NIRE UDA
Hemen gaude berriro, agindutako lana egiten. Hitz egin gabe, denok lasai-lasai, bakoitza bere lekuan eserita, nire atzekoa izan ezik. Nik bitartean nire uda nolakoa izan den oroitzen. Uda hau oso azkar pasatu da. Beti zerbait egiten. Uda hasieran familiarekin Galiziako kostatik ibili nintzen, oso gustura egon ginen, Sanxensotik, Finisterretik... Finisterre izenak latinez "lurraren amaiera" esan nahi du. Leku oso polita da. Bertatik itsasoa ikusten da, eta super zabala denez, amaigabea dirudi eta gu munduko gauza oso txikia garela konturatzen zara. Hondartza eta herri oso bereziak ere aurkitu genituen eta, gainera, oso jende gutxi zegoenez, asko gozatu genuen.
Galiziatik itzuli ondoren, nire leku gustukoenera joan nintzen, herrira. Bertan libre sentitzen naiz, denbora azkar pasatzen zait. Han nahi dudan lekura joan naiteke, baserrira animaliekin egoteko, ondoko herrira bizikletaz, mendira, txabolara ,... Gainera, nahiz eta astea oso lasaia izan, asteburu gehienetan ondoko herrietako festetara joaten ginen, (Zuñiga, Ullibarri, Alda, San Vicente,...) Dantzatzen eta disfrutatzen denbora oso azkar pasatzen zen.
Abuztuan, Gasteizko jaiak heldu ziren. Jaiak hasteko, txupinazoan egon nintzen lagunekin, eta ziztu bizian etxera joan nintzen dutxatzera, gero gauean E.T.S taldeak joko baitzuen eta hura lagunekin ikusteko geratu nintzen. Kontzertua asko gustatu zitzaidan baina bukatu bezain laster, etxera joan nintzen; izan ere, hurrengo egunean oso goiz esnatu behar nintzen, ikurrinaren omenaldian dantzatzen nuen eta. Dena oso ondo atera zen, eta bakarrik jaietaz gozatzea falta zen. Eta hori egin nuela ziurtatzen dizuet. Kontzertu askotara joan nintzen, baina kontzertu batekin geratu beharko banintz, Rotten XlIl taldeak egindakoarekin izango litzateke. Herriko lagunekin geratu nintzen bertara joateko, Gasteizkoek ez dutelako gustuko musika estilo hori.
Oso gustura egon nintzen. Bat-batean, nire abesti gogokoena jotzean, hanketatik heltzen ari zitzaizkidala konturatu nintzen, eta pertsona baten sorbaldan eserita nengoela konturatu nintzen. Pertsona hori nire neba zela ohartu nintzen. Bere lagunekin niregana etorri zen sorpresa hau emateko eta Noain abestiaz elkarrekin gozatzeko. Momentu zoragarria eta oso oso polita izan zen niretzat. Hainbeste jai eta gero, benetan deskantsatzeko ordua heldu zen eta herrira joan nintzen familiarekin denbora pasatzeko. Espero dut kurtsoa uda bezain azkar pasatzea.
BIZITZA GOZATZEKO DAGO
Ikastola atzo bukatu genuela dirudi eta jada ikasturte berria hasi da. Zein azkar pasatzen den denbora! Halere, denbora tarte honetan bizipen bikain pila bat izan dut lagunekin eta familiarekin batera.
Le Tour de France |
Frantziako Tourra Euskaditik atera da eta txirrindularitzaren jarraitzaile zintzo bezala, uztailaren lehenengo egunean Bilbo ingurura joan nintzen etapa ikustera. Hurrengo eguneko etapa Gasteiztik atera zen. Oso berezia izan zen munduko txirrindulari onenez gozatzea etxetik hain gertu. Azken hau gutxi izan balitz bezala, hiru egunen ostean Pirineoetara joan ginen aita, ama eta hirurok Frantziako Tourraz gozatzen jarraitzeko. Aita eta biok Col du Tourmalet eta Col de la Pierre St Martin igo genituen, txirrindulariak pasa baino ordu batzuk lehenago. Esperientzia paregabeak bizi ditut udan eta hauetariko bat Frantziako Tourra jarraitzea izan da, dudarik gabe.
Hurrengo bi asteak Gasteizen eman nituen lagunekin batera igerilekura joaten, Armentiatik korrika egiten, futbolean jolasten… Baina uztailaren azken egunean Sardiniara abiatzeko ferrya hartu behar genuen; beraz, autokarabanan joan ginen Bartzelonako portura. Hurrengo egunean Porto Torresera heldu ginen. Hiru aste eman genituen uharteko txoko politenak bisitatzen. Hondar zuri eta ur gardeneko hondartza xarmagarriak, xarmaz betetako herri eta hiri politak, gastronomia gozoa, esperientzia berriak… Eta, noski, bidaia honen alderik onena familiarekin egitea izan da.
******************************
GREZIAKO BIDAIA
Aurtengo udara ezinobea izan da. Hainbat bidaia egin ditut udaran zehar baina gehien gustatu zaidana gurasoekin Greziara joan naizenekoa izan da. Hamabi egun pasatu nituen bertan. Lehenengo hiruretan Atenasen egon ginen, Greziako hiriburuan eta hurrengo bederatzi egunetan Creta irlan zehar.
Abuztuaren 14an abiatu ginen hirurok. Madrilen hartu genuen hegazkina eta 3 ordu pasa ondoren, Atenasera heldu ginen. Lehenengo egunean begiratoki batera joan ginen eta eguna ilundu orduko, bertan hiriburu guztia ikusteko aukera izan genuen. Afaltzera jatetxe greziar batera joan ginen. Hurrengo egunean Atenaseko monumentu famatuenera joan ginen, Partenoira. Seguraski ezaguna egingo zaizue. Bero handia pasatu genuen baina merezi izan zuen. Oso leku polita da eta bertako historia miresgarria iruditu zitzaidan.
Abuztuaren 17an Atenas hiriburua utzi eta Creta irlara joan ginen. Creta Greziako irla handiena da. Bertan kotxe bat alokatu eta 9 egunetan irla gurutzatu genuen. Lehenengo geldialdia Agios Nikolaosekoa izan zen, itsasbazterreko herrixka famatuenetariko batekoa. Herrixka hartan oso ezaguna den laku bat bisitatu genuen eta afaltzera bertan zegoen betiko jatetxe batera joan ginen.
Abuztuaren 21ean autoa ondoan zegoen herrian utzi eta itsasontzia hartu genuen Agia Roumelira joateko. Deskantsatzeko leku paregabea da, baita urpean igeri egiteko ere, ez baitago kutsadurarik, ezta auto zaratarik ere. Agia Roumelin Samariako arroila dago bertan, Europako arroila luzeena da. Bide hori egiteko asmoa genuen, baina egun batzuk lehenago gertatutako lurrikara zela-eta itxi egin zuten turisten hobe beharrez. Horrek ez zigun eragotzi bertako itsaso gardenaz gozatzea.
Abuztuaren 22an Chania hiria bisitatu genuen. Hiri hau oso bitxia da, ez delako betiko greziar hiri zuri horietakoa, Veneziara bidaiatu izan bazenu bezala da. Hiri honi ere Ekialdeko Venezia deitzen zaio veneziarrek eraikitako portua eta itsasargia dela-eta.
Abuztuaren 24an gure azkenengo geldialdia egin genuen. Hiru egun igaro genituen hainbat hondartzatan, Pelekanos, Elafonisi eta Kissamosen besteak beste. Egun hauetan deskantsatzeko aukera izan genuen eta ilunabar paregabeak ikusi genituen. Nire ustez, ez dago Greziako bidaia amaitzeko modu hoberik.
Hau izan da nire gurasoekin izandako bidaia. Oso ondo pasatu dut Grezian. Aukera baduzue gomendatzen dizuet familia edo lagunekin Greziara joatea; izan ere, ez zarete damutuko.
Jadanik irailan gaude. Ikastolan, nagi handiarekin baina gogotsu hurrengo udarak zein sorpresa emango digun zain.
Uda ezin hobea izan da.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina