2017/05/24

armentiberria

Iritzia    

2017-05-24 / DBH 3ko ikaslea

AZELGAK REBOZATUTA


11.jpg
Igande gaua zen. Asteburua amonaren baserrian pasatu eta gero, goiz afaldu eta Gasteizera itzultzekotan ginen. Amak azelga rebozatuak prestatu zituen eta amonak zera kontatu zigun honen harira: Bere aitak, Fernando Apaolazak, izugarrizko nazka zien saltsa beroan patatekin batera flotatzen zuten azelga pusketei. Belar txar bat besterik ez zela zioen eta lekak edo indabak edukita halako jakiak zer dela-eta jaten ziren galdetzen zion bere buruari. Kontua da zapatu batzuetan, noizbehinka, Alegiara edo inguruko beste edozein herritara joaten zela lagunekin apur bat egotera. Amona eta gainerako guztiak zurrungaka zeudela, ilunpean, heldu zen etxera. Sabina Oiarbidek, nire birramonak, senarrari afaltzeko zertxobait utzita alde egin zuen ohera. Hurrengo goizean, bart beteta utzitako platera hutsik ikustean, zera esan zion Fernandori: “Ikusten det. Atzo danak jantziñuzten…”. Birraitonak ederrak zeudela erantzun eta segituan bart gauekoak hainbeste maite zituen azelgak zirela aitortu zion Sabinak ezjakinari. Azelgak arrautza-irinetan pasatu eta aise irentsi zituen. Fernando sinetsi ezinik zegoen hain urruneko zituen azelgak horren gustura dastatu izana eta aurrerantzean, arazo gabe jan omen zituen azelgak.

Hau kontatuta, ondorio batera heldu nahi dut. Gai askorekin lotu daiteke lezioa, baina niri egoera hau ekarri dit gogora. Euskara pataten artean flotatzen duen azelga pusketa besterik ez da batzuentzat. Eskolan aprobatzeko edo lana bilatzeko belar bat besterik ez.

Lekak eta indabak edukita, zertarako jan azelgak? Arrautza-irinetan pasatu eta zaporea gozatzea da egin daitekeen gauzarik onena. Jendeari gustatuko zaion moduan prestatu behar da euskara, zapore gozo eta atsegina izan dezan, belar txarra izateari utz diezaion, leka edo indabak edo azelgen artean, jendeak euskara aukera dezan, zapore erakargarria izan dezan.

1 iruzkin:

  1. Zorionak, gogoeta benetan polita. Goazen ba denon artean euskara lehengai bezala duten plater goxo-goxoak kozinatzera!

    ErantzunEzabatu