2018/09/28

BOLEIBOL TALDEA

Astelehenean, lehenengo jolastorduan (11:00), boleibol taldea aurkeztera etorriko da Ainhoa entrenatzailea. Araba gelan izango da hitzordua. Bertan erabakiko dira entrenamendu egunak eta orduak. Interesa duzuen DBH3ko, DBH4ko eta batxiko neskentzat da deialdia. 
Animatu!

2018/09/24

ARMENTIARRAK ARRAUN THE WORLD! Datorren urtean antolatu beharko dugu txapelketa moduan, ez?

ERLAXATZEKO MOMENTUA

Uda bukatu da. Beti guztiok esaten dugun bezala, azkarregi pasata. Ondo hausnartzen badut, hainbat gauza egin ditut. Esperientzia polit pila bat eduki dut, eta nik uste kontatzeak eta birgogoratzeak lagundu egingo didala kurtso honi aurre egiten.

Uztailak 29. Lagunekin Alcoceberrera. Pozez beteta. Denbora asko pasatu nuen Gasteizen, eta hondartza botatzen nuen faltan. Gainera, esperientzia borobiltzeko, bi lagun nirekin hotelean. Hainbat egun deskantsatzen eta erlaxatuta, Gasteizen ez dugun klima mediterraneoarekin. Goizean hondartza, arratsaldean igerilekura, eta gauean paseoa herritik. Etsipenez oroitzen dudan errutina. Egunak pasa eta pasa, eta konturatutakoan, etxera bueltatu behar. Egia esanda, oso espeziala izan zen niretzat, lagunekin oporretan joateko aukera ez delako beti azaltzen.


Esperientzia polit honetaz gozatu eta gero, astebete pasatu nuen Gasteizen, lagun eta familiarekin. Horren ostean, Cadizera. Oraingoan gurasoekin bakarrik, baina disfrutatzen berdin-berdin. Eraikin eta hirian dauden hainbat leku zoragarri ikusi nituen, baina, hala ere, niretzat hoberena hotelean eta hondartzan deskantsatzea izan zen. Cadizeko kostaldeak bi bereizgarri ditu: haren hondartzak oso luzeak direla eta jende gutxi dagoela han. 12 egun igaro nituen han.



Orain oporrak bukatu dira, baina ziur asko esan dezaket zorte handia dudala familia eta lagun hauetaz gozatzeko aukera edukitzean. Dudarik gabe, hauek izan dira nire bizitzan pasa ditudan opor hoberenak.


“UDA 18”

-Ai ama! Nork pentsa irailak 11 denik jadanik. Momentu hauetan ikastolan sartuta nago testu, erredakzio edo dena delako hau idazten. Atzo zen Ingalaterrara abiatzeko bezpera, urduritasun zurrunbilo horrekin ekainaren 29ko gauean. Gau hartan ez nuen ezertxo ere lorik egin, baina noski hurrengo egunean zer nolako logura, eta ez nuen hegazkinean lo hartzeko asmorik; beraz, zombie baten aurpegia nuen ehuneko ehunean. Aireportura iritsi bezain pronto, a zer lotsa! Aurpegi guztiz ezagunak… St. Neots zen gure herria eta hara iristerakoan, bai zurrunbiloa. Familiak etxera eramandakoan, hau beldurra. Haiek esan bezala, 1740. urtean egindako etxea zen. Han kristoneko lagunak egin genituen, Donostiakoak gehienak. Egunak joan eta egunak etorri... Zer nolako abenturak! Azkenengo astean nire logelan egoten nintzen, gauzak batzen izaten nintzen eta halako batean hara non arratoi bat sartu zitzaidan logelan. Hau dek hau zorte txarra!


Ingalaterratik bueltan, hainbeste espero izandako Gasteizko jaiak iritsi ziren. Abuztuak 4, jaien hasiera. Lagunekin geratu nintzen arratsaldeko 5:30etan Zeledonen jaitsiera ikusteko eta jaiei hasiera emateko. Faltan botatzen ditut unibertsitateetan izandako gau horiek, jende berria ezagutzen eta kristoneko barreak botatzen elkarrekin. Egia esan, nire ustez, festetako hoberena bertan egiten dituzun lagun berriak dira; izan ere, gero kaletik ikusten dituzunean eta jaietako gauak gogoratzean, oso oroitzapen onak etortzen zaizkizu burura.



Jaiak pasatakoan, 23ko goizean Madrilera joan ginen nire ama eta biok Barajaseko aireportura handik Budapestera abiatzeko asmoz. Hiru ordu ziren hegazkinez eta egia esan, beharra nuen. Hiru orduak pasa nituen lotan. Esnatzerakoan, sustoa hartu nuen hegazkin batean nengoela-eta. Hurrengo egunean Budapest puntatik puntara zeharkatu genuen eta nekatzen hasitakoan, hotelera joan ginen atseden hartzera. Budapestetik Vienara joan ginen trenez. Viena hiri bezala oso oso garestia zela entzunda nuen, eta hala zen. Dena den, Budapest bezainbeste gustatu zitzaigun Viena. Hurrengo geltokia Praga izan zen. Nire ama eta biok harrituta geratu ginen Praga ikustean lehenengo aldiz gaua bazen ere. Pragak bi zati dituela esan dezakegu. Bat Gaztelua eta hango inguruak eta ibaiaren beste aldean Hiri Berria. Ikaragarria izan ziren hiru egun horiek Pragan. Argazki kamera petatuta ekarri genuen etxera. Baina bertatik gehien gustatutakoa John Lennonen horma-irudia izan zen, jendeak nahi zuena idatzi ahal zuelako bertan: izenak, datak, hizkuntza ezberdinetako esaldiak…

Uda mugitua izan dudala esan dezaket, ezta? Handik hara, hortik hona, zenbat buelta... Desiratzen nago datorren uda iristeko eta geroz eta urrunago bidaiatzeko!


BOST ZENTZUMENEZKO BIDAIA


Madriletik hartutako hegazkinak Marrakechen utzi gintuen azkenean. Hegazkinetik jaitsi eta klima bero hura sentitu nuen. Etxean sentitu nintzen azkenik. Aireportuko atetik atera bezain pronto, osaba Abdeslam ikusi nuen. Bere kotxean igo eta etxera joan ginen. 

Lehenengo eguna Marrakechen pasatu genuen, eta bigarren egunean Ouzudeko ur-jauzietara joan ginen, Marokoko ur-jauzi altuenetara. Gero, Ouarzazate zeharkatuz, Dadesera joan ginen, eta han pasatu genuen gaua. Dades haizpitarte sakon-sakona da, eta haren paisaiengatik ezaguna da. Hurrengo egunean, geldialdi bat egin genuen Todrako zintzurretan. Haien ezaugarri nagusiena 300 metro baino gehiagoko paretak dira. Eta jarraian, Saharako basamortura joan ginen gaua pasatzera. Hurrengo goizeko seietan esnatu ginen, gameluan igota egunsentia ikusteko. Kotxea berriz hartu, eta Ouarzazate ikustera joan ginen. Berriz Marrakechera bueltatzeko ordua heldu zen, gure azken egunak pasatu genituen han, eta pena handiz etxera bueltatu ginen. 

Chookran Maroko, hurrengora arte!


Jama al Fnaa plaza


Ouzudeko ur-jauziak

  









    Saharako basamortua eta Todrako zintzurra





KANTAURI ETA MEDITERRANEO ITSASOEN BARNEAN

Kantauri itsasoaren herri txikitxo batean pasatzen ditut nire oporrak: Gabonak, Aste Santuak, eta batez ere, uda. Herri hau Mundaka da. Mundakan, nire amonaren etxean pasatzen ditut oporrak, baina aurten nire ama, aita eta ni Mediterraneoko herri batera joan gara 10egun pasatzera, hau Empuriabrava da.

Mundakan kuadrillakoak leku askotakoak gara: Bilbo, Mexiko, Bartzelona, Mallorca, Mungia... eta gauza piloa egiten dugu: frontoira joan, portuan bainatu... Mundakan egotea asko gustatzen zait egun osoa kalean ematen dudalako. Mundakan, udan, ekintza asko antolatzen dituzte: Mundakako Musika Festibala, Euskal Jaia, Mundakako jaiak, Kalerik-Kale antzerki jaia...Udan herri hau jendez beteta egoten da, bai udatiarrak, bai bidaiariak. Neguan, berriz, herria hutsik geratzen da, herritarrak eta asteburuetan joaten garenok bakarrik egoten gara.

Uda honetan nire familia eta ni, Mediterraneo itsasoko herritxo batera joan gara, Gironan kokatutakoa. Honen izena Empuriabrava da, eta herri hau espainiar Venezia deitzen dute herriaren erditik pasatzen diren kanalak direla- eta. Herri honetatik abiatuta, beste herri batzuk bisitatu ditugu bai barrualdean, bai kostaldean. Barrualdeko herriak Erdi Aroko herriak dira: Pals, Peratallada, Besalú… Kostaldeko herriak oso aproposak izan dira urpekaritza egiteko eta uretako kirolak egiteko: Cadaques, Calella de Palafrugell, Llança, Port de la Selva…

Uda honetan oso ondo pasatu dut.

2018/09/17

Patioaren erabilera

ASTELEHENA
DBH1: Futbol zelaia
DBH2: Saskibaloi zelai txikia
DBH3: Saskibaloi zelai handia
DBH4: Frontoi alboko “zelaia


ASTEARTEA
DBH1: Frontoi alboko “zelaia”
DBH2: Futbol zelaia
DBH3: Saskibaloi zelai txikia
DBH4: Saskibaloi zelai handia



ASTEAZKENA
DBH1:  Saskibaloi zelai handia
DBH2: Frontoi alboko “zelaia”
DBH3:Futbol zelaia
DBH4:Saskibaloi zelai txikia



OSTEGUNA
DBH1:Saskibaloi zelai txikia
DBH2: Saskibaloi zelai handia
DBH3: Frontoi alboko “zelaia”
DBH4:Futbol zelaia



OSTIRALA
Hilabeteko 1. astean astelehena bezala, 2. astean asteartean bezala, 3. astean asteazkena bezala eta 4. astean ostiralean bezala.

GAZTE SORTEGIAK


SORMEN ESKOLA

Urritik apirilera bitartean, "Gazte sortegiak sormen eskola egingo da Oihaneder Euskararen Etxean, astelehenero, 17:00-18:30 artean.

- 14-18 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena da (DBH 3-4 eta Batxilergoko 1-2 mailan daudenei).

- Oihane Pereak, Jon Basagurenek, Unai Lopez de Armentiak eta Maider Oleagak bertsolaritza, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoen laborategiak landuko dituzte bertan, hurrenez hurren. 

- Amaieran sormen asteburua egingo da Arabako herri batean.

Izena emateko epea irailaren 10etik 24ra bitartean egongo da zabalik. 

- Eskolak (amaierako sormen asteburua barne) 100 €ko prezioa du.

Norbaitek interesik badu, harremanetan jar dadila Amaia Ruiz de Azuarekin (emailez - aruizdeazua@armentiaikastola.eus - edo zuzenean irakasle gelan).




2018/09/12

PARKOUR ESPAZIO BERRIA GASTEIZEN


PARKOURa frogatu nahi? Ostiral eta larunbat honetan aukera bikaina daukazu, izena eman eta ez galdu.


2018/09/10

I. ARMENTIARRAK ARRAUN THE WORLD

Oihanederrek, Euskararen Etxeak, egin bezala aurten "ARMENTIARRAK ARRAUN THE WORLD" ekimena abian jarri nahi dugu guk ere. 

Baietz gure irakasle bidaiariak Oihanederren aurkeztu bezain bidaia gozagarri eta interesgarria zuek ere erakutsi! Anima zaitezte! Irailaren 17ra arte aurkez daitezke lanak. 

Horra hor gure lagunaren lana eredu.

PAMIR MENDIETAN (ZETAREN BIDEA DESEGITEN)



Tajikistan eta Kirgizistan. Gaur egun mapetan kokatzea ere hain zailak izan arren, herrialde hauetan barna zihoan garai batean Asia eta Europa arteko merkataritza-bide sare ezaguna: Zetaren Bidea. Erdialdeko Asian kokaturik, Sobietar Batasunaren zati izandakoak, bi errepublika txiki hauetan Zetaren Bideak Pamir mendilerro erraldoia gurutzatzen du eta bertara, lurrak eta zeruak bat egiten dutela dirudien Pamir lurralde horretara, jo genuen uztailaren erdialdean: Ainhoa, Irati, Joseba eta Koldo, lau lagun, lau bizikleta.

Duxanben, Tajikistango hiriburuan, lur hartu eta Pamir mendiak gurutzatzen dituen Pamir Highway bidean barna ibili ondoren, hilabete beranduago eta 1.453 kilometroren ostean iritsi ginen Kirgizistan hegoaldeko Osh hirira. Sobietar garaia gogoratzen duen Duxanbetik irten bezain pronto zain geneuzkan mendi erraldoiak. Panj ibaiaren ondotik, ibaiaren bestaldean Afganistan genuela, Wakhan bailara isolatua zeharkatu genuen Hindu Kusheko menditzarren ikuskizunaz gozatuz. 4.332 metroko mendatea zeharkatuz Pamir lurraldearen erdian kokatzen den Murgab herri nagusira iritsi ginen. 4.000 biztanle ingururekin erraldoia dirudi inguru hauetan. Murgab utzita zain geneukan bidaia honetako sabaia: Ak-Baital mendatea (4.655m). Handik gertu, Karakul laku erraldoiaren ondotik pasa orduko agur esan genion Tajikistani Kirgizistanera sartzeko. Bertan, belardi zabal, yurta eta abere artean Uzbekistandik hain gertu dagoen Osh hirira iritsi ginen.

Hain ongi josiak dauden lur idor hauetan, batzuetan igarotzeko zirrikiturik aurkituko ez genuela pentsatu arren, poliki-poliki, paisaiaren edertasunak lagunduta, bide gogorretako loturak askatuz joan gara eta, konturatu orduko, hain arrotza zirudien lur haren zatitxo bat guregan dugu. Tartean Tajik eta Kirgiz jendeak momentu ahaztezinak eskaini dizkigute irribarreen epeltasunean. Hain gertu egonagatik hain urrun dauden bi herri, ukitu arren, nahasten hain zailak. Hain berdin, hain desberdin.


 Mendateak
Zubiak. Loturak
Ainhoa non da?
Hindu Kush mendilerrroa. Zerutik gertu
Kanpaldia Pamir mendietan
Yurta: mobil home
Adarrak
Ikuskizunak jarrai beza

2018/09/07