2018/02/23

Barruak hustea, sendatzeko
1976ko martxoaren 3ko gertakarietan emakumeek bete zuten rola aztertuta, liburu bat kaleratuko dute hiru kazetarik. Askotariko andrazkoen lekukotzak jaso dituzte, haien «memoria isildua» berreskuratu nahian. Bizi izandakoa lehen aldiz kontatzeak sufritutakoa osatzeko balio izan die.

Emakume bati galdetzen badiozu martxoaren 3ko gertakariak nola bizi izan zituen, bere senarrak, bikoteak edo semeak i zandako esperentziak kontatuko dizkizu. Andrazkoek, oro har, ez diete baliorik ematen euren bizipenei». Errealitate gordin horrekin egin dute topo Zuriñe Rodriguez, Itziar Mujika eta Nora Miralles kazetari eta ikerlariek 1976ko martxoaren 3an Gasteizko gertakari lazgarrietan emakumeek bete zuten rola ikertzeko orduan. «Emakumeen memoria isildua eta ahaztua egon da, eta hura berreskuratzea haien zauriak osatzeko ezinbestekoa da». Helburu hori hartuta, tragedia bizi izan zuten emakumeen hainbat lekukotza bildu dituzte hiru kazetariek, liburu bat osatzeko. Memoria berreskuratzeko nahi horretatik, «barruak husteko» eta «samina sendatzeko» saioa ere egin dute elkarrizketatuak izan diren andrazkoek. Horixe izan da ikerlanak egin duen ekarpenik behinena.

Duela 42 urte Espainiako Poliziak bost lagun hil eta ehunka zauritu zituen Gasteizen, langileak batzartuta zeuden San Frantzisko eliza hustuta. Emakumeek gertakari horietan izan zuten protagonismoa iruditeria kolektiboan presente badago ere, sekula ez da haien lekukotza zuzenik jaso, ez da haien ahotsa entzun, eta ez da haien parte hartzearen garrantzia nabarmendu. Gizarteak berak isilarazi eta ahantzi ditu, Rodriguezek azpimarratu duenez: «Gizonezkoen lana aitortzeko eta emakumezkoena ahazteko joera dugu, gizartea bera matxista eta patriarkala delako».

Fabriketan lan egin zutenak eta grebara joan zirenak, asanbladetan parte hartu zutenak, protestetan ez egonagatik beste edozein modutan lagundu zutenak, Zaramaga auzoan aste horiek intentsitatez bizi izan zituztenak, zaurituak artatu zituztenak, biktimen lagun eta senideak, etxekoandreak, feministak, sindikalistak,... Askotariko emakumeen bizipenak jaso dituzte hiru ikerlariek kontaketa kronologikoa duen hamar ataleko liburuan. Guztira, 30 bat emakumeren istorioak bildu dituzte, baina beste asko eta asko kanpoan geratu dira, espero baino emakume gehiago animatu direlako haiekin hitz egitera. Eta horrek, berez, badu alde positibo bat, Rodriguezen ustez: «Itxita zegoen meloia ireki dugu, eta katarsi sozial bat gertatu da».

Piketea Forjasen

1970eko hamarkadan ugariak ziren liskarrak euskal fabrika eta tailerretan, eta errepresioa nagusi kaleetan. 1976ko urtarrilaren 9tik, Gasteizko Forjas Alavesas enpresako langileak greban zeuden, eta hilabete hartan bertan, beste 30 enpresak grebari ekin zioten. Egoera nahasi horretan, langileen emazteak kaleak hartuz joan ziren, protesta gisa. Besteak beste, kaleetan masiboki agertu ziren erosketako saski hutsak eskuetan zeramatzatela, senarrak greban egonda dirurik ez zutela salatu nahian. Bilerak antolatu zituzten, eta erresistentzia kutxa ere elikatu zuten, etxean laguntzeko.

Emakume langileak ere baziren. Horietako bat zen Pilar Barrena. Forjas Alavesas enpresan behar egiten zuen, Gasteizko jazoerak izan zirenean. Hilabeteak zeramatzaten lan baldintza duinen alde borrokan, eta bera protesta horietan ibiltzen zen, lehen lerroan. Pasionaria ezizena jarri zioten, borrokarako erakutsitako grina eta adoreagatik. «Goizeko seietan pikete lanak egiten ibiltzen nintzen, gurpilak erretzen, greba egunetan gizonezkoekin kartetara jokatzen egoten nintzen... Eta hori dena urtebeteko alaba bat etxean utzita».

Berak bezala, beste hainbat emakumek ere kaleetako protestetan parte hartu zuten, baina, Barrenak dioenez, horietako gehienak euren senarren lan eskubideen alde borrokatu ziren. Bera, ostera, ez. «Ni ez nengoen kalean inoren emaztea izateagatik. Ni kaleratutako langile bat nintzen, eta hiru hilabete igaro nituen kalean, jo eta su borrokan».

Forjas enpresan emakume langile gutxi ziren. Eta lanuzteak egin zituzten guztiak kaleratuak izan ziren. Emakumeen borrokaren garrantziaz hasieratik jabetu zen Barrena, baina matxismoa ere pairatu zuen langileen artean. «Asanbladetan hitza hartu nahi nuen, baina isiltzeko esaten zidaten, etxera joateko bazkaria prestatzera, han ez nuela ezer egiten». Baina ez zuen etsi, eta kalean borrokatzen jarraitu zuen: «Ez nintzen ezeren beldur».

Borrokan ere matxismoa

Ez zen samurra emakume langileen rola 1976ko gertakarien testuinguruan. Kremailerak egiten zituzten Areitio lantegiko emakumeek ongi dakite hori. Beharginik gehienak emakumeak ziren, eta grebara jo zuten soldata berdintasuna eskatzeko, baina gizonezkoek ez zituzten babestu euren aldarrikapenetan. Areago, gizonek lantokia bi egunez irekitzea erabaki zuten, «lotsa» ematen zielako emakumeekin batera grebara joatea. Andrazko horien lekukotza gogora dakar Rodriguezek: «Aitortzen dute zailena gizonezko lankideekin borrokatzea izan zela».

Bestelako zereginetan ere aritu ziren andrazko askoren lekukotzak bildu dituzte, besteak beste, zauritutakoak artatu zituzten erizainenak. Horietako askok, ordea, apenas ematen dioten garrantzirik orduan egindako lan nekezari. «Gogoan dut erizain bat elizaren kanpoaldean Poliziaren aurrean egindako lasterketak kontatzen ari zitzaidala, eta nik galdetu nion: 'Eta zuk zenbat lasterketa egin zenituen ospitalean zaurituak artatzeko?' Bat-batean, barruan zerbaitek krak egin zion, eta negarrez hasi zen. Konturatu zen egindakoa sekulakoa zela».

Begoña Aranburuzabala Aranako klinikan ikasten ari zen, Gasteizen tragedia gertatu zenean. «Esan zioten aulkiak eta mahaiak leihotik botatzeko eta lurrean koltxoiak jartzeko, zaurituak artatzen hasteko», gogoratu du Nerea Martinez alabak. Amak bizi izandakoa ongi ezagutzen du Martinezek, etxean oso presente egon delako txikitatik 1976ko tragedia —Pedro Maria Martinez Ocio osaba tiroz hil zuen poliziak—.

Egun, Martxoak 3 elkarteko ordezkaria da Martinez, eta uste du ezinbestekoa dela emakumeek Gasteizko gertakarietan izandako rola aitortzea, ahatz ez dadin. Amaren erreferentea gogoan du ordukoaz mintzo denean: «Emakumeen laguntzagatik izan ez balitz, orduko grebak ez zukeen lortuko lortu zuen indarra. Egiten zekitena egin zuten, eta gainerakoekin partekatu zuten. Horrek indarra eman zion borrokari, zalantzarik gabe».

Etxeak eta kafea

Hiru kazetariek egindako lanak errealitate bat uzten du agerian: orduko sarraskia, lan munduko giro gatazkatsua eta gizarte arazoak ez zituztela modu berean bizi emakumeek eta gizonek. «Emakume askok esan digute egin behar zutena egin zutela, besterik ez. Eta ez dira ohartzen egin zuten hura garrantzi handikoa dela», azaldu du Rodriguezek. Besteak beste, Poliziaren oldarralditik ihes egiten zuten grebalariei etxeko atea ireki eta kafea eskaini zieten andreak oroitu dituzte kazetariek liburuan, errepresio giroan etxeak babesleku bilakatu zituztelako.

Emakumeen asanbladek Gasteizen izan zuten garrantzia ere nabarmendu dute, bilkura horien atzean zegoen errealitate krudela agerian utzita. Rodriguezek azaldu duenez, emakumeak izan ziren lan gatazkak konpontzea gehien desiratzen zutenak, gatazka soziala handitu ahala, matxismoak eta emakumeen aurkako indarkeriak ere gora egiten zuelako etxeetan. «Badakigu borrokaren inguruko errelato mitikoa apurtzen duela hori kontatzeak, baina erreparazioaz hitz egiten badugu, andrazkoei eragindako saminaz ere hitz egin beharko dugu. Erreparazioak kolektiboa ez ezik, soziala ere izan behar du».

Erreparazioa lortzeko, baina, lehenik eta behin sufritutakoa kanpora atera behar da. Hori delako «osatzeko» lehen pausoa, Rodriguezen ustez. Hala uste du, halaber, Barrenak: «Bizi izandakoaz hitz egiteak sendatzeko balio izan dit, noski». Andrazko askorentzat, duela 42 urte bizi izandakoa kontatzea prozesu «terapeutikoa» izan dela uste du Martinezek ere: «Sekula inori kontatu ez diotena atera dute, eta lagunak eta familia txundituta geratu dira».

Liburuan jasotakoak baino lekukotza gehiago badira, eta horiei ahotsa emateko asmoa dute Rodriguezek, Mujikak eta Mirallesek. Hemendik aurrera elkarrizketatuko dituzten emakumeen testigantzekin audio base bat osatuko dute, haien memoria ere gal ez dadin eta edozeinek eskura izan ditzan. «Komunikabideek ez dute aitzakiarik izango martxoaren 3ko gertakariez hitz egiten dutenean emakumeen ahotsik ez sartzeko».

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina