ez egitea. Beraz, eraztun bat hartu zuten eta euskaraz mintzatzen zenari pasatu behar izaten zion aurretik eraztuna zuenak. Hortaz, eraztuna norbaitek zuenean besteak euskaraz berba egitea saihesten zuten, eraztuna ez edukitzeko; izan ere, Francoren jarraitzaileren batek eraztunarekin ikusten bazuen, kristonen jipoia emango zion.
Nire aitona oso formala zen; beraz, ez zuen arazorik izan. Nire amama, aldiz, bihurria zen. Gainera, hitz egitea pila bat gustatzen zitzaion eta txikitatik euskaraz berba egin zuenez, eskaraz hitz egitera ohituta zegoen. Oso gaizki pasatzen zuen ikastolan, eraztuna behin eta berriro ematen ziotelako. Baina oso azkarra zen; horregatik, eraztuna zuenean, euskaraz mintzatzen zirenengana joaten zen, nahigabe euskaraz berba egiten hasten zirelako eta horrela eraztunaz libratzen zen.
ZERGATIK DUDAN ISTORIA HAU HAIN GOGOAN?
Istoria hau ikaragarri gustatzen zitzaidan txikia nintzenean; izan ere, oso irreala iruditzen zitzaidan eta ez nuen inoiz sinisten kontatzen zidatenean; horregatik, behin eta berriro kontatzea eskatzen nien faltsua zela demostratzeko. Hainbestetan kontatu zidaten istoria izugarri gustatu zitzaidala. Gaur egun, istoria erreala dela uste dut eta asko gustatzen zait, asko harritzen nauelako garai hartan pasa zenak. Gainera, nire amonarekin identifikatuta sentitzen naiz berba egitea asko gustatzen zaidalako.
**********************
ARANTZAZUKO AMA BIRJINAREN KONDAIRA
1469. urtean Rodrigo de Balsategi oñatiar artzaina bere artaldea zaintzen zegoen gaur egun Arantzazu den zelaietan. Egun hartan arantzen artean zebilela, elorri batean Ama Birjinaren irudi txiki bat aurkitu zuen. Bere ondoan zintzarri bat zegoen zintzilik. Orduan artzainak harrituta galdetu zion Ama Birjinari “Arantzan zu?”. Artzaina lasterka jaitsi zen herrira eta herritarrei ikusitakoa azaldu zien. Momentu horretan erabaki zuten Ama Birjinari eliza bat eraikitzea artzainak irudia ikusi zuen leku berean, eta elizari eta inguruari Arantzazu deitzea erabaki zuten. Ordutik beti egon da eliza bat Arantzazun. Urteak joan ahala, eliza desberdinak eraiki dira. Gaur egun santutegia da eta frantziskotarrek zaintzen dute. Santutegian Ama Birjinaren irudia dago eta eskuan zintzarri bat dauka. Arantzazu Gipuzkoako zaindaria da. Milaka bisitari eta erromes gerturatzen dira urte osoan zehar. Bestalde, bere jaia irailaren 9an ospatzen da urtero. Gainera, neska asko daude Arantza, Aran… izenarekin, Arantzazutik datozenak.
Nire aittaitta Araotzekoa da. Araotz Arantzazutik gertu dagoen Oñatiko auzoa da eta betidanik aittaittaren familia Arantzazu egunean bertara gerturatu da meza nagusia entzutera. Kondaira hau asko gustatzen zait; izan ere, nire aittaittak txikia nintzenean kontatzen zidan eta nire aittaittari bere aiton-amonek kontatzen zioten.
**********************
Aguraingo sorginak
Dakizuen bezala, Agurainen esaten da sorginak egindako etxe moduko bat dagoela arrokez eginda (Sorginetxe deitutakoa). Harri mugerrezko gezi puntak eta giza gorpuzkiak aurkitu dira hor.
Agurainen sorgin asko egon dira, baina, horrelakoak hiru dira: Zokorra, Pipera eta Morena. Hirurek fama handia izan dute, eta oraindik Zokorra bizirik dagoela pentsatzen da, baina, txo, sekretu bat da, e! Pipera eta Morena sutan erre zituzten, Zokorrak ihes egin zuela esaten da. Nahiko maltzurrak ziren, gauetan batez ere…Dakidanez, herriko jendeak entzuten zituen gauean abesten. Sorginkeriak egiten ari zirela argi daukat.
Sorginetxean egon naiz askotan aiton-amonekin batez ere. Aitonak gauean beti beldurra ematen zidan, gaizki portatzen nintzenean, Zokorra nire bila etorriko zela esaten zuen. Beraz, ni ondo portatzen saiatzen nintzen. Agurain nire herria izanda, lagunekin askotan gauez han egon naiz eta zelako izualdia! Kuadrillako mutilak gure bila etorri ziren sorginez jantzita. Urtero Iñauterietan joaten gara Sorginetxera sorginez jantzita. Ikusiko ahal dugu Zokorra noizbait?
Zergatik duzu hain gogoan kondaira hori?
Kondaira hau txikitatik kontatu didate eta nire herrikoa izanda, ilusio handia egiten dit. Beraz, kondaira partekatu nahi nuen guztiekin besteak ere horretaz gozatzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina